joseangel.oria@gaur8.info
UKRAINA

Txernobylgo istripu nuklearretik 34 urtera, Kiev da hiribururik kutsatuenetako bat

Kiev Ukrainako hiriburuan bizi diren herritarrek ezin dute etxetik irten koronabirusaren eraginez, eta leihoak itxita edukitzeko eskatu zaie, kanpoan dagoen airea oso kaltegarria delako azken asteotan piztu diren suteen eraginez. Txernobylgo zentral nuklearraren inguruko baso kutsatuak dira orain kiskali direnak. Horiek eragindako kea oso txarra da gizakiontzat.

Bihar beteko dira 34 urte Txernobylgo zentral nuklearrak istripu izugarria izan zuenetik. Kiev hiriburuan bizi diren herritarrek ezin dute etxetik irten koronabirusaren eraginez, eta leihoak itxita edukitzeko eskatu zaie, kanpoan dagoen airea oso kaltegarria delako azken asteotan piztu diren suteen eraginez.

IQAir Suitzako etxeak egin dituen azterketen arabera, hilaren 17an Ukrainako hiriburuak jasan behar izan zuen kutsadura mailak modu kezkagarrian gora egin zuen. Nola egin gainera!

Konpainia horretako adituek diote munduko hiri handienek baino aire kutsatuagoa zuela orain astebete Kievek, Txinako Hangzhou, Chongqing eta Shanghai bezalako hiriak atzean utzita.

Ukrainako Osasun Ministerioak egoera mendean daukala adierazi zuen, betiko jarrerari eutsita.

Adituaren atzera egitea

Aipatzekoa da Yegor Firsov Ukrainako Ikuskaritza Ekologikorako Zerbitzuko buruak apirilaren 5ean sare sozial baten bitartez jakinarazi zuela erradiazio mailak nabarmen gora egin zuela zentralaren inguruko eremuan. Gobernuak adierazpen horiek ukatu egin zituen eta erantsi zuen «muga normalen barruan» zeudela erradiazio mailak. Firsovek atzera egitea erabaki zuen.

Txernobylen 1986ko apirilaren 26an izandako istripu larriaren eraginez sekulako erradiazioa askatu zuen zentral nuklearrak, Europako leku askotara eramanez.

Gaur, berriz, ukrainar agintariek diote azken asteotako suteek ez dutela erradiazio arriskua handiagoa izan dadin eragin. «Ke lainoa sortu da Kiev hiriburuan eta eskualdean. Ez du eragiten ez mehatxu kimikorik ez erradiologikorik, eta erradiazio neurketak betiko mailan daude», esan zuen Ministerioak agiri baten bidez.

Edonola ere, agintariak ez daude hain lasai, arriskurik ez dagoela esan ondoren zenbait gomendio eman baitituzte. Hiriburuan bizi diren 3,7 milioi lagunei etxean geratzeko eskatu zaie. Gomendio hori betetzea erraza izango da, koronabirusaren eraginez herritar gehienak halaxe baitaude, etxetik atera gabe.

«Leihoak itxita eduki»

Bigarren gomendioa kezkagarriagoa izan daiteke: «Leihoak itxita eduki». Agintariek eman dituzten esplikazioen arabera, suteek eragindako keak buruko mina eragin dezake, eztula, arnasa hartzeko garaian arazoak izatea, begi narritadura eta sudurreko eta laringeko muki-mintzaren inflamazioa, beste gaitz batzuen artean. Alergiek ere gora egingo dutelakoan daude.

Ukrainako Poliziak jakinarazi duenez, Txernobylgo zentral nuklearraren inguruko basoetan sute handi bat piztu zen. Ehunka suhiltzaile aritu ziren lanean, babes bereziak jantzita. Lortu zuten garrak desagertzea, euriaren laguntzarekin, baina ondorengo egunetan berriz piztu zen sua, haizearen laguntzaz kasu honetan.

Energia nuklearra tartean den bakoitzean gertatzen den moduan, kasu honetan ere arazoaren berri ez zuten agintariek eman, ingurumenaren aldeko ekintzaileek baizik. Hasiera batean ekologistek esan zutenaren arabera, garrak zentralera gehiago hurbilduz gero, erradiazio maila asko igoko litzateke eta populazioa arriskupean egongo litzateke.

46.000 hektarea

Errusiako Greenpeacek jakinarazi duenez, satelite bidez hartutako irudien arabera, sutea momentu batez, suntsitutako erreaktore nuklearra estaltzen duen domo edo kupula erraldoitik 1.500 metrora egon zen.

Greenpeace talde ekologistak bere salaketa plazaratu zuenean, Ukraina iparraldeko basoek hamar egun zeramatzaten sutan. Ordurako 34.000 hektarea kiskalita zeuzkan Txernobyl inguruko sute nagusiak, eta beste 12.000 hektarea bigarren handienak. «Agintariek onartzen dutena baino askoz ere handiagoak dira suteak», erantsi du gobernuz kanpoko erakundeak.

Yaroslav Emelianenko bidaia-agentzia handizkariak sare sozial batean jakinarazi zuenez, zentral nuklearreko langileak eta beren familiak hartzeko eraikitako Pripiat hirira ere iritsi ziren garrak. Kalte ekonomiko larriak aurreikusten ditu Emelianenkok suaren ondorioz, turistak erakartzeko punturik ikusgarriena suntsituko litzatekeelako. Izan ere, datu ofizialen arabera, 2018an 70.000 lagunek bisitatu zuten Pripiat, eta kopuru horrek gora egin zuen 2019an, HBO plataformak eskainitako “Chernobyl” telesail arrakastatsuaren eraginez.

Ukrainako Gobernuarentzat lan egiten duten funtzionarioek hasiera batean onartu zuten normalean baino zesio-137 partikula gehiago sumatu zutela Kiev hiriburuan, baina erradiazio maila ez zela altuegia eta bestelako babes neurriak hartzea ez zela beharrezkoa. Ez da ahaztu behar zentral nuklearreko istripuaren ondorioz inguruetako landareengana erradiazio asko iritsi zela, eta orain landare horiek su hartzean, erradiazio hori askatu eta gizakiok neurtzen dugun mailak ere gora egiten duela. Baita gizakioi eragiten digun kalteak ere.

Euriak eraman zuen nolabaiteko lasaitasuna paraje haietara. Larrialdi zerbitzuek lortu zuten sutea gehiago ez zabaltzea, ez zentralera ez inguruan dauden instalazio militarretara sua iritsi ez zedin. Horrela esan zuen Volodimir Zelenski presidentearen bulegoak agiri baten bitartez.

Ekologistek nabarmendu dute suteak zentral nuklearreko hondakinak pilatuta dauden puntutik bi kilometro baino gutxiagora iritsi zirela.

Aurten ohi baino sute gehiago izan dute Txernobylen, negu leun baten ondorengo lehortea larria izan baita. Sute nagusia hilaren 3an sortu zen. Gazte bat atxilotu dute sutea eragin izana leporatuta.