Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima05
Arkitektoa

Hiriaren zaintza

Gogoan dut txikitan entzundako esaera hark nolako intriga pizten zidan barruan; kalera goizegi irteterik ez zegoela zioen, kalea ordu txikitan «jarri gabe» zegoelako. Esaldiak zain egoteko eskaera egiten zuen, sekretuan zegoen prestakuntza bat baitzegoen, den-denon aldetik errespetatu beharrekoa. Nolabait, kalea bisitagarri zegoen unera arte pazientziaz itxaroteko deialdi partekatua iradokitzen zen, denon jakinean baitzegoen itxaroteko beharra.

Adostasuneko eta isilpeko prestakuntza lanek kalearen esperientzia gertakizun garrantzitsu bilakatzen zuten. Irudikapen horrek eramaten zuen pentsatzera, kaleek egunero-egunero agertzen duten normaltasun irudiaren atzetik, hamaika pertsonaren orduaren kontrako lan itzela zegoela, bizkortasunez eta maitasunez egindakoa, gainontzekook kalea disfruta genezan.

Heldutasunerantz bidean ohartu naiz kalearen irudikapen horrek baduela kolektibotasunean bizitzeko esperientziarekin harremanik, zehazki, komunitateagatik zaindua izatearen sentsazioarekin. Baliteke komunitatearen funtzionamendua errespetatu eta zaintzearen lehen sentsazioak izatea haiek. Baina heldutasunak ipuinaren magia puskatzen du, estatuaren antolakuntzan zaintza-lanari babes eta errespetua galdu egin zaiolako, eta, oharkabean eta itzalean egina izanagatik, bizitzaren eginkizun garrantzitsuenetatik alboratu eta baliogabetu egiten da. Kaleak adierazten duen maitasun kolektiboaren ideiak eztanda egiten du ekonomia kapitalista eta patriarkalaren makinarian sartzen denean.

Horregatik, hirien zaintza ez da hirigintzako ardura edo buruhaustea. Areago, zailtasunak ditugu kontzeptua bera ulergarri egiteko. Bide horretan, zaintzaren lana distortsionatu egiten da, garbiketa lan hutsera sinplifikatuz. Hiriak garbi mantentzea beharrezkoa dela ukatu gabe, eta kale-garbitzaileen lana gutxietsi gabe, zaintza garbiketa baino gehiago da, eta, okerragoa dena, kaleak garbi mantendu nahi izateak garbizaletasun sindromea du ezkutuan, edo beste modu batera esanda, zikintasunaren ulerpen oso zehatz bat.

Gorputz azalaren garbiketaren kulturarekin bat eginez, gureak diren izerdi, koipe, mikroorganismoak esponjarekin gogor ezabatzeko beharra dugu ekintza ona delakoan, egiatan azala ahuldu egiten dugunean. Bada, azken batean, kaleetan eta hirietan ikusi nahi ez diren arrastoak desagertzeko trikimailua da garbizaletasuna, kalearen zenbait osagai deseroso ezabatzeko energia-ekintza. Eta ekintza hori, zaintzatik urruti, biolentzia eragile esanguratsua da.

 

Hirien zaintzak, kalearekin afektuak eraikitzeko lanarekin harremanean egon beharko luke. Zaintza laburtzeko eskatuz gero, afektuen saretzea dela esango nuke. Ahaztuta dugu kalearen zaintza guregan hartzeko ideia, izan ere, beste batek egingo du. Gure etxe aurreko kalea polit jartzea, landareak ureztatuz, pareta zurian atondurak jarriz, eginkizun politiko bilakatu zitekeen, ekinean kalea espazio garrantzitsu bilakatzen dugulako. Zaintzaren ekintzan lotura bat eraikitzeaz gain, publiko eta pribatuaren kategoria hertsiak puskatzen ere arituko ginateke. Hiriaren zaintzan jabegoak ez du hitzik hartzen, eta, beraz, hirigintzaren funtsezko harria desegiten hasten da. •