Mikel Zubimendi

Ez txeke zuririk, ez mutur luzerik

Suposatzen da asteari zeharka begiratuko zaiola ondorengo lerroetan. Zaila da, baina. Batzuetan formatu agortua dela pentsatzen dut, azkar, azkarregi doalako dena. Espainiako hauteskundeak, adibidez, urruti daudela ematen du, gainetik kendu dugun pisu bat direla jada, baina hamahiru egun besterik ez dira pasa. Eta bati idazteko txanda tokatzen zaionerako direnak eta ez direnak esanda daudela iruditzen zaio. Gauza berriak esatea ez da erraza.

Denboraz kanpo diruditen arren, zenbait kontu aipatu nahi nituzke. Azkar-azkar. Emaitza politak utzi dizkigute hauteskundeek, bai. Txukun-txukunak. Aurrera begira itxaropentsu egotekoak. Berriz, beste behin ere, lezio ederra eman digu Euskal Herriak, alderdi guztiak –EH Bildu barne– baino hobe, argiago, azkarrago ibili delako. Sarri entzun diet minkide handiei kezka berbera, ez ote garen helburu handietarako herririk gabe geratu. Bada, herria hor dago, zain, jakintsu, den bezalakoa, inoren sermoiei itxaron gabe. Errua herriarena? Ez, mesedez!

Ados nago ere hor nonbait irakurri dudan aipamenarekin. EH Bildu, gero eta gehiago, Euskal Herriaren irudi eta antzera gorpuzten ari da. Jende berria, askotarikoa, zapore herritarra, hori guztia badauka, eta ez da gutxi. Jakina hutsuneak daudela, baita eremu batzuetan nahi eta ezin mingarrien zantzuak ere, baina, oro har, EH Bilduren eta Euskal Herriaren arteko intimitate sinbiotikoa ikusgarri gorpuztu da. Eta hori, EH Bilduk finkatutako posizio zintzo eta argi batekin laguntzen bada, EH Bildu hitzezko aukera dela herriratzen bada, aukera biderkatzailea da.

EAJk irabazi ditu hauteskundeak, baina haserre ikusi dut. Bizpahiru kontu. Kristoren aurpegia edukitzea da, zementuzkoa, NaBaiko Uxue Barkosek Madrilen eserlekua lortu zuenean emaitzak bere zakuan sartzea eta NaBaiko Maria Solanak erridikulua egitean aipamenik ere ez egitea. Hots, komenentziaren arabera, batzuetan lau herrialdeko eta besteetan hiruko alderdia izatea. EH Bilduk talde parlamentario propioa izango duelako ere badaude suminduta, Euzkadi Buru Batzarreko buruaren hitzak erakusle. Euskal hitzaren, interlokuzioaren monopolioa ez dutelako aurrerantzean jabego pribatu izango. Zenbait hamarkadaren ondoren, bi euskal talde parlamentario egongo dira, bata autonomista, hiru herrialderen ordezkari, bestea independentista, lau herrialderen ordezkari. Ea zer-nolako informazioa ematen den ETBko albistegietan, ea «grupo vasco en el Congreso» horretaz aritzean, zertaz ari diren. Esperantza gutxi dut ETBn instalatu den alderdikeria lotsagabea ikusita, baina, okerreko begiaz bada ere, begiratuko diogu egin beharko duten pirueta horri.

Bizpahiru gauza gehiago: Pedro Sanchez eta Pablo Iglesiasen arteko besarkadarekin ez dut uste euskal jendea pikatu edo haserretu denik. Horren inguruan aritzean, aurretiaz, prebentiboki-edo, ez dut uste sumindu plantak egiten aritzea inteligentea denik. Txeke zuririk ez, ados; mutur luze eta marmarti aritzea ere ez.

Nik ere ez dakizkit besarkada edo paktu horren atzean dauden arrazoiak. Usaindu daitezke, baina ez dakizkigu. Jakina lehen lasaitu horren ondoren, gorriak eta bost datozela. Jakina krisia sistemikoa eta konstituzionala dela, baina igual ez da Britainia Handiak duena baino handiagoa. Jakina badaudela krisi ekonomiko berri baten hotsak, Kataluniako gatazka, eta abar. Espainiarentzat aterabide oso posible bat autoritarismoaren atetik pasatzen dela egia da. Ikusiko da. Bitartean gozatu emaitzekin, patxada pixka bat, eta gogoan beti premisa lunatikoekin konklusio eroak ateratzen direla. •