05/10/2019

Joxean Agirre
Kilometroak

Ikastolak izan dira joan den mendeko euskal inbenturik handienetako bat eta ez bakarrik eskolaren arloan, gelak garaiko pedagogia berriei ireki, diziplinaren kontzeptua hankaz gora jarri eta frankismo garaiko isiltasuna eta tristurak uxatuz umeak kantuan jarri zituztelako eta abar eta abar, baizik beste hainbat arrazoigatik ere. Horien artean nagusiena da ia-ia laborategian eraikitako euskara batuarentzat lehen proba eremua izan zirela eta, beste arrazoi bat aipatzearren, bertso eskolen lehen altsumak ere enbor horretatik atera ziren, eta eskola horiek gabe zaila da ulertzen gerora bertsolaritzak izan duen garapena.

Baina ez da hori bakarrik izan: gizarte arazoei erantzuteko modu parte-hartzaile bat ekarri zuen ikastolen mugimenduak, lan boluntarioa eta profesionala uztartzeko modu bat eta, gaur erakunde sendoa bada ere, jatorriz gizarte mugimendu ere badenez, irakaskuntza ulertzeko ekarpen teoriko batzuk ere eskaini dizkio sektoreari, publikotasunari buruzko ikuspegi berriago bat esate baterako. Arlo festiboan ere, zer izan da berritzaileagorik Kilometroen asmakizuna baino? Izan ere, mundu guztiak erabili du formula hori gero euskara, kultura, musika eta kirola elkartzen dituzten festak antolatzeko.

Bihar egingo dira Zarautzen ziklo zaharreko azken Kilometroak eta izan duten arrakastaren lekuko da boluntarioek egunerako izena emateko webgunea. Aurreko Kilometroetan festa bukatu eta hesiak erretiratzen egin nuen lan pixka bat eta handik hamabost egunera afari batean elkartzekotan gelditu ginen. Afari hori beste pare bat edo hiru aldiz errepikatu genuen.

Aurten ere asmo horrekin ireki nuen webgunea. Ez zait gaizki etorriko, nioen nirekiko, beti jende berarekin ibili gabe ezagutzen ez dudan jendearekin afari batzuk egitea. Urtean zehar beharbada langile faltan ibiliko ziren, baina ez zen posible biharkoan lanerako lekurik aurkitzea, lantalde guztiak “osatuta” zeudelako.

Datorren urtean, gogoeta prozesu luze baten ondoren, antolatuko dira ziklo berriko lehen Kilometroak. Seguru nago asmatuko dutela, baina beldur naiz ez ote duten ikusgarritasunean galduko, hain baikaude emanak, gure txikitasuna estaltzeko-edo, BECak eta estadioak betetzera, zeinek ibilbide luzeagoa egin, kontzertu erraldoiagoa antolatu lehiatzera, herri honetan ez baita ezer ganorazkorik egiten lehiarik eta nor gehiagorik ezean. Ea hurrengoan lanerako lekuren bat aurkitzen dudan ondoren afari batzuk egiteko. •