Mikel Zubimendi Berastegi
HAIN GERTU ETA HAIN IKUSEZIN!

Postalezko Donostiaren beste aurpegia: etorkin gazte, emakume zapaldu eta etxegabeen bazterkeria gorria

Etxerik eta paperik gabe edo esklabotza modu berrien adierazgarri diren lan baldintzen menpe, badira Donostian bazterketa sozial gorrian daudenak, askok ikusi nahi ez izan arren. Egoeraren jakitun, hiru arreta gune eta laguntza programa ahaltsua prestatu ditu Caritasek. Ateak ireki dizkigu errealitate hori ezagutzeko.

Ez dira ikusten edo ez dira ikusi nahi, ez dira ikusgarri egiten, baina “beste” Donostia horretan dauden errealitate gordinak dira, latzak benetan. Postalezko hiri ederraren bestaldean, gizarte bazterketa egoeran daudenek osatutako pertsona multzo esanguratsua dago. Bizitzari hari batetik helduta bizi dira asko, eta sarri estigmatizatuta daude etorkin izan edo buruko gaixotasunen bat izateagatik. Bizitzaren kolpeak jasandako lagunak dira, ongizatearen trenera igotzerik izan ez dutenak, ahultasun sozialaren fatalismora kondenatuak.

Baina beti dago bihotz oneko jendea, lagunkoia, errukiorra, sufrimendua pairatzen dutenentzat ezinbestekoak direnak. Horietako asko Gipuzkoako Caritasen ari dira lanean, motibazio ezberdinek bultzatuta, laguntzeko indarra akuilu. Boluntarioak dira, beren denbora librea hurkoari ematen diote, emakume baztertuei, etorkin gazteei, etxegabeei. Profesionalekin dihardute eskuz esku zailtasun ekonomiko edo oztopo sozialengatik bizitza duina, lan duina, etxebizitza eskuratzeko aukerarik ez dutenekin.

Caritasek aukera eder bat eskaini digu egoera ezberdin horien aurrean nola lan egiten duten ikusteko, bertako langileekin hitz egiteko, errealitate hortaz ikasteko. Aukera horren ondorioz sortu dira ondorengo letrak.

Sarean lan egin

Hiru gune bisitatu genituen: Miriam proiektua, bazterkerian eta ikusi nahi ez diren esklabotza forma berrietan diharduten emakumeen entzute eta arreta gunea; Hotzaldi gunea, etorkin gazteentzako aterpea eta berotasuna ematen duen gaueko zentroa; eta Aterpe, etxegabe eta bazterkeria larrian bizi direnen eguneko eta gaueko gunea. Hiru guneotan astindu zitzaizkigun barrenak, hiru guneotan ezagutu genuen jende zinez eskuzabala, hiru guneotan estimatu genuen sarean egiten duten lana, pertsonala eta pertsonalizatua dena, pertsona bakoitzari bere prozesu eta helburuetan laguntzea helburu duena, pertsonon oinarrizko beharrak (elikadura, atsedena, higienea...) asetzea ardatz.

Nikaragua eta Honduraseko emakume kementsuen ereduak indarra ematen du. Beraien egoeraz nola aprobetxatzen diren jakin genuen, barneko etxe-langile zein egoeratan ibiltzen dituzten. Maroko eta Aljeriako etorkin gazteekin lan egiten dutenak ere ezagutu genituen, izan genuen gazteon amets zapuztuen berri, beren egunerokotasun latzarena. Etxegabeak laguntzeko boluntarioen lanak hunkitu gintuen, urteetan pilatutako esperientziak ahalbidetutako funtzionamendu serioa. Eta ekimenok koordinatu eta beste makina bat zuzentzen dituen Caritasen lanaren dimentsioa ulertu genuen.

Esku hartze sozialaren bidez pertsonaren garapena bultzatzeko gizarteratze prozesuokin, bizitzaren lezio eder bat ikasteko parada izan dugu, hausnartzeko, hari asko suelto utzi eta aurrerantzean josteko aukera irekitzeko. Gutariko bakoitza izan daitekeelako arreta zentro eta laguntza programon onuradun. Inork ez dakigulako bizitzak non eta nola kolpatu ahal gaituen.

 

Gure adinekoak zaintzeko ezin ikusizko edo ikusi nahi ez diren esklabotza berrietara kondenaturiko emakumeak

Gipuzkoako Caritasen Miriam proiektuaren xede nagusia ahultasun sozialean dauden emakumeei harrera egin eta aintzat hartzea da. Eta bere egiteko nabarmenena, elkarrizketa pertsonalizatu baten ostean akonpainamendu plan zehatzak abiatzea da, emakume horien sustapen integrala, ahalduntzea eta autonomia handitzea helburu.

Hartara, formakuntza tailerrak antolatzen ditu Miriam programak, geriatria, pediatria, etxeko lanak, defentsa pertsonala, lehen artatzea, sukaldaritza, afektibitatea edo sexualitatea ardatz besteak beste. Oinarrizko tailerrak dira, ordu gutxikoak, boluntarioek emanak.

Badu Miriam proiektuak bigarren ildo bat ere: lan poltsarena. Izan ere, Donostiako Camino kalean duen egoitzara bertaratzen diren emakumeak, orobat, etxeko eta zaintza lanetan dihardute, batere baloratu ez eta lan eta giza eskubide asko urratzen dituen sektorean.

Zein da, baina, Miriam proiektura hurbiltzen diren emakumeen soslaia? Bada, %95 etorkinak dira, 30 eta 45 urte artekoak. Emakumeon %80 inguru latinoamerikarrak dira, batez ere Nikaragua eta Hondurasekoak. Zama familiar handiak dituzte, maren, emakumeen salerosketen edo genero biolentziatik ihes etorri ziren, ez daukate baliabide ekonomikorik eta asko, Euskal Herrira etorri ahal izateko, zorpetu egin ziren. Ez dute babes sarerik, bakarrik daude, etxerik gabe, administratiboki arautu gabeko egoeran. Inork ez ditu legeztatu nahi, horretarako 3 urte erroldatuta egon eta gutxienez urte bateko eta lanaldi osoko kontratua izan behar dutelako. Beraz, kontraturik gabe hasten dira lanean sarri. Horietatik asko astelehenetik igandera, 24 orduz egunean, barneko etxe-langile gisa, soldata minimoa jasoz, nahiz eta legeak dioen 950 euroko soldata minimo horri astean 40 ordu eta asteburuetan jai izatea dagokion.

Denetarik dago, jakina, eta badira, badirenez, bihotz eskuzabala duten familiak, baina gutxienekoak dira, gehienek ahalik eta gutxien ordaindu nahi dute eta ahalik eta gehien eskatzen dute. Hartara, familia asko gerturatzen dira –eta gehienak Jaurlaritzaren dependentziarako diru laguntzak jasotzen dituzte– Caritasera emakume desesperatuenak, merkeenak topatuko dituztelakoan.

Etxean lo egiten duen etxeko langilea izatea, aspaldi, aberatsen kontua zen. Egun, gero eta familia gehiagoren kontua da. Emakumeok bilatzen dituzte, etxean lo egingo duten langileak. 950 euro ordaindu eta legea bete dutela uste dute.

Miriam proiektuan hilabetero 100 emakume berri hartzen dituzte, gehienak iritsi berriak, eta gora eta gora doaz zenbakiak, etengabe iristen dira. Beren herrialdera bueltatzen direnak ehuneko oso txiki bat osatzen dute. Nahiz eta lanik ez izan, eskertzen dute segurtasuna, hemen seguru sentitzen dira.

Emakumeok beren bizitzetan ez dituzte gauzak batere erraz izan, bizkar-zorro astun batekin iristen dira gurera, eta, hemen, lan egin, lana eta lana, besterik ez dute egiten. Aisia eta astia ez dira beren bizitzaren parte. Bakardade ikaragarrian bizi dira eta izugarri eskertzen dute akonpainamendua, norbaitek entzutea. Miriam zentrora sartu eta tartetxo bat geratzen dira bertan, epel daudelako, eser daitezkeelako, atseden hartu, beraien egoeran daudenak ezagutu, Whatsapp taldeak sortu...

Oso emakume borrokalariak dira, ausartak, kuraia handikoak. Irabazten duten diru ia dena euren herrialdera bidaltzen dute, eta kapritxorik gabe bizi dira. Patera pisutan sarri, sei pertsonentzako etxeetan hamalau biziz, gelak partekatuz, besaulkietan lo eginez. Edo alokairuarekin negozioa egiten dutenen atzaparretan erortzen dira, alokatu eta laguntzak lortuta, gero gelak berriz alokatzen dituztenak negozioa egin asmoz.

Prostituzioaren munduan erortzeko arriskuan dira asko. Sarri esku luzeko gizonezkoen esanetara lan egiten dute. Langabezian geratzen direnean ez dute ordainsaririk. Egoera latz horretan dagoen sektore bakarra da esklabotza ikusezin berri honena.

 

Hotzaldi: epeltasuna beti etorkinei, ahultasun soziala aurpegian baino hanka bustietan ikusten delako

Aitzol Mendiburu eta Laura Perez Hotzaldiko langileek adeitasunez hartu gaituzte, etxegabeei eta noraezean dabiltzan etorkin gazteei laguntzen jardutearen esperientziaren berri emateko. 18 urtetik gorako 47 etorkin gazte hartzen dituzte Caritasek Ategorrietan duen Hotzaldi gunean, bi emakumezko eta gainontzekoak gizonezkoak, gehienak Maroko eta Aljeriakoak.

Frustrazio eta zapuztutako amets asko soinean daramatzaten gazteak dira Hotzaldin hartzen dituztenak, Ceuta eta Melillatik Iberiar penintsulara jauzi egitea hobekuntza nabarmena izango zela uste baitzuten. Euskal Herrian egoera are hobea zela entzuna zuten, baina, behin hona iritsita, egoera petrala izan ohi da. Aurreikuspen altuegiak zituztela barneratzea ez da erraza.

Non dutxatu jakin gabe, goizetik gauera hankak bustita, urdaila hutsik, begirada eta estigmen jopuntu, latza izan ohi da gazteon egoera. Eta Hotzaldiren, bertako langile eta boluntarioen laguntzagatik ez balitz, are gaiztotutako litzaieke. Izan ere, Hotzaldin badute aterpea gauean zehar, berotasuna, bihotz oneko jendearen samurtasuna.

Gela handi batean dituzte jarrita 47 oheak eta, batez beste, urtebete inguru ematen dute bertan etorkin gazteok. Ez du erraza izan behar 47 lagunek gela berean lo egitea, arauak errespetatzea, liskarrik ez egotea, baina bi langile eta gaueko guardaren laguntzaz moldatzen dira. Hankak garbitzea beharrezkoa da Hotzaldin, dutxak dituzte, afari eta gosari beroa, errezatzeko gunea, garbitegia, erretzaile gela, egongela...

Goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara Hotzaldiko egoitza utzi behar dute. Etorkin asko ikasten dabiltza: gaztelera, soldadura, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza... Beraz, badute errutina bat, bide bat markatuta. Beste batzuk noraezean ibiltzen dira, epeltasuna emango dien liburutegi edo Tabakalera bezalako gune kulturaletan sarri.

Hotzaldiko etorkinak Donostialdeko futbol taldeekin entrenatzen dute, Herrerako meskitara hurbiltzen dira ramadanean zehar, Donostiako Jesuitetako ikasleekin Gabonetako afari partekatua egiten dute, Piraten abordaian parte hartzen dute... Beraz, sozializatzeko gogoz dira, eta, bai, asko eskertzen dituzte horrelako aukerak izatea.

Jakina pairatzen dituztela estigmak, ohartzen dira Donostiako Parte Zaharreko taberna batera sartu eta, lapurrak direlakoan, inkontzienteki agian, jendeak mugikorrak nola gordetzen dituen. Mendiburu eta Perez bezalako langile eta boluntarioei hori hitzez adierazi izan diete. Baina, oro har, pozik eta eskertuta daude Hotzaldirekin, lagunak, epeltasuna eta aukerak eskaintzen dizkielako.

Bertako langileek diotenez, unibertsitate ona da Hotzaldi, asko ikasten dute, pertsonaren giza kondizioaz, bizitzaren lezio, emozio eta demontreez.

 

Aterpe: etxegabeen etxea, bazterkerian daudenak aurrera egin dezaten ezinbesteko erreminta kutxa

Amara auzoko Aterpe gunea izan dugu ahultasun sozialaren aurpegi ezberdinak ezagutzeko bidaiaren azken geltokia. Jose Antonio Lizarralde Pottoko arduradunak hartu gaitu umore onean, prestutasun osoz. 250 boluntario dabiltza lanean bertan, egunean 150 bazkari banatzen dituzte, eguneko zentro eta gaueko harrera gune gisa funtzionatzen duen azpiegitura enblematikoan. Horrez gain, Eutsi gunea ere lekutzen da bertan, ahultasun egoeran denbora luzez egon eta ezin handiak pilatu dituztenen minak arintzeko ardura duena. Muturreko egoeretan egon direnen segimendua, medikazioa eta beste bermatzen duen gune horretan hamahiru pertsona daude egun.

Pottokoren esanetan, Aterperen gidalerro nagusia «pertsona bakoitzak, bere ahalmenen arabera, bide propioa urratzea da». Hotzaldin hanka bustiekin aipatu ziguten bezala, Pottokok ere baieztatu digu sufrimendua hanketan ikusten dela, eta ez aurpegian, azken hori garbitu egin daitekeelako. Hartara, itxaron zerrenda duen Aterpen, janariaz gain –bertako sukaldean boluntarioek prestaturiko bazkari xume bezain gozoa dastatu genuen–, besteak beste, dutxak, garbilekua, erizaindegia, ile apaindegia, podologia zerbitzua eta lo egiteko 22 ohe eskaintzen dituzte.

Sarritan, beharra urdailarekin parekatzen da. Eta egia da Aterpen ematen dituzten bazkari asko Elikagai Bankuaren edo Donostiako zenbait dendaren laguntzari esker eskaini ahal direla. Baina Pottokok adierazi zigunez, behar handia dago ere, agian handiagoa, azpiko arropa, galtzerdi, higienerako produktu eta gisakoekin.

Bizitza honetan denok ez gara abiapuntu beretik hasten, denok ez dute tren berdina hartzerik. Eritasun mentalagatik, bikote bereizketa gogor bategatik, dueluagatik edo lana galtzeagatik ahultasun sozial gorrian amildu direnei, egoerari aurre egiteko «erreminta kutxa» bat eskaintzea dute xede. Bertan daudenetako bat gutariko edonor izan daitekeelako, «Aterpe gizartearen ispilua» delako.

Beren lanaz harro dauden Aterpeko langile eta boluntarioek, urteetan pilatutako esperientziaren eskutik, bat datoz ideia batean: zein zaila den laguntzen dituzten pertsonen kasuan bezala, dena galdu duzunean dena berriz ere eraikitzea. Pottokoren hitzetan, «larreostia» da erronka. Ez da erraza, ez, baina erreminta kutxa egoki batekin, laguntza sare sendo baten bultzadarekin, ez da ezinezkoa ere. Horren adibide eder asko aurkitu daitezke Aterpen. Ez dagoelako fatalismora zertan lotu. Inor ez dagoelako sufrimendura betiko kondenatua.