Nerea GOTI
BILBON, EMAITZA

Ahalduntze feminista, formakuntza eta lanbidea uztartzen dituen egitasmoa

Kontsumo arduratsua ikur duen Emaitza proiektuak formakuntza eta lana eskaintzen dizkie egoera zaurgarrian dauden emakumeei. Baina harago doa. Ahalduntzeko espazio horrek formakuntza feminista eta sukaldaritzaren ofizioan sakontzeko aukera ematen du. Hamar emakume dira eta menuak emateko prest dira.

Lapiko arteko egitasmoa da Bilbon martxan jarri dutena. Sukaldeak, jakina, ez dira soilik jakiak prestatzeko tokiak izaten. Saltsa ugariko guneak izan ohi dira, bai arlo domestikoan, bai profesionalean bai lagun artean. Espazio intimootan erabaki potoloak hartzen dira askotan, kezkak eta pozak azalarazten dira platerak prestatu bitartean, irri egin eta nekeak kontatu, istorioak mahaigaineratu eta konplizitateak landu.

Sutan dagoen lapikoaren aurrean jarrita, barrukoa errazago askatzen dela diote askok, erlaxazioa aurkitzen dutela beste batzuek. Baina, horrez gain, lana bilatzeko aukera ere izango balitz? Osagai horietako asko ditu Emaitza proiektuak, formakuntza eman eta lana bilatzea direlako asmo nagusiak. Baina askoz gehiago ere bada, egitasmo feminista bat delako eta helburu eraldatzailea duelako. Berritzailea ere bada, erabat.

Bilboko mapan, San Frantzisko auzoraino joan behar da Emaitza proiektuari kokapen fisikoa jartzeko. Zehazki, Gorte kaleko 10. zenbakian du abiapuntua egitasmoak. Helbide hori ez da, hala ere, Emaitzaren egoitza finkoa, ezta bakarra ere. Bertan du egoitza, hori bai, proiektuaren bultzatzailea den Errotik Kooperatiba Feministak. Egitasmoa, baina, zabala da bai planteamenduei bai espazioei dagokienez.

Kooperatiba feminista

«Sexismoa errotik erauzteko proiektuak diseinatzea eta martxan jartzea» du helburu Errotik kooperatibak, eta, bertako emakumeek diotenez, ardatz ideologiko hori «arlo ekonomikoan, lanean, gizartean, kulturan zein hezkuntzan» aplikagarria dela erakustea dute erronka.

Kooperatiba emakume talde batek eratu zuen duela urte pare bat San Frantziskon. Denek daukate ibilbide luzea feminismoan. «Errotik heldutako» proiektuak aurrera egiteko betebeharra ikusita, kooperatiba forma eman zioten egitasmoz beteriko proiektuari. Egun lau kide ditu kooperatibak eta beste lau langile kontratupean daude bertan lanean. Aholkularitza zerbitzuak ematen dituzte arlo publikoan eta enpresa pribatuetan, eta, oro har, berdintasunaren eta hezkidetzaren arloetan «oso proiektu berritzaileak» diseinatzen dihardute. Hezkidetzaz gain, ikerketa eta berrikuntza ere jorratzen dituzte, «ikuspegi feminista batetik prozesu berritzaileak bultzatzea helburu». Besteak beste, Gasteizko “Beldur barik” kanpainaren idazkaritza teknikoa eta Arabako hiriburuko jaietan indarkeria matxista prebenitzeko lana izan dira kooperatibaren zereginetako batzuk.

Leire Abaigar Errotik kooperatibako lankidea da eta Emaitza proiektuan lan egiten duen lagunetako bat. Dioenez, kooperatiban lanaren antolaketa bera ere berritzailea da. «Batzuetan zaila egiten zaigu azaltzea, lan egiteko beste modu bat delako», aipatu du.

Abaigarrengana jotzean jardunaldi feminista batzuetan aurkitu dugu. Handik azaldu dio GAUR8ri egoera zaurgarrian dauden emakumezkoen bizi baldintzak hobetzea dela martxan jarri duten proiektu berriaren zutabe nagusia. Zaurgarritasuna «gizarte baten botere estrukturagatik pertsona bati ezarritzako baldintza gisa» ulertuta, zehaztu duenez.

Egitasmoa hobeto ulertu ahal izateko emakumeek parte hartzeko zehazki zein baldintza bete behar dituzten galdetuta, Abaigarrek azaldu du ideia ez dela «baldintza finko itxi batzuk betetzea, baizik eta emakume kolektibo baten errealitatera egokitutako proiektu bat eratzea». Horregatik, «hasierako asmoa zen 35-40 urtetik gorako emakumeak izatea, helduak, erretiro eskubiderik ez zutenak… Hortik zihoan kontua». Emaitzara gerturatu diren emakumezkoen egoerak, hori bai, berezko profil bat izan du. Abaigarrek zehaztu duenez, migratzaileak dira gehienak, «eta ia guztiak errefuxiatuak edo asilo politiko eskatzaileak».

Bidean, oso harreman estua izan dute La Posada de los Abrazos gizarte bazterketaren aurkako elkartearekin, CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearekin eta Munduko Medikuekin. Lan komun horri esker, hasiera batean hamar emakumerekin abiatu bada ere esperientzia, etorkizunera begira, proiektuak hamar emakume horiek osatuko duten lan poltsa handitzen joatea aurreikusten du.

Ahalduntze saioak

Emaitza proiektuak bi ardatzen inguruko prozesua planteatzen du. Alde batetik, lanketa pertsonal eta kolektiboa dago, eta, bestetik, sukaldaritza profesionalaren inguruko jakintzak barneratzeko saioak. «Sukaldean lanean hasi baino lehen tailerrak egiten ditugu prozesu feminista gidatu batekin, autokonfidantza, lantaldea, antolakuntza... lantzeko. Era berean, rolak banatzen dira, nork kozinatu, nork zerbitzatu, garbiketa lanak nola banatu...», azaldu du Abaigarrek. Ahalduntze saioak asteartetan finkatu dituzte.

Sukaldeko lanak ikasteko saioei begira, elikagaiez arduratzea ere emakumeen lana da, eta, arlo horretan, Emaitzak jasangarritasuna, kontsumo arduratsua eta elikagaiak behar bezala aprobetxatzea jartzen ditu proiektuaren erdigunean. Izan ere, Bizkaiko Elikagaien Bankuaren laguntza du egitasmoak. «Emakumeak hara doaz eta menuaren arabera beharrezkoak dituzten elikagaiak lortzen dituzte kozinatzeko», gaineratu du.

Abaigarrek nabarmendu duenez, auzoan laguntza handia aurkitu dute, adibidez, tailerrak egiteko produktuak merkeago eskainita. Egitasmoarekiko interesa erakusten ari direnak badira. «Nahiko genuke emakumeontzako kontratu luzeagoak egiteko aukera izatea. Horretarako, laguntzak bilatzen ari gara», aipatu du Abaigarrek. Izan ere, proiektua formakuntza eta soldatapeko lana bilatzera bideratuta badago ere, kontuan izan behar da emakumeak kontratupean egiten dituztela zenbait saio.

«Gure asmoa da proiektu gastronomiko, jatetxe edo sukaldari profesionalekin harremanetan jartzea, parte hartzaileentzako lan irtenbideak aurkitzeko», azaldu du Abaigarrek. Gaineratu duenez, lehen saioan bertan kontaktuak sortu ziren etorkizunera begirako lan aukerak aztertzeko.

Lehendabiziko saio hori duela egun batzuk egin zuten Bilborock aretoan. Errotik kooperatibako kideek eta Emaitzako langileek proiektua azaldu eta praktikan jarri ahal izan zuten bertan. Sustraiak Catering enpresako langileekin batera prestatu zuten egitasmoan parte hartzen ari diren emakumeek pintxo dastatze formatua izan zuen menua.

Hileroko hitzordua

Lehen agerraldiaren ostean, dastatze gehiago etorriko dira hurrengo hilabeteetan. Egitasmoari maiztasun finkoa emateko, hilabetearen erdialdeko egunetan eskainiko dute menua hemendik aurrera.

Egitasmoak, momentuz, ez du epe zehatzik, oinez hasi eta aurrera egin ahala doa handitzen. Asmoa, gainera, urteetarako proiektua izan dadila da, pixkanaka sareak sortzea jatetxeekin...

Eskainitako formakuntza garrantzitsua bada ere, elkarren artean ere asko ikasten dutela nabarmendu dute Emaitzatik. Kultura ezberdinetako lagunak izanik, norberak bere ohiturak partekatzen ditu eta ondokoarekin beti dago zerbait ikasteko; taldekideen artean landutako harremanek eta elkarren arteko ideia trukaketek, gainera, sormena bultzatzen dute.

Hurrengo menuak dastatzeko tokiak zehazteko goizegi da oraindik. Bultzatzaileek diotenez, jada jatetxe bat jarri da haiekin kontaktuan, eta auzoko txoko batekin ere harremanetan daude. Egitasmoak pop up formatua izango du aurrerantzean, lantaldea finkoa izango da baina toki ezberdinetara mugituko dira, izaera ibiltari horretan sakonduz. «Oso ondo datorkigu, gauzak asko errazten dizkigu eta sorpresa puntu hori ere badu».

Hori horrela, Emaitzako emakumeek prestatutako menua dastatu nahi dutenek adi egon eta erreserba egitea besterik ez dute. Bilborock aretoko lehen ekitaldian beharrezkoa izan zen sarrera aurretik erostea, baina proiektua laguntzeko eta antolatzeko egin zuten horrela. Aurkezpenak, gainera, zuzeneko musika eta guzti izan zuen.

Hurrengoetan, baina, jatetxe batean eta menu arruntaren formatuarekin egingo dutenez saioa, seguruenik erreserba egin eta jatetxean bertan ordainduko da. Informazio guztia Emaitza.org atarian aurki daiteke, baita Facebook eta Instagram bidez ere.

 

CEAR batzordeko psikologoak bideratuta

Carmen T. venezuelarrak oso gustuko du sukaldaritza tradizionala. CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeko psikologo batekin harremanetan zen eta hark hitz egin zion Emaitza proiektuaz, GAUR8ri kontatu dionez. «Betidanik gustuko izan dut sukaldaritza. Deitu nindutenena ez nekien oso ondo zer egin behar genuen, baina baietz esan nuen».

Plater ezberdinak kozinatzeko gogoak, musikarekiko zaletasunak eta gauzak berriak ezagutzeko jakin-minak eraman zuten venezuelarra Emaitzaraino, eta ez da damutzen. Esperientziak «oso ondo» sentiarazi duela kontatu du, eta gauza berriak ikasteko eman dion aukera nabarmendu du, «adibidez, barazkiekin prestatutako janariek eman didate arreta, nire herrian ez baitira hain ohikoak».

Abenduaren 24an bi urte beteko dira Bilbora heldu zenetik. Harrera ona izan zuen, eta bi seme ditu ondoan, baina Venezuelan dauden eta Bilbora ekarri nahi dituen beste bi ditu gogoan. Etxetik alde egiteak eragindako bizipen gogorren ostean, uneotan bereziki eskertzen du lana aurkitzeko Emaitzak ematen dion aukera. Ahalduntzeko saioak maite ditu bereziki. «Oso jende ezberdina gaude, El Salvadorrekoak, Marokokoak, Venezuelakoak... Horrek indarberritu egiten nau, elkarren artean gauzak konpartitu, gehiago jakin... Emakumeak indartsuak gara: lantzaren muturra izan gaitezkeela uste dut».