Ramon Sola

Bilbotik Madrilera, harkaitza biguntzen

Eguberri egunean, euskal preso politikoen abokatuek emandako elkarrizketa mamitsua argitaratu zen orriotan. Bide legalak jorratzeko EPPKren apustua ematen ari denaz eta ematen ari ez denaz luze eta sakon mintzatu ziren Txema Matanzas, Haizea Ziluaga eta Iñaki Zugadi. Datu eta hausnarketa potenteen artean, bazen tartean detaile argigarri txiki bat ere: duela hamarkada bat inguru gaixorik ziren zenbait preso etxera bidaltzen zituztela (espetxealdi arindu egoeran) gogora ekarrita, orain jada zergatik ez den gertatzen galdetuta, Josu Uribetxeberriaren auzia agertu zen Estatuaren balizko inflexio-puntu gisa.

Borroka hori gertu-gertutik bizi ostean, uste berekoa nintzen ni ere, abokatuok adierazi aurretik. Uribetxeberria askatzea nekez lortu bezain pronto ate hori giltzarrapoz itxi zuen PPren Gobernuak, besteak beste, horrelako kasuetan presoak aske uzteko euren bizi itxaropena bi hilabetekoa izatea ezartzen duen irizpide krudel, maltzur eta zentzugabea onartuta. Ez hori bakarrik: borroka horretan nabarmendu eta lan itzela egiten ari ziren Herrirako kideak atxilotu egin zituzten kasu hartatik gutxira eta mugimendua bera legez kanpo jarri zuten. Orduan, gaizki egon al zen borroka hura? Ez, inolaz ere ez: Uribetxeberria hil ala biziko egoeran zen, gero tamalez egiaztatu zen bezala. Etxera ekartzeko, PPren Gobernuaren itxikeriak ez zuen beste aukerarik uzten; talka baino ez zen. Baina bistan da ez zela bide horretatik konponbide eredu sendo bat sortzerik. Talka egin eta metro bat edo bi aurreratu eta beste bat edo bi atzera egitea gerta daiteke, eta, beraz, bidean benetan aurrera egiteko, indar ezberdinak nolabait norabide berean jartzea ezinbestekoa da.

2012an jazo zen hura. Zazpi urte eta erdi joan dira geroztik eta baldintza berri ugari sortu dira, batzuk denbora hutsaren poderioz eta beste batzuk lanari eta erabaki egokiei esker. Eta aste honetantxe sortu da benetan aurrez aurreko indarrak norabide berean jartzen hasteko aukera, Unidas Podemos barnebiltzen duen Gobernu espainol berria eratu ostean. Espetxe politika aldatzearen alde mintzatu eta urte eta erdiz urratsa atzeratu duen PSOEko agintaria buru duen Gobernua.

Norabide bera sortzea, elkarlana abiatzea, ezinezkoa ez dela frogatuta geratu da Paris aldean; ameskeria dirudi oraingoz Madrilen Justizia Ministerioaren eta Euskal Herriko ordezkaritza baten artean euskal presoei buruzko konponbide mahai bat sortzea (edo ez?), baina badira auzia lasaitasunez bideratzen hasteko moduak. Etxeko lanak aurretik egin dituzte presoek, bide legalak pazientziaz baina erabakitasunez jorratuz. Eta horrekin egoki lerrotu da EH Bilduren posizioa PSOEren aurrean, Gobernu berria norabide berean jartzeko guztiz zentzuduna: salbuespen neurriak indargabetzea da lehentasuna eta gero-gerokoak. Foro Sozialak aurkeztu berri duen ibilbide orria ere oso lagungarria da.

Dimentsio berria ematen dio egoerak gaur Bilbon deitu den mobilizazioari, helburuz Baionakoaren parekoa. Urterokoa da manifestazioa... baina ez da urterokoa. Erritotik asko izan du historikoki, elkartasunetik baita, jakina; orain, eraginkor, erraztatzaile, laguntzaile ere bilakatu behar da herri mobilizazioa.

Artikulu honetako lehen lerroetan aipaturiko elkarrizketan, harkaitz bat azkazalekin urratzen ari zirela sentitzen dutela laburbildu zuten abokatuek. Harkaitza biguntzeko aukera, ordua, hemen da, espetxeak husteko bidean lorpenak alez ale urratu beharrean, geruzak banan-banan kendu ahal izateko. •