Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Azokak

Lotsatuta nabil. Dardarka, gorrituta, totelka. Abendua hasi besterik egin ez den honetan urrun ikusten dut hilabete bukaera, eta Durangoko barra ertzetan xahutu zaizkit nire aurrezki apurrak. Eta bai, nik joan egin nahi nuen; zin dagit ekarpen bat egitera etorri naizela. Baina postuetara hurbiltzeak ikaratu egiten nau. Beste idazle bat baldin badago, zer? Berea ez den liburu bat eskatzeak asaldatu egiten nau. Eta idazlea bera baldin badago are okerrago, niri ez baitzaizkit liburu sinatuak gustatzen; nahiago dut neronek arkatzez azpimarratu eta marjinetan txorakeriak idaztea. Horregatik nabil lotsatuta, dardarka, gorrituta, totelka. Durangora etorri, tabernen labirintoan galdu eta ezer erosi ez dudalako.

Errudun sentitzen naiz, hemen, Plateruenako ertz honetan, nire moduko ganoragabez inguratuta, garagardo bana eskuan: euskarazko sortzaileak goseak hiltzen eta gu hemen bertso txikietan. Euskaraldian bere misioari eutsi ez eta bere betiko tabernariak «buenos días» esan eta zuzenean gazteleraz erantzun duenaren pare. Etxeko birziklapenaren aldeko kanpaina baten gisan; gu gara mundua suntsituko dugunak, arrandegira tuperra hartuta joaten ez garelako. Gure auzoko porlan fabrikak kea betiko moduan isuri arren, gurea da errua, gutako bakoitzarena. Nirea da errua, zurea, zehazki zuk, zehazki gaur eta zehazki hemen liburu zehatz hori erosi ez duzulako. Zuk hil zenuen euskal kultura.

Erosketarik egin ez, eta harrigarria da kargaren kargaz nola okertu zaidan bizkarra. Suntsitzera goazen mundu baten, hizkuntza gutxitu baten eta kultura gutxitu baten zama daramatzat gainean. Batzuetan iruditzen zait hegemonikoa denak ez duela osteopaten beharrik izango.

Amonarekin gogoratu naiz. San Martingo merkatuko postu batean igarotzen zituen goizak, «plazan». Tarteka laguntzera edo joaten ginen beregana udan. Goiz-pasa. Babarrunak aletzen aritzen ginen postu barruko ezkutalekuan. Aulkian eserita, ez genuen beste aldean zegoena ikusten, ez eta beste aldekoak gu ere. Azoka guretzat ahots multzo bat zen, egunero errepikatzen ziren ahots horiek.

Ez dakit zergatik joan naizen San Martinera. Akaso kultura bat hau ere badelako: ospatzeko, eztabaidatzeko eta borrokatzeko plaza bat; belaunaldiek talka egingo duten eremu bat; lagunekin egoteko espazio bat. Agian, galdera ez da zenbat garen; lau, bat, hiru, bost, zazpi. Galdera da ea non eta nola egiten dugun topo; nolakoak diren espazioak, nolakoak diren baldintzak. Ez gara erosleak bakarrik; sortzen ari denaren biziraupena ez da gure lan prekarioaren hilabete amaierako soberakinen ardura bakarrik. Bestelako babes-sistemak asmatu beharko ditugu. Kulturak ez baitira salgaiak; kulturak ez dira salbatzen. Kulturak bizi egiten dira.

Ni Landako ertzean geratu naiz; zorupean hondartzarik ba ote dagoen galdezka. •