Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Euskaldunen inertzia zenbait (II)

Azken bi hamarkadotan testuinguru linguistikoa erabat aldatu da EAEn. Hezkuntza sistema autonomikoa martxan jarri zenean, 1980ko hamarkadaren hasieran, egoera argia zen: gaztelera nagusi administrazioan, alor publiko zein enpresetan eta kalean, lurraldearen gehiengoan. Halere, nahiz eta etxean gazteleraz egin, bazegoen euskararen aldeko jarrera argi bat familia gehienetan. Izan euskal herritar jatorrikoak, izan gaztelar, andaluziar, galiziar... normaltzat jotzen zen seme-alabak euskaraz eskolaratzea, D ereduan. Halere, A eta B eredu linguistikoak ere sortu izanak, euskaraz ez alfabetatzeko eskubide bat egikaritu zuen, espainiar Konstituzioak eta euskal Estatutuak bermatzen dutena. Erresumako subditook derrigorrez jakin behar dugu gaztelera. Gainontzeko hizkuntzei dagokionez, erabiltzeko eskubidea legez onartua dago. Esker txarrekoak gu!

Kontuak kontu, EAEn jendartearen zati oso handi bat euskaldundu da eta hizkuntzaren ezagutza orokortu egin da. Euskararen oinarrizko maila bat duen jende kopurua inoizko handiena da. Baina aldi berean, B eta A ereduek helduen zati bat euskaratik urrun mantendu dute. Eta lanpostu publikoetan euskaraz lan egin ahal izatea beharrezko bihurtu denean (bestela euskaldunok ezingo genuke erabili administrazioarekin gure hizkuntza, legeak aitortzen digun gisan), batzuek gorrotoa garatu dute. Euskaldunok hizkuntza bakarra dakitenak diskriminatzen omen ditugu, “bizepsak whatsappa” edo “bihozkadak batukada” diskriminatzen duten eran (Angel Erro, handia!). Izan ere, EAEko-administrazioan-funtzionario-bihurtzeko-giza-eskubide-unibertsala urratzen omen da.

Horrek egoera eskizofreniko bat sortu du. EAEn jaiotakoen gehien-gehiengoa orain jada D eredura bidaltzen dute gurasoek, funtzionario-izateko-eskubide-unibertsal balizkoa gal ez dezaten. Baina bai gurasoak eta bai haurrak, hizkuntza eredu horren aurka daude eta euskaraz ez hitz egiteko ahalegin berezia egiten dute. Baditugu euskararen aurkako euskaldunak berriro, aspaldiko partez. Eredu linguistikoen hezkuntza sistema iritsi zen bere gailurrera. Jada ez du balio.

Bestalde, azken bi hamarkadotan gero eta gehiago dira gainontzeko kontinenteetatik iritsitakoak. Horientzat egoera ere berezi xamarra da EAEn. Etxean hizkuntza bat (urdua, arabiera, guarania, ingelesa...), kalean beste bat (gaztelera, ez bada herri euskaldunenetan) eta eskolan euskara. Gainera, ingelesa eta are frantsesa edo alemana ere. Azkarrak badira edo etxean laguntza handia badute, bapo. Bestela, akabo. Gainera, eskola kontzertatuan (eskola sarearen erdia EAEn!!!) xahutzen den diru publikoak, beharrezko baliabiderik gabe uzten du eskola publikoa, bertan maila sozioekonomiko apaleko haur eta gazteak pilatzen diren bitartean.

Estatus autonomiko berriaren gaineko eztabaidaren unean, lehen lerroan ezarri behar da EAEko hezkuntza sistema, bertan gurutzatzen baitira eredu autonomikoaren mugak, euskalgintzaren erronkak eta auzi sozioekonomikoa: euskara maila eta maila akademikoa (ez baitira gai ikasle asko euskaraz lan egiteko) behera doaz modu azeleratuan. Euskarak 1970ko hamarkadako inertziaren irudi ona galdu du jendartearen zati handi batean eta inoiz baino testuinguru eleaniztunago batean gaude. Egoera horretara berregokitu behar ditugu lehenbailehen hezkuntza sistema eta, aldi berean, gure proiektu nazionala bera ere. •