11/01/2020

Iñaki Soto
Aurreikuspenak egiteko abstrakzio maila egokia

Makro eta mikro ikuspuntuen artean kokatzen den lerroan egin daitezke gure bizimoduak ulertu eta nola aldatuko diren aztertzeko aurreikuspenik interesgarri eta emankorrenak

Urte aldaketa, are gehiago aurten bezala data borobila bada, aurrera begirako adituen iradokizunak irakurtzeko aukera ona da. Noizbait aipatu dut, adi adituekin. Beren burua horrela aurkezten dutenen %10era ez da iritsiko maila ematen dutenen kopurua. Gainera, gertatzen dena azaltzea zaila bada, zer esanik ez gertatuko dena aurreikustea.

Gaur egun aurreikuspen gehienak teknologiaren alorrekoak izaten dira. Aurten edo are datorren hamarkadan gertatuko denaren iradokizunak egiterako orduan, ordea, teknologien atzean dauden kultur aldaketei buruzko gogoetak bereziki interesgarriak iruditzen zaizkit. Adibidez, irakurri ditudan jite horretako artikuluetan, auzien azterketan konplexutasuna kontuan hartzeko beharra nabarmentzen da.

Abstrakzio maila

Norabide horretan, noizbait hemen aipatu dudan Azeem Azhar-en gogoeta bat bereziki interesgarria iruditu zait [www.exponentialview.co].

Aurreikuspenak egiteko garaian, bi joera identifikatzen ditu Azhar-ek. Alde batetik, aurrerakuntza teknologikoen ikuspuntu mikroa hartzen dutenen begirada dago, alegia, konputazio abiadura handituko duten txipen garrantzia bezalako auziak aztertuko dituzten adituak, adibidez. Beste alde batetik, makro ikuspuntua landuko dutenak egongo lirateke, mundu mailako eskualdeen arteko desoreken bilakabidea aztertuko duten adituak, beste adibide erreal bat jartzeko.

Azhar-en ustez, ordea, makro eta mikro ikuspuntu horien artean kokatzen den lerroan egin daitezke gure bizimoduak ulertu eta nola aldatuko diren aztertzeko aurreikuspenik interesgarri eta emankorrenak. Bere ustez, maila horretan kokatzen baitira gure gizarte erakunde garrantzitsuenak, gure bizitzaren parterik handiena eta garrantzitsuena ematen dugun tokiak, hain zuzen ere. Norbanako esperientziaren eta mundu mailako joeren arteko esparru esanguratsu gisa, Azhar-ek hiriak, komunitateak, enpresak eta industriak aipatzen ditu.

Konplexutasuna hauteman eta prozesatzeko erak

Gure hezkuntza eta kultur sistemak abstrakzio mailok identifikatu eta horiekin lan egiteko gaitasunak bermatzen ote dituen zalantzak ditut. Ez naiz goi mailako gaitasunez ari, baizik eta oinarrizkoei buruz, alegia, irakurri, zenbatu eta idazteaz.

Alor horretan, hezkuntzan oraindik dirauen zientzien eta humanitateen arteko banaketa zorrotzaren mugak behin eta berriz azaltzen dira. Akademian kezka hori egon badagoela argi dago. Adibidez, UPV-EHUko errektoreak, Nekane Balluerkak, kurtso-hasiera ekitaldiko hitzaldi bikainean aipatu zuen auzietako bat izan zen. Aldaketa teknologiko horiek ulertezinak eta kudeaezinak dira soilik aparatuez ari bagara. Bertrand Russell-ek energia atomikoaren garapenaz egindako gogoeta pertinentea da hemen: garapen teknologikoarekin batera garapen etikoak ez badira ematen arazoak izango ditugu.

Gailuen garapenak ekar dezakeenaz harago, aurrera begira, idazten eta irakurtzen dutenen, baita zenbatzen dakitenen eta ez bata eta ez bestea egiten ez dutenen arteko aldea ere gero eta handiagoa izango dela aurreikusten da. Ildo horretan, kontuz ibili behar da bai «hau oso sinplea da» bai «hau ulertezina da» ere esaldi positibo gisa azaltzen dutenekin. •