Ramon Sola

Bens 1996, Zaldibar 2020, hurrengoa non eta noiz?

Lehenengo planotik bortizki koronabirusaren krisialdiak desagerrarazi badu ere, Zaldibarko hondamendiaren inguruko galdera asko eta asko erantzuteko daude oraindik. Lehentasunezkoa den alde humanotik, ozen entzun dira Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertutako langileen senideen ahotsak. Bigarren mailakoa bada ere, alde politikoan ezin oharkabean pasatzen utzi zenbait agintarik esanak eta eginak (edo egin gabeak). Mendi magal horretako ilunkeriak argitara ateratzen joan diren neurrian, onartezinago bilakatu dira Iñigo Urkulluren hasierako bi adierazpen: gertatutakoa «katastrofe natural» gisa jotzea lehenik, hauteskundeak deitzeko eman zuen prentsaurrekoan, eta hondamendia «ezohiko eta iragarrezin» bezala hartzea gero, Legebiltzarreko agerraldian. Ez bata ez bestea; luizia gizakiek goitik behera eragindakoa izan da, eta iragartzeko modukoa ere bazen (are gehiago, jada iragartzen ari zen).

Inoiz ez dela horrelakorik gertatu eman zuen nolabait aditzera EAEko lehendakariak, baina gezurra zela bazekien, jakin beharko zukeen. Ez baitzen hemendik urrun gertatu, ez eta iragan urrunean ere. Euskal Herrian ere sonatua izan zen Coruñako zabortegi batean gertatutako hondamendia, 1996an. Hirian bertan zen Bens izeneko hondakin mendia goitik behera amildu zen, itsasoraino helduz eta gizon bat lurperatuz. Zaldibarren bezala, kontrol ezak eragin zuen ezbeharra: ez zen lurra azpitik mugitu, zabortegia lehertu egin zen, lehertu egin zuten, hondakinak mugarik gabe pilatuz eta pilatuz.

Joan den mendeko azken urte haietara begirada itzuliz, Bensekoaz gain «katastrofe naturalak» ez ziren gehiago ere ezagutu genituen. 1996an behar ez zen tokian jarritako Biescaseko kanpina eraman zuen urak, 87 lagun hilez, horietako asko euskaldunak; 1997an behar ez zen galga sistema zuen trena bidetik atera zen Uharte Arakilen, 18 lagunen heriotza eraginez Euskal Herriaren bihotzean; 1998an Aznalcollarko hormatzarra apurtu egin zen, bertako hondakin toxikoak barreiatu eta hondamendi ekologikoa eraginez, orain Zaldibarren gertatu moduan... Eta hala ere, jarraian, 2000. urtean, industria jarduerei –osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeenak barne– aldez aurretiko kontrol publikoak arintzea erabaki zuen Lakuako Gobernuak, Josu Jon Imazek sinatutako dekretu negargarri baten bidez.

Zaldibarren jazotakoak hor ditu sustrai politikoak. Otsailaren 6tik hona behin eta berriz erabili dute agintariek aitzakia bera: luiziak ekiditea enpresaren ardura zen. Baina ez digute argi utzi zergatik egin zuten bilera orduan urtarrilaren 21ean (katastrofea baino bi aste eskas lehenago) Verterrek eta Ingurumen Sailak, zabortegiaren egonkortasuna mahai gainean egon zen bilera hain zuzen ere. Maisu dira mandatari batzuk mutuarena, gorrarena eta itsuarena egiten; Iñaki Arriola sailburuak elkarrizketa batean aitortu digunez, tarteka «ardo bat edo kafea» hartzen zuen Verterreko enpresaburuarekin, baina katastrofea gertatu ondoren ez du berriro egin, sikiera hondamendiaren zergatiaz galdetzeko: «Berak ere ez duela jakingo imajinatzen dut».

Bens eta antzekoen aurrean ezikusiarena egiteagatik etorri dira Zaldibar eta bestelakoak; esaterako, 2013ko Santiagoko tren istripuak Uharte Arakilgoaren arrazoi berdintsua izan zuen. Santiagokoari edota Zaldibarkoari kasu egin ezean, hurrengoan beste batzuk etorriko dira. Sinestezina dirudi, bai, baina dinamika horretan daude. •