05/10/2019

Juantxo Egaña
Jose Alfaro, Tafallako argazkilari errepublikanoa

Artikulua ilustratzen duen argazkia XX. mende hasieran egin zuen Jose Alfaro Cillero afizionatu tafallarrak (895-1979). Bertan Rekarteko presa ageri da, Tafallan izan berri diren uholdeak direla-eta aspaldion guztion ahotan izan den Zidakos ibaian. Irudiaren egilea Tafallako Zentro Errepublikanoaren fundatzailetako bat izan zen, joan den mendeko 30eko hamarkadaren hasieran, eta 1931ko apirilaren 14an herri horretako udaletxeko balkoira agertu zen Errepublika aldarrikatzeko. 1936ko gerra hasi zenean, atxilotu eta kartzelatu egin zuten. Iruñera eraman zuten, eta handik Ipar Euskal Herrira joan ahal izan zuen. Hamar urte eman zituen bertan. Argazkigintzarako zaletasuna, ustez, bere osaba Macario Alfarorengandik jaso zuen. Hura zinemaren aitzindarietakoa izan zen Estatuan. Bere argazkiekin, Jose Alfarok gizarte bizitza, jaiak eta eguneroko bizimoduaren eszenak dokumentatu zituen. Horrez gain, familia-erretratu eta argazkiak egin zituen. Gaur egun, argazkilari afizionatu tafallar hark egindako 1.280 negatibo dauzka gordeta bere familiak.