Iñaki Soto

Joxe Azurmendiren ekarpenak ospatzeko kongresua

Nire ustez, Joxe Azurmendi euskal pentsamenduaren titana da. Ziur asko gure herriak eman duen pentsalaririk emankorrena da. Horrexegatik, datorren astean Donostian egingo den “Joxe Azurmendi: euskal pentsamenduaren ur-jauzia” garrantzitsua da. Berari buruzko katedra bat sortzea eta Haritz Azurmendi ikertzailea egiten ari den lana garrantzitsuak diren bezala. Ospatu behar dugun zerbait da.

Jakina, Joxe Azurmendiren lana eta bere ondarea ezin dira maila pertsonal hutsean aztertu, aro historiko jakin bateko ekimen komun zabal baten parte baitira: frankismoan eta ondoren Euskal Herria salbatzeko, berpizteko eta berreraikitzeko saiakera kolektiboaren parte dira, hain zuzen ere. Hor kokatzen dira Arantzazu; euskararen berreskuratzea eta garapena; kooperatibak; mundu zabaleko eztabaidak eta gure herriko ekintzak, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua, alegia; baita gure instituzionalizazio prozesua ere, unibertsitatea barne.

Kongresuan esango ditugunak ez dauzkat argi. Norberak bereak esango ditu, noski. Joxerenak ahal bezain beste esaten ahaleginduko gara, zintzoak bagara. Ondoko auzi hauei bueltaka nabil ni egunotan.

Eskolastikaren azken mohikanoak

Pentsatzeko molde hauek, are eta gaitasun hauek ere, ez dira errepikatuko. Belaunaldien eta ikasketa sistemaren aldaketa dago muinean. Iraultza kulturala hor eman da, etengabe. Ez soilik teknologikoa, baizik eta sakonagoa. Adibidez, honezkero ez da sekula Azurmediren garaian ikasten zen bezala ikasiko. Horrek, derrigor, Joxek guri irakatsi zigun bezala irakasteko aukera deuseztatzen du.

Ezagutza ozeaniko, ordenatu, eskolastiko, memoristiko eta sistemiko hori ez da berriz emango. Ezagutza hori guztia ikuspuntu kritiko batetik aztertzeko gaitasunak ere moteldu egin dira. Belaunaldi honekin galduko da hau dena. Horren ondorioak aurreikustea ona litzateke, antropologiaren eta pedagogiaren ikuspuntutik, agian.

Pentsatzeko sistema bat, sarri sistemaren kontra

Nire ustez, beste gauza guztien gainetik, Azurmendik pentsamenduaren historian eta euskal gatazketan oinarritzen zen sistema bat eman digu. Ondo pentsatzeko sistema bat, ez moralaren zentzuan –hau beste eztabaida bat da, eta kongresuan ateratzea gustatuko litzaidake–, baizik eta epistemologiaren zentzuan. Ondo pentsatzearen alternatiba, nola ez, gaizki pentsatzea, gaizki arrazoitzea da.

Etikaren eta politikaren auziari helduz, ETAren kontra (eta alde) pentsatzeko eta egoteko erak zeuden, eta daude. Joxeren pentsamenduarekiko jaiera berriak ikusita, horri buruz eztabaidatuko dugula aurreikus daiteke. Oraingo heldu zintzoak aseezinak dira.

Putzu batean bainu eder bat hartu, eta segi aurrera

«Nire ideiak norbaitek irakurtzen ditu, eta bere ideiak martxan jartzen dira», azaltzen zuen Azurmendik. Bere ideien emankortasuna itzela da. Ur-jauzi horren norabidea eta sakontasuna Donostian ikusiko dira.

Euskal Herriak aurrean dituen erronkak ere itzelak dira. Krisi zahar eta berrien aurrean, herria eta herritarrak buruan eta bihotzean dituen ekimen komunitarioaren aldekoen konjurazioa behar da. •