Joana Garmendia

Berrogeialdiaren dilema filosofikoak

Azken egunetan, bati baino gehiagori entzun diot une honetan bizi dugun egoerak distopia bat dirudiela. (Distopia: fikziozko gizarte ez-desiragarria, askotan apokaliptikoa; gehienetan, kontrola edo indarkeria gailendu diren egoera, eta giza alienazioa ekarri ohi duena.) Eta, bai, hala dirudi; baina ez da: bizitzen ari garen egoera honek ez du fikziozkotik ezer, benetan gertatzen ari da.

Esan nahi zutena, seguru asko, zera da: orain arte distopia batean soilik imajina genezakeena gertatzen ari dela. Duela ez asko fikzioan soilik irudika genezakeena benetan ari dela gertatzen. Gauza bera esan liteke zenbait auzi filosofikori buruz ere: askori teoria mailako dilema huts irudituko zitzaizkionak, filosofiaren joko tribialtzat hartuko lituzketenak, bene-benetako bihurtu ditu berrogeialdiak.

Filosofian ezaguna da “Presoaren dilema”. Bertsio asko ditu, baina hona hemen bat sinplea. Gaizkile-banda bateko bi kide atxilotu ditu poliziak. Horietako bakoitzari zigor ertaina egozteko adina froga badute, baina zigor zorrotzagoa ezarri nahiko liekete, bietako bati sikiera. Bi kideak bakartuta dituzte, eta eskaintza bera egiten diete: laguna salduz gero, libre utziko dute salataria. Baldintza horietan, lau egoera gerta daitezke: 1) Ez Ak, ez Bk, laguna saltzen ez badute, orduan biek urtebeteko zigorra beteko dute. 2) Ak eta Bk, biek, elkar salatzen badute, bina urteko zigorra beteko dute. 3) Ak B saltzen badu, eta Bk A ez, orduan A libre aterako da eta Bk 3 urte bete beharko ditu kartzelan. 4) Bk A saltzen badu, eta Ak B ez, B libre aterako da eta Ak 3 urte egin beharko ditu preso.

Nahiko baldintza sinpleak dirudite; jendearen erantzuna, ordea, ez da teoriagileek espero zuketena. Izan ere, nork bere buruaren mesedetan jokatuko balu, hotz-hotzean, laguna salatu behar luke. Bestela, pentsatu aukeretan: ez dakizu zure kideak zer egingo duen, baina 1) salatu bazaitu, zuri ere bera salatzea komeni zaizu (3 urte ez eta 2 soilik betetzeko); 2) salatu ez bazaitu, zuri bera salatzea komeni zaizu (urtebete bete beharrean, libre ateratzeko). Gure buruagan soilik pentsatzen badugu, beraz, laguna salatu beharko genuke, abelera horretan bageunde. Hemen dator, baina, sorpresa: esperimentua egin denetan, jendeak kidea ez saltzeko joera nabarmena du. Alegia, norberaren interesez harago, kidearekin kooperatzen saiatzeko joera erakutsi dute (kideak ere berarekin kooperatuko duela espero dutelako, diot nik). Jendeak taldearen onean pentsatzen du, nork bere buruaren onean baino gehiago. Hori, esperimentuetan.

Berrogeialdian ez dugu ez zigorrik, ez kartzela-urterik (ay, kartzela hau balitz!). Baina badugu goikoaren antzeko joko bat gure kaleetan. Gauzak errazteko, esan dezagun muturreko bi egoera ditugula: 1) denok etxean geratuko bagina, denok izango genuke asperduran 100 baina arriskutik 0; 2) denok lehen bezalaxe jarraituko bagenu, izango genuke asperduran 0 baina arriskutik 100. Noiz sortzen da jokoa? Aukera indibidualak nork bere gain hartzen dituenean: zuk berrogeialdia betetzen ez baduzu, izango duzu asperduran 0, baina denok izango dugu arriskutik 1. 17 lagunek erabaki badute gaur ez dutela zertan etxean geratu, 17ek izango dute asperduran 0, baina denok izango dugu arriskutik 17. Eta, tira, denok ere badakigu horrenbeste kontatzen, ezta?

Jende batek, badirudi, loteriaren gisan ikusten duela berrogeialdia urratzearena: «neronek erabakiko dut etxean ez geratzearen arriskua hartzea». Baina, ay, hau ez da loteria: birusaren saria ez da zozkatuko askatasunaren boletoak erosi dituztenen artean soilik; edonork txarteltxoa erosten duen bakoitzean, denontzat igotzen da ditxosozko saria lortzeko aukera.

Distopia dirudien errealitate honetan, aukera indibidualak tranpatiak dira: zure askatasunaren izenean kalera irten eta arriskutik salbu sentitzen bazara, gainerakoek zurekin kooperatzea espero duzulako da. Besteek denon hobe beharrean pentsatuko dutela espero duzulako joka dezakezu zerorrek zure buruan soilik pentsatuz. Horrek dilemarik sortzen ez badizu, gera zaitez etxean eta pentsatu, pentsatu. •