GAUR8
SARE SOZIALAK IRAKASLE

Youtuben sartzen diren «millenial»-en %70ek zerbait ikasteko asmoz egiten dute

Aditu batzuen arabera, «edutuber»-ak eta «influencer»-ak ezagutzaren dibulgatzaile bihurtzen ari dira sare sozialetan, Youtuben sartzen diren «millenial»-en %70ek zerbait ikasteko asmotan egiten baitute. Nonbait, «Z belaunaldian» jaiotakoek nahiago dute ikus-entzunekoen laguntzarekin ikasi liburuetan egin baino.

Sukaldaritza makrobiotikoa ikastea, zulo beltz bat zer den ulertzea, papiroflexiarekin ezpata bat egitea edota japoniar lorezaintzako historia edo teknikak ikastea erraza edo zaila izan daiteke Youtuben, baina joera nabarmena da batez ere gazteengan. Hartara, bideo-plataforma bihurtu da gauzak ikasteko sare nagusia.

Googlek emandako datuen arabera, Youtubeko millenial erabiltzaileen %70ek bideo bat ikusi dute zerbait berria ikasteko edo interesatzen zaien gairen batean sakontzeko. Sare sozialetan adituak direnen arabera, «Youtubeko hezkuntza arloko bideoak oso formatu interesgarria dira erabiltzaileentzat, hurbilekoak dira, ikus-entzunezkoak, estilo fresko eta atsegina dute, youtuber-arekin enpatizatzeko aukera ematen dute... Gainera, bideoa nahi den guztietan kontsultatzea abantaila da».

Egunero ikaskuntzarekin lotutako edukia duten mila milioi bisita gertatzen dira Youtuben, eta milioi bat baino gehiago partekatzen dira. Arrakastaren gakoetako batzuk ahozko narrazioa, lagunarteko hizkera edota esperientzia edo ezagutza propioa lehen pertsonan azaltzea dira, gazteek sare sozialez egiten duten kontsumo altuari gehituta –“Z belaunaldiko” kideen %47k egunean hiru ordu baino gehiago ematen dituzte Youtuben, eta baita millenial-en % 22k ere–. Horrez gain, plataforma bisualekiko zaletasunak ere azaltzen du gorakada.

Arrakasta hori plataformak berak ere nabaritu du, eta, ondorioz, Youtube Learning dibulgazio ekimenerako 20 milioi dolarreko inbertsioa iragarri du.

Erabiltzaile askorentzat bideo bat ikustea da gai bat ulertzeko edota ezagutzeko modu eraginkorrena, eta Youtubeko edukien aukerak amaigabeak eta askotarikoak dira. Hartara, erabiltzaileen %86k diote maiz sartzen direla zerbait berria ikasteko. «Jendeak sarean dauden bideoak begiratzen ditu trebetasun berriak ikasteko, gauzak ikasteko, pasioak jarraitzeko edota zalantzak kontsultatzeko, eta horrek segurtasuna eta konfiantza ematen die».

«Edutuber»-ak

Agertoki horren aurrean, ez da harritzekoa dibulgaziorako figura berriak sortu izana, hala nola edutuber-ak, hezkuntzan eta dibulgazioan espezializatutako youtuber-ak.

«Edukiaren sortzaileak gara, eta bideoa eta Youtube plataforma erabiltzen ditugu dibulgazioa egiteko eta edonori historia, matematika, musika, marketina edo beste edozein gai dohainik irakasteko». Eta Youtube erreferente handia bada ere, Instagram ere joera horri batu zaio.

“Z belaunaldiko” kideek nahiago dute Youtuben ikasi liburuekin baino. Izan ere, zientzia modu erraz eta dibertigarrian ulertzea erronka eta baliabide baliagarria da “Z belaunaldiko” gazteentzat. AEBetan egindako “Beyond Millennial: The Next Generation of Learners” ikerketaren arabera, 14 eta 23 urte bitarteko ikasleen %59k nahiago dute Youtuben ikasi eskolako liburuekin egin baino. «Ez dugu klaseen alternatiba izan nahi, ikasleek klasean ikasten dutena indartzen duen materiala izan nahi dugu», nabarmendu dute.