Iñaki Soto

Espainiar blokeoaz eta zabal daitekeen joko politikoaz

Nik neuk zalantzak izan nituen. Ikuspuntu arrazional batetik, honelako jokaldi bat eginez gero, besteek ezagutzen ez duten daturen bat izan behar duzu. Badirudi ezetz, ordea. Pedro Sanchez biharko hauteskundeak deitzen nahastu dela esatea gutxi esatea da. Errepikapena harrigarria bazen, PSOEko buruak kanpainan erakutsi duen trebezia falta, idiozia ez esateagatik, are harrigarriagoa izan da. Zantzu guztien arabera, eskura zituen datuak okerrak ziren eta, ondorioz, baita egin zituen planak antzuak ere.

Blokeoa berdin, blokeak are eta okerrago

Kasurik onenean, emaitzak errepikatu egingo dira, gutxi gorabehera. Alegia, Sanchezek hobetsi zuen blokeoa mantendu egingo da. Kasu horretan, gainera, bere posizio politikoa ahulduta aterako da. Berak zentralitatea bilatzen zuen, baina hauteskundeetatik aterako diren bloke guztietan PSOE ahulduta geratzen da.

Ezkerraren ikuspuntutik, portzentajean maila mantentzen badu ere –beti bezala, depende zeri deitzen zaion “ezkerra”–, sinesgarritasun falta nabarmena izango du. Baita indar gutxiago ere. Berak nahita, hauteskunde errepikapenaren helburua ezkerraren mandatu demokratikoa ahultzea baitzen.

Establishment-aren blokean, PPrekiko galtzaile aterako da eta Ciudadanosekin bilatzen zuen bestelako harremana pikutara joan da. Izan ere, Ciudadanosen porrotak eskuinera transferituko ditu bere botoak, PP eta VOXera, hain zuzen ere. Espainiar asmo liberalek deribatu falangista dute beti atzean. Ondorioz, unionismoaren eta ordenaren blokean, PSOEren aukerak ere mugatuagoak dira orain, hor agenda ultraeskuinak ezartzen baitu.

Koalizio handiaren aukera benetan zaila iruditzen zait. Baita PPren abstentzioa ere, azken horrek emaitza txukunak edo sikiera dezenteak ateratzen baldin baditu.

Hemengo eta hango indar independentistak giltza izateak udaberrian baino aukera errealagoa dirudi orain. Matematikez ari naiz. Izan ere, orain dena konplikatuagoa da. Berriro ere, PSOEren posizioa hor ahulduta egongo da: gutxiago eskaintzeko, gehiagoren artean banatzeko, kontraesankorrago. Edonola ere, bozek prezioa izango dute, eta garestiagoa. Alor horretan, euskal eta kataluniar kultura politikoen arteko interakzioak interesgarriak izango dira. Izan daitezela oparoak ere, arren.

Zeri begiratu, gurea bistaz galdu gabe

Kataluniari begira, espainiar komunikabideek alderdien arteko liskarretan jarriko dute fokua, baina independentistek %50eko langa gainditu dezakete, lehendabizikoz. Emaitzek arnasa eman diezaiokete estrategiarik ez baina indar bizia duen mugimendu horri. Bide batez, BNGren emaitzak ere interesgarriak iruditzen zaizkit. Gutxi begiratzen diogu Galiziari, gutxiegi.

Euskal Herriko emaitzak garrantzitsuak izango dira, jakina. Emaitzon eragina ez da Madrilera mugatuko, inondik inora. Nafarroako agintaldian eragina izango du –adibidez, Bel Pozuetak eserlekua lortzea garrantzitsua litzateke–, baita datorren urteko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeetan ere. Hauteskundeek joerak erakutsiko dituzte, alderdientzat garrantzitsuak direnak, baina batez ere joko politikorako aukerak zabaldu ditzakete. Euskal agendak gorde beste urte baterako, baina euskal alternatibek indarra hartu dezakete bihartik aurrera. •