Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Sekretuak

Ustekabean agertu dira. Xurgagailuak, etxeko hautsek itota, erretiroa hartu zuen joan zen astean eta, estilo zaharrean, erratzarekin ekin diogu etxearen garbiketari. Komuneko mina-zelaiak eta sukaldeko txarrantxa koipeztatuzko hesiak igaro ondoren egongelako lautada zabaletan paseatu ditugu gure gailu aurremodernoaren bizar tenteak. Eta logelan gertatu da, ohepeko hautsezko oihan trinko eta itxietan. Hortxe zegoen, batek daki noiztik, nerabezaroko eguneroko gorria, denborak errukirik gabe kolpatu arren oraindik hondoratu gabea.

Erratza hormaren kontra bermatu eta ohean eserita ekin diet indusketa lanei. Koadernoaren ahoa ixten zuen goma zatia kontu handiz erretiratu eta putz egin diot orrien artean pilatutako hauts geruzari. Eta hortxe daude. Hortxe daude hamasei urterekin iraultzailetzat geneukan maitatzeko modu desesperatu eta posesiboan idatzitako (ustezko) maitasun (ustezko) poemak. Hor aberriari egindako ereserkiak eta euskarari idatzitako sehaska kantak, lagunen batekin izandako momentuko haserrealdi ustez betierekoaren kronika xehetasunez betea, lau silabako errimak eta eduki alerik ez duten bertsoak eta inoiz bisitatu gabeko lurraldeetan kokatutako eta aurreiritziz betetako ipuin labur eta, hala ere, luzeegiak.

Lotsatu egin nau izan nintzenak; hirugarren pertsonan hitz egin diot neure buruari orain dela hamasei urte koadernoa zirriborratu zuen nerabe ezjakin haren inguruan. Ez naiz ni, eta ez nintzen ni, beste norbait zen begietan azkura eragin didaten hizki horiek idatzi zituena. Erratz bat eduki nahiko nuke betileen lekuan, bere bizar zakarrekin orriak garbitu eta frogak desagerrarazteko. Ez bainintzen ni, nola izango nintzen bada?

Analisi grafologikoak nahi ditut; analisi kimikoak, fisikoak, arkeologikoak. "Iruñea-Veleia" bat daukat ohepean, batzuetan barruan sentitzen ditudan zalantzak eta beldurrak azaltzen dituen koaderno bat; ikasi eta ahaztu ditudan gauzen sedimentuetan ezkutatutako altxor galdu bat; noizbait –eta ez gutxitan– hanka sartu nuela frogatzen duten lekuko isilak. Ostrakak ostrukak bezala hauts artean ezkutatuta. Denak atera nahiko nituzke lehenbailehen dauden lekutik, hemendik hogei urtera niri buruz hirugarren pertsonan jardungo den “ni” horrek aurkitu ez ditzan. Ohepea arakatu beharko nuke horretarako ordea, eta ikaratuta nago, ez baitakit zer gehiago agertuko zaidan. Orain koaderno gorri bat baino ez daukat eta epaiketa neutral bat eskatzen dut, letra urduri eta pentsamendu baldar horiek ez direla nireak deklaratu nahiko nuke munduaren aurrean.

Denborarekin ikasten dela esaten didate lagunek, baina urte nahasiak bizitzea egokitu zaigu: gure hizkuntzaren jatorria togadunek erabaki behar duten garaiotan, denok daukagu ezkutatu beharreko munstroren bat ohe azpian. •