Isidro Esnaola

Ondarearen zerga ezabatu nahian euskal neoliberalak

Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokrata lehendakaritzarako hautagaia aukeratzeko prozesuan buru-belarri sartuta dago. Lehia bizia da eta eztabaida mamitsua. Fortuna handien gaineko zerga da debate politikoaren funtsezko gaietako bat. Hautagai demokrata nagusien artean ez dago alde handirik. Elizabeth Warrenek eta Bernie Sandersek, biek proposatzen dute zerga ezartzea. Hori arrazoitzeko bien abiapuntua ere berdintsua da: aberastasuna gero eta kontzentratuago dago. Egun, AEBetako herritarren %0,1ek aberastasunaren %20 kontzentratzen dute. Beste modu batean esanda, 130.000 familia aberatsenek 110 milioi familiaren pareko aberastasuna pilatu dute.

Ezberdintasun sozialak gutxitu eta programa sozialak finantzatzeko ezinbestekoa iruditzen zaie bi hautagai demokratei ondare handien gainean zerga berezi bat ezartzea. Hala ere, badituzte alde batzuk ezarri nahi duten fortuna handien gaineko zergaren ezaugarrietan. Warrenek 50 milioi dolarretik gorako ondareei %2ko tasa aplikatzea proposatzen du. Eta 1.000 milioitik gorakoei %3koa. Sandersen proposamena antzekoa da, baina eskala ezberdin bat planteatzen du: 32 eta 50 milioi arteko ondareei %1ko tasa aplikatzea, 50 eta 250 miloi artekoei %2koa, 250 eta 500 miloi artekoei %3koa... Kopuruok, bikoteentzat lirateke –pertsona bakarren kasuan, ondareak erdiak lirateke–. Hortaz, Sandersen proposamena progresiboagoa da, hau da, gero eta fortuna handiagoa, orduan eta zerga zama handiagoa proportzionalki.

Zergekin lotuta, beti dago deslokalizazioaren mehatxua. Dena den, AEBetako herritarrek, bizi diren lekua edozein izanda ere, bertako ogasunari ordaindu behar dizkiote zergak. Ogasunetik alde egiteko herritartasunari uko egin behar diote. Aukera horri aurre egiteko, %40ko tasa aplikatzea proposatu du Warrenek, hau da, aberatsek alde egin dezakete AEBetatik, baina ondarearen %40 bertako ogasunari eman ondoren. Logikoa da. Aberatsek ondasun publikoak baliatzen dituzte aberasteko: komunikazio azpiegiturak, errepideak, hezkuntza sistema, ikerketa sistema publikoa… Horiek gabe ezinezkoa lukete dirua egitea eta horiek guztiak herritarrek ordaintzen dituzte zerga bidez. Beraz, aberatsek alde egin nahi badute, zentzuzkoa da atera duten probetxu horretatik zati bat ordainaraztea. Ideia sinple hori askatasunaren ikurra altxatzen duen Estatuan planteatu da, ez herri sozialista autoritario batean. Aldea dago gero, Euskal Herriko egoerarekin. Hemen aberatsak haserretzerik ez da, pentsa, zergak ordain ditzatela eskatzerik ere ez da ia!

Euskal Herrian Ondarearen Gaineko Zerga ezabatzea da uneotan eztabaidagai nagusia. Berdin da zer dioten estatistikek, berdin da pobrezia eta ezberdintasun sozialak handitu direla egiaztatzea... Arazo potoloena da Ondarean Gaineko Zerga dugula eta aberatsek alde egiten omen dutela Euskal Herritik, batez ere Andaluziara, Gaztela-Leonera eta Madrilera. Arrazoia sinplea da: PP, Vox eta Ciudadanosek Ondarearen Gaineko Zerga kendu dute bertan. Vocentoko iritzi sortzaileak hasi dira jada ideia hori zabaltzen. Eta azken garaian, Bizkaiko Ogasun diputatua eta Arabako ahaldun nagusia ere gehitu dira abesbatzara. Orain dela hamarkada bat ere kendu egin zuten Ondarearen Gaineko Zerga. Gero, 2011n, Bilduk Gipuzkoan ezarri zuen eta horrek beste ogasunak erabaki bera hartzera behartu zituen. Gogo txarrez egin zuten, eta, orain, berriro ari dira bidea prestatzen Ondarearen Gaineko Zerga behin betiko ezabatzeko. •