Pello Otxandiano

Koronabirusa eta gu

Ezohiko gertaerek astindu gaituzte azken asteotan. Zaldibarreko luiziak, bi langileren heriotzaz gain, osasun larrialdi bat eta hondamendi ekologiko bat sortu zuen. Koronabirusak osasun larrialdi bat hamarraldietan ezagutu gabea eta beste bat soziala, atzoz geroztik milaka guraso baitago hurrengo hamabost egunetan haurrak nola zainduko dituzten asmatu ezinda. XXI. mendeko gizarte globalaren gaitzak biak, Mendebaldeak garatu duen metabolismo sozialaren etengabeko hazkundearen eta bizi eredu produktibistaren patologiak.

Segurtasuna izango da ezbairik gabe krisi-aro honetako gizarte-joerak markatuko dituen faktore nagusietako bat. Segurtasun falta hautematen dugu, mehatxu potentzialak antzematen ditugu, geure eguneroko bizitzak eta etorkizuneko proiekzioak baldintzatzeko gaitasuna izan dezaketenak. Hain zuzen, geure bizitzen kalitatea eta egonkortasuna mehatxatu dezaketen faktoreak ugariak izango dira datozen urteetan. Asko berriak, orain arte ezagutu dugun gizarte-moldean existitu ez direnak.

Klima larrialdia izango da horietako bat: migrazio-fluxuak ezagutuko ditugu, klimaren aldaketak sortutako hondamendietatik ihesean abiatuko den jendea. Beroaldiak, suteak, euriteak eta abar inoizko bortitzenak izango dira, eta geure ongizatean eragin zuzena izango dute. Digitalizazioaren ondoriozko segurtasun arazo berriak sortu zaizkigu dagoeneko. Zibersegurtasuna nola bermatu izango da erakunde publiko eta pribatuen erronka nagusietako bat.

Koronabirusak sortu duen egoera hau bada aukera bat oinarrizko gauzen inguruan hausnartzeko. Denbora gelditu agian ez baina geldotu egingo da datozen egunetan. Etxean ordu gehiago eman beharko ditugu, denbora nola bete pentsatu beharko dugu, futbol partidak eta bestelako ikuskizunak faltako zaizkigu, aspertzeko denbora izango dugu agian aspaldiko partez. Bada aukera bat bizimodu hipermodernoa ez den beste zerbait esperimentatzeko.

Gogoeta ariketa potoloena gizarte gisa jarri digu ordea. Oinarrizko beharrizanak nola bermatu eta zaintza lanak nola antolatu ari da pentsatzen une honetan jende asko. Bat-batean, ia hilezkor sentitzen ginen izaki teknologikook zeinen zaurgarriak garen ohartarazi gaitu. Eta, batez ere, ongizate sistemaren ahuldadeak jarri ditu agerian.

Ideologia neoliberalak mantra bat ezarri du: kontrol publikorik ez da behar, eta zerbitzuak eraginkorrago eskaintzen ditu merkatuak sektore publikoak baino. Etengabeko hazkunde ekonomikoa mantra nagusi eta ia bakar gisa daukan garapen eredu produktibista inposatu du, zaintza lanak familiarizatuz, eta, ondorioz, emakumeen bizkar gainean jarriz. Ideologia hori bera komunitate ehundurak suntsitzen ahalegintzen da: indibiduoa bakar-bakarrik nahi du merkatuaren aurrean, talde babesik gabe (ekonomiaren uberizazioa muturreko adierazpen gisa).

Bada, kontrol publikorik ezak mafia bat sortu du hondakinen kudeaketan eta bi langile dauzka zaborpean Zaldibarren egun. Eta zaintza lanen familiarizazioak krisi sozial bat sortu du koronabirusaren agerpenarekin.

Bada garaia garapen eredua bera auzitan jartzeko. Zeelanda Berriko gobernu laboristak barne produktu gordina baztertu eta ongizate adierazle berriak baliatuz diseinatu ditu azken aurrekontuak, adibidez. Ez da bakarra, geroz eta herrialde eta erakunde gehiago ari dira adierazten kostu-irabazien araberako epe laburreko ikuspegien gainetik berdintasuna, pertsonen eta ingurumenaren zaintza eta osasuna erdigunean jarriko dituzten ongizate adierazleen beharra.

Bukatu da politika ekonomiko baliagarri bakarra zergak jaitsi eta zerbitzuak pribatizatzea dela defenditzen zuen neoliberalismoaren arrakasta. Koronabirusak sektore publiko indartsu bat eta komunitate bizi bat behar ditugula jarri du agerian; biak ala biak ezinbesteko osagaiak erresilientzia komunitarioa garatu eta etorkizuneko larrialdi egoeretatik gutxien dutenak gehiago kaltetu gabe atera ahal izateko. •