21/03/2020

Durangoko emakume espetxe goibelean preso

1937ko martxoaren 31n, Italiako abiazio legionarioak Durangoko biztanleak bereizi gabe bonbardatu eta metrailatu zituen, eta ehunka hildako eta zauritu eragin zituen. Egun horretan bertan, Elorrio izan zen Italiako hegazkinek bonbardatu zuten beste herrietako bat, eta gutxienez zazpi lagun hil ziren. 1937ko apirilaren 28an Durangon Molaren tropak sartu ziren. Errepresioa berehalakoa izan zen: kartzela, heriotza, erbesteratzea, bortxaketak... 1937ko abuztuan, Neverseko Karitateko Ahizpen Kongregazioak Durangon zuen ikastetxea bertako Udal frankistari eman zion, gerra presoak sartzeko, zehazki, 14. Langileen Batailoiko 1. konpainia, Bizkaiko herrira hondakinak kendu eta berreraikitze lanak egitera eramandako lagunez osatutakoa. 1939aren amaieran, gerra amaitu ondoren, emakumeentzako espetxe bihurtu zen. Frankistek Estatuko beste kartzeletako presoak ekartzen zituzten, errepresaliatuak. Zenbait historialarik jasotako testigantzen arabera, emakumez betetako trenak iristen ziren abereentzako bagoietan, goiko aldean arnasa hartzeko nahikoa ez zen leiho bat baino ez zutela. Kartzelako baldintza higienikoak oso txarrak ziren: hotza, janari urritasuna, ur eta saneamendu falta... Kasu batzuetan, presoak sukar tifoidea izatera iristen ziren. Zeldetan oso leku txikian lo egiten zuten emakumeek eta beren seme-alabek, pilatuta, baldintza osasungaitzetan, hainbat gaixotasunen foku bihurtuta. Horregatik hil ziren preso batzuk eta haien seme-alaba batzuk. Kartzelarien bortxaketak ere izan ziren. Durangoko emakumezkoen espetxea 2.000 preso izatera iritsi zen. 1940aren amaieran zentro hura itxi eta presoak Zornotzako eta Saturrarango espetxeetara eraman zituzten. Irudia German Zorraquin argazkilariak egindakoa da. Preso talde bat eta haien seme-alabak ageri dira Durangoko emakume espetxearen aurrean, argazkilariari begira.