Mikel Zubimendi Berastegi
FRANTZISKO: BERRITZAILEA ALA HERETIKOA?

Dibortziatuei komunioa eman, gizon ezkonduak apaiztu eta emakumeak ordenatzeko eskaera

Urak haserre eta nahasita dabiltza Eliza katolikoaren itsasoan. Argitasun emaile eta aldaketaren aurreko ezkutu omen ziren ezkontza, dibortzio edo komunioaren inguruko «egia moralak» zalantzan jarrita, sektore atzerakoientzat Frantzisko aita santuak Elizaren tenplura deabrua gonbidatu eta zisma berri baten hazia jarri du.

Lehen familiari buruzko bigarren sinodoan, gotzain guztien batzarrean, gertatu zena gertatu berri da Amazoniako sinodoan, eskualde hartako gotzainen batzarrean. Galdera teologikoak haragi bizitan zabaldu dira: Elizaren irakaspenak aldatzeko autoritaterik ba al du aita santu batek? Doktrina kristauak aurrera egin al dezake aro batean gauza bat esan eta beste aro batean oso bestelako esanahia hartzen badu? Euskal Herrian gauza bat baldin bada eta Angolan beste bat? Eliza zer dago, arauak jartzeko eta jarraitzen direla bermatzeko ala, Jesusek berak egin bezala, sufrimendua arintzeko? Zer da Frantzisko aita santua, “Erreformatzaile Handia” ala deabrua Jainkoaren tenplura sartu duen “heretikoa”? Haize freskoa ekarri du Elizaren tenplura ala zisma berri baten hazia jarri du?

Aita santuaren aurkari gero eta ugari, boteretsu eta publikoagoentzat argia da erantzuna: Frantzisko deabruarekin negoziazio lagunkoietan ari den zismatikoa da. Haren jarraitzaileentzat, askoz ugariagoak baina agian ez hain boteretsuak direnak, agerkunde bat da, Vatikanoaren II. Kontzilioko iraultzaren izpiritua haragitzen duen apostolua.

Elizaren dilema eternala

Jarraian aletuko dugun eztabaidaren muina unibertsala da, Elizakoa eta Elizatik kanpokoa, soluzio atsegingarririk ez duen dilema eternala planteatzen baitu. Izan ere, “etsaiari” egiten zaizkion amore emate guztiak arriskutsuak izan ohi dira, baina are arriskutsuagoa da amore ematerik onartzen ez duen intrantsigentzia.

Elizaren barrutik zein sektore sekular atzerakoi eta kolpistenetatik “San Pedroren Tronuaren” egungo jabeari egiten dizkioten kritikak aztertzeko, Frantziskok aurreratu nahi izan dituen aldaketak errepasatuko ditugu. Azken egunotakoa da horietako bat. Amazoniako gotzainek aita santuari eskatu diote gizon ezkonduak apaiztu ahal izatea eta emakume diakonoen ordenazioaren eztabaida zabaldu dezala. Eskaera horren atzean kezka handi bat dago: Eliza protestante eta ebanjelikoak eskualdean izaten ari diren gorakada geldiezina da, katoliko kopuruak etengabe atzera egiten duen bitartean.

Aita santuaren kritikoen ustez, eskaera horrekin Eliza katolikoaren barruko mendeetako tradizioa desafiatzen da: apaizen zelibatuaren tradizioa (XI. mendetik datorrena, eta, batez ere, finantza arloko arrazoiengatik ezarri zena, hiltzen ziren apaizen ondasunak Elizara eta ez oinordekoen eskuetara pasako zirela ziurtatzeko).

Nahiz eta proposamena Hego Amerikako oihanetako komunitate urrunduetara mugatu, eztabaidak aurrekaria ezartzen du, apaiz katolikoak ezkontzeko debekuaren amaiera edo mugatzea ekar dezakeen aurrekaria. Eta, jakina, kontserbadoreentzat subertsio totala da: zelibatua aukerako egitea hondamendia ziurra da, Jesusek berak bizi eta aldarrikatu zuena alde batera uztea.

Bestalde, familiari buruzko bigarren sinodoan, zehazki familia eta ezkontzari buruzko “Amoris Laetitia” izeneko aita santuaren dokumentuaren oin-orri batean, eskandalua ikusia zuten aurretik Frantzisko gorrotatzen dutenek. Baita, bide batez, Frantziskok egiten duen guztia okerra, diabolikoa eta heretikoa dela erakusten duen ebidentzia zalantzaezina ere. Dokumentuko oin-orrian, gizon dibortziatuei komunioa emateko eztabaidaren harira, honakoa zioen zehazki aita santuak: «Komunioa ez da perfektuentzat saria, ahulentzako medizina eta elikadura boteretsua baizik».

Frantziskoren jarraitzaileentzat inklusibotasun eta erruki seinale indartsua zen aipamena. Bere kritikoentzat, aldiz, dibortzioaren kontrako mandatu katolikoari egindako mehatxu zuzena. Kritikoen ustez, Jesus oso argi eta zorrotz mintzatu zen Mateoren Liburuan: «Emazteaz dibortziatzen dena (ezkontza legezkoa ez denean salbu), beste batekin ezkontzen bada, adulterioa egiten egongo da». Beste hitz batzuetan esanda, doktrina katolikoak ezkontza “banaezintasun” egoera ontologiko bilakatzen du kritikoen ustez, eta, hain zuzen ere horregatik, komunioa ezin zaie eman hura bortxatzen dutenei.

Aita santuaren apustuak Vatikanoaren autoritatea zalantzan jarri eta zalaparta profanoa sortzen omen du. Elizaren indarra balioetsi beharrean –1.200 milioi kristauentzat aldarri lotesleak egiteko ordezkari unibertsala izatetik aita santuari datorkiona–, erabakiak hartzeko prozesua deszentralizatzen du, hau da, konfusioak nonahi eta noranahi aginduko omen du.

Hatza eman, besoa hartu

Sinodoetako idatzioz gain, sektore kontserbadore eta kolpistek aita santuari ez dizkiote barkatzen egin dituen zenbait adierazpen ere. Entzutetsua izan zen Vatikanoko hegazkinean kazetariei esan ziena, eta oso gogoan dute Frantziskoren aurkariek: «Norbait homosexuala bada eta borondate onez Jainkoa bilatzen badu, zein naiz ni hura epaitzeko?».

Rio de Janeiron, Erromatar Eliza Katolikoak antolatutako Gazteen Munduko Jardunaldian Frantziskok egin zuen dei publikoa ere gogoan dute kritikoek: «Hagan lío» hura, gazte katolikoek zalaparta, saltsa sortzeko aldarri hura. Frantziskoren kritikoentzat, anabasa nahita sortzeko gogo handi horrek Elizaren irakaspen eta autoritatea ahultzen du. Eta okerrago, Elizaren diziplina eta doktrinak aldatuko dituen pastoral aurrerakoi baten praktikei zabaltzen die bide.

Kontserbadoreen arrazonamendua oso oinarrizkoa da: eman hatza eta beso osoa hartuko dizute. Ezkontzaren edo homosexualitatearen auzietan amore ematen badugu, ate joka izango ditugu poligamia, emakumeen ordenazioa, abortua, transgeneroen eskubideak, argi berdearen zain. Aldaketa edo pluralismoa onartzeak, maldan behera jarriko du Eliza, erlatibismo moralaren zulora bidean, “zein naiz ni epaitzeko?” orokortura bidean.

Galdetzekoa da, baina, zergatik ez ziren sektoreok kexatu Benedikto XVI.ak komunio anglikanoko apaiz ezkonduak katolikoen apaizleriara batzea onartu zuenean. Jesusek bizi izandakoa alboratzea predikatzen zuen Benediktok? Edo berdina esaten al dute ezkondutako apaizak onartzen dituzten Ekialdeko ortodoxoez eta Bizantziako katolikoez?

Anbiguotasun estrategikoa

Ekarpen intelektual garrantzitsuak egin ditu Frantziskok kapitalismoa, «hiltzen duen ekonomia», kritikatu duenean. Eguneroko bizitza “normalak” dituen presio eta tentazio ugarien aurrean, teknologiaren konplexutasunean eta kapitalismo komertzialaren atzaparretan ez erortzeko, kristau bezala nola jokatu behar den hausnartu duenean. Periferia existentzialen aldeko bere aldarriak ozenak dira, «Davoseko erreinu partikularretatik» justizia beharrean, pobreturik, zain dagoen mundura jaisteko bere deiak bezala. Kritikoentzat, aldiz, ekonomia berdinzale eta aurrerakoi baten aldeko apustuak, aita santua gobernuz kanpoko erakunde ongile global bateko zuzendari exekutibo izatera mugatzen du.

Beste kritika bat ere egiten zaio Frantziskori: aita santu mediatikoa dela baliatuta, gai teologiko sakonen inguruko barne eztabaidak nahita ekiditen ditu, nahita saihesten ditu eztabaidok zuzenean publikoaren aurrean jarriz. Hau da, zunda-globoak zeruratzen ditu doktrinaren eraldaketa sustatzeko. Horretarako, Frantziskoren agirietan angibuotasun kalkulatu, deliberatu bat, anbiguotasun estrategiko bat nagusitzen da. Eta horrela lortzen du eztabaida teologikoak erreinu enklaustratutik plaza publikora ateratzea.

Baina, agian, Frantziskoren bidea oso bestelakoa da. Hiru hitz soilekin esanda: ikusi, epaitu eta ekin. Eta kristau bezala argiago ikusteko, justuago epaitzeko eta eraginkorrago ekiteko, ez du entzun eta hitz egitea baino alternatiba mirakulutsurik.

Aita santuaren aurkariek, batzuetan, kritikaren ariketa paroxismoraino eramaten dute. Segur aski, Frantziskoren hautaketak Barack Obamak Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzara heltzeko egindako bidearekin nolabaiteko antzekotasuna izan zuelako: ez bata ez bestea ez zeuden kinieletan, ezustean heldu ziren agintera. Bada, pentsa, aita santuak eta Donald Trumpek komunean zerbait dutela esatera heltzen dira kritikoak: biak omen dira zatiketa eragileak, arduragabe populistak. Biek aldatu nahi dituzte antzinako instituzioak, biek nahi dute jendearekin zuzenean konektatu beharrezkoa burokrazia nahita inguratuz.

Hori horrela, “Trump efektuarekin” estatubatuar eta estatubatuar ez diren asko oso kezkatuta dauden bezala, kritikoen ustez, katoliko askok ere kezkatuta, beldurtuta egoteko arrazoi ugari dituzte. Izan ere, “Frantzisko efektuak” munduko erakunde erlijioso zahar eta handienean ondorio arriskutsuak eragin omen ditzake.

Agerkunde askatzailea

Ez da inongo sekretua Frantzisko aurrerazaleen artean oso popularra dela. Euskal Herrian bertan, hori baieztatzeko aski da kristauekin hitz egitea. Erraz erosten den umiltasun eta sinpletasun irudia landu du, dudarik gabe erakargarria dena; bere estilo pertsonala epel eta bat-batekoa da oso.

Baina estiloa ez da dena. Frantziskoren hautapena, milioika kristau aurrerazalerentzat, urte luzez esperotako, gerta zedin behin eta berriz otoitz egindako agerkunde bat izan zen. Zergatik? Vatikanoaren II. Kontzilioaren espiritu iraultzailea, katolikoen bizitza eta teologia berritzeko ahalegina, haragitzen dituelako. Modernitatearekiko konpromisoaren berrikuntza dakarrelako. “Lege morala jarraitu behar dugu, eta, jarraitzen badugu, dena ongi joango da” diskurtso hertsiaren aurrean, konplexutasunari, graziari, leku egiten dielako.

Frantziskoren aitasantutza zismatikoa dela lau haizetara zabaldu eta egoera lehengoratzea xede duen operazioa antolatu duten sektoreentzat, Elizak ezin du inoiz onartu lege moral absolutuak alda daitezkeenik. Horrek ez du salbuespenik onartzen. Eta salbuespenak egotekotan, errituen legeetara mugatu beharko lirateke. Haientzat, testu erlijiosoak argitasun emaile eta aldaketaren aurreko ezkutu izan behar dira. Eta apokalipsiaren zaldunak bailiran, aita santuaren bidetik jarraituz gero, zisma ez dela periferian emango, baizik eta Elizaren bihotzean iragartzen dute.

Jorge Mario Bergoglio aita santu argentinarrak, baina, ondo ezagutzen du historia, eta, badaki, benetako aldaketak ez datozela errege ahalguztidunen eskutik, dekretu bidez, hierarkian goitik behera. Egiazko aldaketak, sarri, behetik gora eta laikotzatik sortzen direla badaki. Halaber, badaki erlijioa ez dela jokabide moralen inguruko eskuliburu bat, indarrez aplikatu behar den arau eta debekuen amaraun itogarria. Frantziskorentzat identitatea, herri identitatea, “herri kristauaren”, Jainkoari leial zaion “herri santu” apalaren identitatea da gakoa. Sufritzen duen eta sufrimendua arintzea behar eta merezi duen herriaren kide eta partaide izatea.

Ikuskizun dago Frantziskok aldaketari irekitako leihoetatik sartutako haize berriek Elizaren barruan sute ikaragarriak sortzen dituzten. Baina, ikusitakoak ikusita eta irakurtzen diren astakeriak irakurrita, bistakoa da etxe barruan zismaren xaxatzailea izatea egozten dioten piromano asko eta arriskutsuak dituela.