Nekane Zinkunegi Barandiaran

Memoria selektiboa

Azaroaren 25aren bueltan, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Helena Tabernaren “Nagore” dokumentala ikusteko aukera izan dut. Ondorengo egunetan, horrek utzitako gorputzaldia kudeatzen ari nintzela, izan dut Voxeko idazkari nagusi Javier Ortega Smithek Madrilen esandakoen berri. Besteak beste, ukatu egin du matxismoa, genero indarkeriaren aurkako legedia bertan behera uzteko eskatu du, emakumeon segurtasunik ezaren erantzule migranteak egin ditu eta “txiringito feministek” dirulaguntzak jasotzea salatu du.

Dokumentalean, ikusi nuen epaiketan nola esaten zioten Nagore Laffageren hiltzaileari gezurra esateko eskubidea zuela, bere burua defendatzeko egoki irizten bazion. Eta ikusi nuen, hilketa unea birsortzerakoan, erasotzaileak zeinen argi oroitzen zituen egindako ekintza batzuk, eta nola bere memorian ez zen beste galdera batzuei erantzuteko arrastorik geratu.

Aurtengo sanferminetan, 11 urte bete dira Diego Yllanesek Laffage erail zuenetik. Hamarkada bat baino gehiago igarota ikusi dut dokumentala. Baina seguru nago urte hauetan guztietan zenbaitek oso gogoan izan dutela gertatu zena, gertatuak eragin ziena. Eta ez nuke ahazterik nahi, ez hura ezta Ortega Smithek eta haren konpainiak esaten dituztenak ere. Ustezko demokrazia berdinzale honetan, ideia guztiak zilegi diren falazia sartu digutelako buruan, eta, astakeriek itsutzen gaituztenean, egunerokoan jasaten dugun zapalkuntza isila oharkabean geratzen zaigulako. •