Koldo Sagasti

CAF eta mendeko iruzurra

Pasa den astean Donald Trumpek Palestinako gatazka, ustez, behin betiko konpontzeko egitasmoa aurkeztu zuen. “Mendeko Akordioa” izenez bataiatu zuten ekimena alde bakarreko sinatzaileek. “Mendeko Iruzurra”, berriz, zorigaiztoko ibilbide orriaren biktimek. AEBetako mandatariaren suhiak hiru urtez kozinatutako planak, funtsean, gaur egungo statu quo ilegalari legezkotasun bermea ematea du helburu: zazpi hamarkadaz indarrez bereganatutako eremuak onartzea, orain arteko okupazioa ontzat ematea, eta nazioarteko legediak ezartzen duenaren gainetik, estatu palestinar bat onartzea lurralde historikoaren %12an eta zati isolatuetan. Proiektu horren parte erabakigarria da NBEk onartutako mugetatik harago ezarritako kolonia ilegalak izatez anexionatzea.

Nazioarteko zuzenbideak gerra krimentzat hartzen du indar okupatzaileak eremu okupatuetara populazioa mugiaraztea, baina AEBetako presidentea eta haren suhia nazioarteko legediaren gainetik dauden mundu zoro honetan hori huskeria da. Nazioarteko itunek, halaber, debekatzen dute kolonoen kokaleku horiek betikotuko dituzten azpiegitura iraunkorrak eraikitzea, eta horretan ezinbesteko esku-hartzea dauka Euskal Herriko enpresa batek, CAFek. Beasaingo konpainiari Jerusalem Ekialdean, alegia, muga ofizialetik harago dauden koloniak hirigunearekin lotuko dituen tranbia eraikitzeko kontratua esleitu diote. Nazioarteko Legediarekin talkan, kokaleku ilegalak anexionatu eta auzune palestinarrak baztertuko ditu trenbideak. Gipuzkoako faktoriak munduko beste hamaika enpresak errefusatu duten kontratua sinatuko balu, erabaki historikoa hartuko luke: azken mendeko historiako iruzur handienetako baten partaide izatea. 1897an Theodor Herlzek mamitu zuen eta 2020an Donald Trumpek burutu nahi duen mendeko iruzurra. •