Amagoia Mujika Telleria
Entrevue
Arantxa Urretabizkaia
Kazetaria eta idazlea

«Nire buruari jarritako lana izan da aurretik norbaitek irekitako bideak pixka bat zabaltzea»

Abenduaren 2an, Euskararen Egunaren bezperan, Antton Abadia saria jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, euskararen eta parekidetasunaren bidean ibilitakoaren aitorpena jasoz. Euskara batua sortzen ikusi zuen, kontatu ez den «prozesu itsusi» baten ondoren. Alardean emakumearen parte hartzea aldarrikatzeagatik jaso dituenak ez dira politagoak izan. Asko ikusiagatik eta ikasiagatik, aldarrikatzen duen eta bizitzen ari den zahartzaroan ikasteko asko duela sentitzen du oraindik.

Hondarribia zoragarri dago. Turista bakan batzuk, arratsaldeko argia erortzen, aurpegia zapla jotzen duen hotz atsegina. Urrutitik, Kale Nagusian gora badatorrela iruditu zait. Baina turista baten tankera hartu diot atari baten parean geratu eta pixka batean begira egon denean. Gerturatu eta bai, Arantxa Urretabizkaia da. Begiratuan sumatu dit galdera. «Beti, hemendik pasatzen naizenean, geratu egiten naiz. Laugarren zenbaki horretatik atera ginen».

1996ko irailaren 8an, 26 emakume Hondarribiko alardera sartzen saiatu ziren. Zaharrenak 54 urte zituen, gazteenak, 21. Arnasa sakon hartu eta atera ziren ilaran. Kolpeka, irainka, ostikoka, bultzaka hartu zituen kale jendetsuak. Gorrotorik gabe kontatzen ditu ordukoak, baina bere ingurukoei egindako zenbait beste berrehun urtean ez dituela ahaztuko aitortu du.

Astelehenean Gipuzkoako Foru Aldundiak Antton Abadia saria emango dio. «Harrituta eta pozik» jasoko du. Aldunditik nabarmendu dutenez, euskararen normalizazioaren alde emandako pauso bakoitza eskertu nahi diote eta baita euskal literaturan emakumearen iruditegiari buelta eman izana ere. Euskara eta emakumea, bizitza oso bat ibiltzeko balio duten bi hanka.

Zein ederra dagoen Hondarribia. Bizitzeko toki ona al da?

Polita da, horretan ez dago zalantzarik. Urte oso txarrak pasatu ditugu. Lehen hamar urteak oso txarrak izan ziren, gero, pixkanaka-pixkanaka, elurra urtzen den bezala, urtzen joan da. Oraindik ere topatzen ditugu aurpegi txarrak. Baina niri, pasatako guztiarekin, aurpegi txarrak ogi-puskak iruditzen zaizkit. Ezer esaten ez badute, aurpegi txarra jartzeak barregura ere ematen dit batzuetan. Ez zait inporta.

Orain ez zaizu inporta. Baina pasatu eta gero.

Guri denetarik egin digute. Guri egindako zenbait gauza izendatzeko ez zegoen hitzik. Pentsa, niri escrache-ak egin dizkidate etxean, oraindik hitz hori ezagutzen ez zenean. Baina, tira, ez dut gehiegi horretan pentsatu nahi, nahiko libre sentitzen naiz.

«Bidean ikasia» liburuan bada hotzikara sortzen duen pasarte bat. «Gehienek ez zeramaten belarritakorik, kontatu zigutelako Irunen bati baino gehiagori handik tira eginez zartatu ziotela belarriaren muturra. Esan nien ni ezin nintzela kalera belarritakorik gabe irten, baina nireek ez zutela arriskurik, klipekoak zirelako. Aspaldikoa dut belarritakoekiko zaletasuna eta arreta handiz aukeratu nituen galduz gero pena gutxiago emango zidatenak».

[Belarritakoak kendu eta mahaiaren gainean jarri ditu] Beti klipeko belarritakoak erabiltzen ditut. 1980 inguruan Indian egon nintzen. Hango leku batean, Rajastanen, emakumezkoek gainean eramaten zuten zeukaten aberastasun guztia, zilarra gehienean. Sekulako belarritakoak eramaten zituzten eta, pisuarekin, belarriak zartatzen zitzaizkien. Gure amak ere zartatuak zituen belarriak. Hor hasi nintzen klipeko belarritakoak erabiltzen, ez nuelako belarriak zartatzerik nahi.

Gatozen alardeko egun horretara eta belarritakoen arriskura. Latza.

Bai, oso bortitza eta latza izan da. Liburuarekin Euskal Herrian barna ibili naizenean, irakurle taldeekin, konturatu naiz jendea harritu egiten dela. Guk bagenekien mugak genituela gertatzen ari zena gizarteratzeko eta jendea oraindik harritzea horren seinale da. Eta oraindik ere gertatzen dira erasoak, institutuan esaterako. Aurten bertan badira Batxilergoa egitera Hondarribitik kanpo joan direnak, hemen eraso egin dietelako.

Liburua idaztera animatu nintzen konbentzituta nagoelako badugula joera desberdin pentsatzen duena etsai bihurtzeko eta etsaiarekin krudelak izateko. Hemen alardearen inguruan gertatzen da, baina beste toki batzuetan gertatu izan da zaborra nola sailkatu eztabaidatu denean; edo beste herri batean bi traineru daudelako edo beste batean bi ikastola daudelako, edo bi dantza talde…

Ni ez naiz inoren etsaia, baina batzuek etsaitzat naukate.

Erretiroa hartzeko adina izanagatik, lanean ari zara.

Bai, astean behin Bilbora joaten naiz, Euskal Telebistara. Gainontzean, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, “El Diario Vasco”-n eta “El Correo”-n kolaboratzen dut. Horrela daramat ia 40 urte, kolaboratzaile bezala, eskatzen didatena egiten. “Egin” egunkarian hasi nintzen kazetari bezala eta han erredakzioan egon nintzen. Eta, gero, “Ere” izeneko astekari batean ere erredakzioan egon nintzen. Baina, geroztik, kolaboratzaile nabil.

Gustura? Aske?

Bai, aske bai. Badakit orain askorentzat helburu bat bihurtu dela egonkortasuna eta segurtasuna. Nik ez dut sekula izan grina hori eta aske sentitzen naiz. Badakit jubilazio hobea izango nukeela beste bide bat hartu izan banu, baina pozik nago egindako hautuarekin.

Nik ahizpa daukat, urtebeteko aldearekin eta, 16-17 urte izan arte, ondo-ondoan egon gara. Bere helburua izan da lan batean hasi eta lan horretan jubilatzea. Eta lortu du. Eta orain nik daukadan jubilazioa baino hiruzpalau aldiz gehiago izango du. Beretzat zoriona hori da. Nire anaia berdin, lanean hasi zen toki berean jubilatu da.

Ni ere horretarako hezi ninduten, gure amak horixe egin zuelako. 18 urterekin lanean hasi eta hirurogeitaka urterekin lantoki berean jubilatu zen. Hori da nire ingurua, gurasoek ni horretara bideratzen ninduten, baina ni horretatik urrundu egin naiz. Ez nuen nire burua ikusten bizimodu mota horretan.

Korrontearen kontrakoa eta kaskagogorra?

Akaso izango naiz kaskagogorra. Ni harritu egiten naiz batzuek seme-alabak bideratzeko duten gaitasunarekin. Nirekin gurasoek ez zuten lortu. Aita goizegi hil zen, nik 20 urte nituela, justu Batxilergoa egiten ari nintzela. Amak nahiago luke beste bide bat hartu izan banu, baina gure ama oso tolerantea zen, ez zen oso interbentzionista. Nik hori berarengandik jaso dut.

Antton Abadia saria emango dizute, besteren artean, euskararen normalizazioan egin duzun lanagatik. Donostiako Egia auzoan jaioa, euskaraz hazi al zinen?

Niretzat euskara, 16-17 urte bitartera arte, ahozko hizkuntza izan da, etxean jasoa. Liburu bakarra zegoen gure etxean eta oraindik gordea daukat. Ni oso irakurlea izan naiz, baina gazteleraz irakurtzen nuen eta euskara ahozko hizkuntza zen niretzat. Gero ahizpa eta biok joan ginen Donostiako Kontserbatoriora. Maria Dolores Agirrek alfabetatzeko klaseak ematen zituen. Gipuzkeraz alfabetatu ginen 17-18 urte genituela. Orduan ikasi genuen hitzak ebakitzen eta…

Euskara batua sortzen ikusi duzu.

Bai, baina nire meritu bakarra Gabriel Arestik eta Ibon Sarasolak arrazoia zutela ulertu izana da. Bidea hori zela eta haiek markatutako bidetik joango nintzela erabaki nuen. Garai oso itsusiak egon ziren, kontatu ez direnak. Azkeneko argazkian oso dotore agertzen gara, baina bidean gauza oso itsusiak gertatu ziren.

Duela bizpahiru urte elkarrizketa batzuk egin nituen euskara batuaren inguruko hitzaldi baterako. [Carlos] Garaikoetxeak berak kontatu zidanez, garai hartan zentzuzkoak ziren zenbait pertsonak esaten zioten “h”-a komunista zela. Pentsa.

Ni bi lanetatik bota ninduten “h”-aren alde egiteagatik. Eta niretzat une hartan lana oso beharrezkoa zen. Etxean lau lagun eta bi soldata zeuden, amarena eta nirea. Nire auzoko ikastolan hasi nintzen irakasle bezala lanean. Halako batean deitu zidaten eta nik egokitutako liburu bat atera zidaten mahaiaren gainera. Euskara batura egokituta zegoen liburu hura. Lanetik bota ninduten horregatik. Momentu hartan Gipuzkoan toki batean baino gehiagotan bota zituzten andereñoak euskara batuaren alde egiteagatik. Batzuk elkartu eta epaitegira eraman genuen kontua. Nire ikastolako batzuek –txikitandik ezagutzen nituen–, epaiketan esan zuten ez nintzela sekula azaldu klasea ematera eta horregatik bota nindutela. Eta nik ez neukan kontrakoa esateko lekukorik.

Hurrengo urtean Lezoko ikastolara joan nintzen irakasle bezala. Lanean hasi eta hamar bat egunera kalera nindoala esan zidaten. Bailarako bilera bat egin zuten eta han norbaitek esan omen zuen ni Egiako ikastolatik bota nindutela euskara batuaren alde egiteagatik. Eta Lezon gauza bera egitea erabaki zuten. Akordatzen naiz nirekin zegoen mutiko baten amari esan niola, «baina zure semea nirekin dago gelan, zer kalte egin diot nik?». Ez zait sekula ahaztuko ama hark esan zidana: «Hori da okerrena. Zuk hazia bota eta ez da igartzen. Baina gero hazi hori handitu egingo da». Bigarren txanda hartan, lanik gabe geratu nintzenean berriz, Ibon Sarasolak eman zidan lana hiztegian. Eskertzen diot, bestela akaso irakaskuntzan segituko nuen eta beste bide bat ibiliko nuen.

Nik uste nuen hori izango zela gerora, zahartzean, kontatuko nuen pasadizoa. Ez nekiena zen gero, alardearekin, beste pasadizo batzuk izango nituela kontatzeko.

Badituzte parekotasunak euskara batuaren inguruko eztabaidak eta alardearekin ingurukoak.

Bai, badituzte. Hor ez zegoen Franco errua botatzeko, gure arteko liskarrak dira. Gero, denborarekin, ikusi ditut lotura horiek. Baina euskararen batasuna oso prozesu itsusia izan zen. Orain, berrogeita hamargarren urteurrenean, arrazoia genuela sentitzen dut eta eskertuko nuke norbaitek onartuko balu euskara batuaren kontrako jarrera horietan pasatu egin zirela.

Emakume bakarra zinen.

Bai. Baina ez nion garrantzirik ematen. Ohartzen nintzen bakarra nintzela, baina ez nintzen deseroso sentitzen. Nik idatzi egin nahi nuen. Txikitatik emakumeek idatzitako hamaika liburu irakurri nituen eta banekien ez nintzela ezer arraroa egiten ari. Neska koskorretan emakumeen liburu mordoa irakurriak nituen eta 20 urte nituenerako baneukan literatur kultura pixka bat, frantsesa batez ere. Giro hartan ni ez nintzen gutxietsia sentitzen, nik gutxiesten nuen nire burua, beraiek nik baino gehiago zekitelako gauza askori buruz. Baina beti izan dut konfiantza nire ikasteko gaitasunean, eta hori aitari zor diot. Konfiantza hori ez dut galdu oraindik.

Ordurako ni lanean ari nintzen. Erizaina izan naiz urte askoan, kirofano batean lan egin dut. Bidean ikasi nuen ofizioa, orduan gauzak desberdinak ziren. Gurutze Gorriko dama izan nintzen, baditut argazkiak. Eta kirofanoa utzi nuen andereño izateko. Baina gustatzen zitzaidan kirofanoko lana eta oraindik ezaguera pixka bat badaukat.

Bidean ikasia, dena.

Bai, ez neukan beste erremediorik. Niri gustatuko litzaidake beste askok ikasi duten bezala ikastea, horretara bakarrik jarrita. Nik beti zirrikituetatik ikasi behar izan dut, lanak utzitako tarteetan. Lana egin behar zen etxera soldata eramateko, ama oso gazte alargun geratu zelako.

Ikasteko grinaz segitzen duzu?

Bai, hori ez da galdu behar. Horretara joan nintzen Durangoko jardunaldi feministetara, ikastera.

Entzuna dizut faltan sumatu zenuela «zaharren» ahotsa.

Bai. Baina, zergatik ez ziren joan? Nik izena eman nuenean ez zidaten esan ezin nuela joan zaharregia naizelako. Baina, bestetik, zahartzaroari buruzko hausnarketa bat falta da feminismotik. Gorputza aipatzen denean ere, gazteen gorputza hartzen da kontuan; sexualitatea, erreprodukzioa… eta, zaharren gorputza, zer? Zaharrak aipatzen direnean, gehienetan, subjektu pasibo bezala aipatzen dira, zaindu behar diren subjektuak bezala. Nik zahar errebeldea izan nahi dut.

Zahartzaroak toki eskasa dauka gure jendartean.

Bai, baina hori gure belaunaldiaren errua da, garbi daukat. Gu gazteak ginenean bizitzaren gailurra helduaroa zen eta gazteak helduarora iristeko ikasten ari ginen. Gure belaunaldiak, 68ko belaunaldiak, gailurra ez zegoela helduaroan aldarrikatu zuen, gailurra gaztaroan zegoela. Eta orain ideia hori bumeran bat bezala etorri zaigu bueltan. Hortik dator hainbeste gizon eta emakumek –batez ere emakumek– gazte itxura mantentzeko daukaten irrika patetiko hori.

Nik “zahar” hitza aldarrikatzen dut. Ni zaharra naiz eta ez dut barkamenik eskatzen zahartzarora iritsi naizelako. 72 urte ditut eta zaharra naiz, noiz egiten da ba bat zaharra? Zahartzaroa tabu bat da.

Nolakoa da zure zahartzaroa?

Aktiboa. Nik ez dut atzera begira bizi nahi, aurrera begira bizi nahi dut. Gure tradizioan zaharrak zeuden irakasteko, ikasi beharreko guztia ikasia zutelakoan. Nik ez dut ikasi ikasi behar nuen guztia eta oraindik ikasteko grina daukat. Belaunaldi pare batean, asko aldatu da kontua. Lehen, zaharrek zeukaten jakinduria, baina, orain, gazteek irakasten dizkigute gauza asko eta, gainera, zaharrek dakizkigun gauza askok dagoeneko ez dute ezertarako balio.

Durangoko jardunaldi feministetara bakarrik joan zinen, lotarako zakua hartuta, ikasteko grinaz. Zer ikasi zenuen?

Hausnartzen ari naiz oraindik. Batetik, zahartzaroaren falta hori igarri nuen. Bestetik, oraingo feminismoa oso fisikoa da, asko erreparatzen zaio gorputzari eta sexu jarduerari garrantzi handia ematen zaio, modu esentzialista batean. “Nire jarduera sexuala hau da, beraz, ni hau naiz”. Adibidez, “ni lesbiana naiz”. Hortik aparte? Aberatsa zara? Pobrea? Aurrerakoia? Atzerakoia? Tolerantea? Fundamentalista? Nik gauza gehiago jakin nahi ditut, zure jarduera sexualak ez zaitu osoki definitzen. Iruditzen zait hor karga gehiegi ematen zaiola jarduera sexualari.

Hala ere, Durangon ez zegoen mugimendu feminista. Durangon mugimendu feministaren abangoardia zegoen. Hori oso kontuan izan behar da. Orain askotan esaten da garai bateko balioak galdu egin direla. Baina, zein balio ziren horiek? Boteretsuarekiko mendekotasuna –polizia, militarrak, Franco...–; desberdina baztertzea –gorputz desberdinak, familia eredu desberdinak...–; elizarekiko mendekotasuna… Horiek dira nik ikasi nituen balioak. Horiek gorde behar al ditugu? Ba, ez. Nik bizitzaren parte handi bat pasatu dut txikitan ikasitakoa baztertzen, desikasten, eta oraindik ikasteko asko daukat.

Horregatik, esaten denean atzera goazela, gaurko gehiengoa garai bateko abangoardiarekin konparatzen delako esaten da. Horrek ez du balio. Garai bateko orokortasuna gaur egungo orokortasunarekin konparatu behar da eta hor ez dugu atzera egin. Akaso garai bateko abangoardiek defendatzen zutena ez da oraindik bete edo akaso orokortasunak ez ditu ideia denak jaso. Baina abangoardiak abangoardiekin konparatu behar dira.

Bide onetik ikusten duzu olatu feminista hau?

Bai. Niretzat hirugarren olatua. Mareak behera egingo du halako batean, baina itsasoak beti jarraituko du hor, ez da desagertuko.

Orain errazagoa litzateke alardean eman zenuten pauso hura ematea?

Nik uste dut berandu hasi ginela. Trantsizioan hasi izan bagina, orduan dena zen aldagarri. Baina horrek gero kontrako erreakzio bat ekarri zuen eta gu erreakzio horren garaian ailegatu ginen.

Berriro egingo zenuke?

Momenturik okerrenetan etxean esan izan dut San Pedro kalean jarriko nintzela “Damutzen naiz” dioen pankarta batekin, baldin eta horrekin etxekoentzat bakea lortuko banu. Baina etxean hori esanda ez didate sinisten.

Baina nik ez dut ezer asmatu, ez euskararen batasunean ezta emakumeen aldeko borrokan ere. Norbaitek egin zuen lehenengo bidea, sasiak kendu eta bidea irekiz. Nire buruari jarritako lana da bide hori ahal den neurrian pitin bat zabaltzea eta, ahal dela, oso aldapa gora izan beharrean, pixka bat samurtzea. Baina bidea ez dut nik asmatu, beste batzuek irekitako bidea samurtzen saiatu naiz.

Sexu ahularen etiketa zamatsua asmatu zuenak…

Gezur handi bat da. Baina momentu honetan emakumeak ez ditugu gauza asko egiten ez debekatuak daudelako, ausartzen ez garelako baizik. Heldu da ausartzeko momentua, ausardia oinarrizkoa da. Etsaia ez dago kanpoan bakarrik, barruan ere badago.

Badaukazu proiekturen bat esku artean?

Badaukat, bai, nobela batekin ari naiz. Akaso nire azken liburua idatzia dago, baina gustatuko litzaidake beste bat idaztea.