Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Euskaldunon inertzia zenbait (I)

Badira topiko batzuk, tokiko hizkuntza erabiliena euskara ez den hiriguneetan bizi garenoi ezagunak egingo zaizkigunak. Batetik, “yo soy español y por eso no hablo eusquera”. Frantsesez ez dakit nola esaten den. Ingelesa ikasten dugu eskola publikoan, baina Iruneko mugatik haratago zulo beltza omen dago, eskolako testuliburuen arabera. Egia esan, sentsazio arraro batez turista sentitzen naiz askotan Ipar Euskal Herrian, bertako lagun euskaldunekin ez banago. Euskal herritarrago nintzateke frantsesa ere jakingo banu, ez dakit. Eta eskola liburuena ixteko, EAEn ez da arazoa frantses Estatuarekin bakarrik. Nire historiako liburuak dio Trebiñun ez dela inoiz ezer gertatu: beltzez ageri da noiz eta Erromanikoaren garaian!! Ziur jende askok uste duela maparen zulo horretan dagoela ditxosozko Gasteizko pantano hori.

Hemen badakigu, baina hezkuntza eskolak ez gaitu abertzaletasunean eta euskaran doktrinatzen. Etor dadila Albert Rivera gure institutura bestela. Ea zer kontatzen dioten ikasleek. Askok horixe, “español” direla eta euskaraz ez dutela egiten, hau “España” baita. Nazioa, beste gauza asko bezala, etxetik ikasita dator. Eta espainolak des-espainolizatzen dituen agenterik inportanteena, Katalunian ikusten ari garen bezala, polizia agentea izan ohi da.

Ez dugu asmatu euskarara ekartzen espainol direnak (Ipar Euskal Herrian arazoa ezberdina dela deritzot, hobe bertako euskaldunek argudia dezatela). Eta gure hizkuntza zerbait arrotz bezala bizi dute. Aurrekoan, ikasleek proposatu zuten euskararen eguna dela eta baserritarrez jantzita joatea eskolara. Ba horixe, folklore fosilizatua: baserritar jantziak, taloa, sokatira eta euskaraz hitz egitea. Gaztelera nagusi den hiriguneetan, hankamotz gaude: espainolek (gehiengoak) ez dute egin nahi, jeltzale bozkatzen duten askok ez diote batere apreziorik eta beste kontinenteetatik iritsitakoen seme-alaba askok, ez diote ikusten interes berezirik hizkuntzari, bertakoek erabiltzen ez badugu.

Nondik hartu ote dute hori? Irakasleok filosofiari, fisikari, kirolari edo matematikari buruz ari gara beraiekin egunero eta ezin dugu euskaldun-baserritar topikoarekin apurtu. Zaila da, komunikabide publikoek ere inertziak ez dituztelako mozten. Txikitan bai, ETB3 ikusi, marrazki bizidunak euskaraz. Gaztetxotan, ETB1 (“Gure Kasa”, “Egunak egin du”). Eta gero... gero ezer ez. Nire aitona zenari bezala pilota eta arrauna gustatzen bazaizkizu, ederto. Edo “errantxerak” (horrela idatzi beharko da, euskarazko kanalean jartzen baitituzte) eta bilbainadak (hauek ere euskaraz omen dira). Hori bai, nagusitan ETB2 ikusi beharko duzu. Albistegi luzeagoa, eguraldia, Athletic... edo beste edozein gai inportante axola bazaizkizu. Eta nola ez, Eusko Jaurlaritzaren iritzia hiru aldiz jarraian entzun nahi baduzu, “Jainkoaren Egia” bailitzan.

Ez da errua botatzearren EAEko egitura publikoari. Baina benetan oso gogorra da inertziekin apurtzea ez badute laguntzen. Eskerrak baditugun ehunka ekintza kultural antolatzen dituzten jendeak, euskara hizkuntza kontsideratzen dutenak eta ez folklore. Luzeegi eta batere konstruktibo joan da zutabea. Bigarren zatian hobeto, saiatuko naiz. •