Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta

«Hater»

Amorrua giza-sentimendu normala da, eta ezin diogu ez ikusiarena egin. Arabia aldeko erlijioek gozatzeko zenbait ahalegin egin badigute ere, herdoila kendu gabe emaniko pinturaren parekoa da: itxuraz dotorea, baina azazkalarekin hazka egiterakoan salto egiten du. Arlo psikologikoan asko sartu barik, egunotako konfinamenduan ikusten ari garen gauzekin zenbait pintzelada emango ditut, inpresionisten estiloan.

Erakunde publiko zein pribatuetatik, lehen uneetan mezu bat zabaldu zen: «hau denon artean geldiaraziko dugu», bla-bla-bla... Izuaren eraginez, mezua monolitikoa zen, arrakalarik gabea eta pixka bat agresiboa: #QuedateEnTuPutaCasa traol espainiarrak ondo irudikatu zuen hori. Nire inguruan fenomeno xelebre batek harritu ninduen: etxean giltzapean zegoen jendeak egiten ari zen ustezko sakrifizioa nabarmentzen zuen, nolabait mundua haiekin zorretan balego bezala. Diskurtsoa, gutxi gorabehera, honakoa zen: «ni izorratu naizenez, zu ere izorratu». Ñabardurarik ez zuen onartzen gainera: gaixo mentalek, elbarriek, zaharrek zein umeek, haien etxe putan geratzea baino ez zuten. Hori bai, jarrera zorrotz hori errealitatearekin alderatzean (lantokietako, garraioko, merkataritzako... egoera artean kaotiko xamarra zen), mutu geratzen ziren: «horrela agindu badute, zerbaitengatik izango da!» zen haien argudio bakarra.

Amorru mota honen beste adierazpen bat nabarmenagoa izaten ari da: “balkoi-polizien” fenomenoa. Lehenengo asteetan, kalean zebilen jendearen zelatan ibili ziren (txakurra gehiegi paseatzen zutenak, dendako txango luzeegiak egiten zituztenak...); gero, haurrak ateratzeko baimena lortutakoan, sare sozialak sutan jarri ziren lagunaren lagunaren lagunen batek bidalitako jende pilaketen argazkiekin, foku-distantzia eta zooma baliatuz multzo-efektua indartuz. Ikusteko dago datorren astean, kirola egiteko baimena ematen dutenean, zer gertatuko den. Pertsonongan oso ondo ikusten da konfinamendua nolako kaltegarria den buru-osasunerako.

Ingelesez bada hater kontzeptua (“gorrotatzaile”, literalki): edonoiz eta edozerren kontra manifestatzen den pertsona, alegia. Ni ere pixka bat horrelakoa naiz: lehen asteetan buru-belarri aritu nintzen umeak kalera ateratzeko aukeraren alde borrokan, eta horrek konfinamenduaren harira sortutako ekimen happy guztietan parte hartzeko gogoa kendu zidan. Oraindik ez zait itzuli. Horregatik, hasiera-hasieratik, 20:00etako txaloaldietan parte hartzeari laga nion. Histeria kolektiboko egoeraren erdian, “masaren” alderik txarrena, beldurgarriena, ikusarazi baitzidan: Espainiako Jaurlaritzak ezarritako segurtasun neurrietako batzuk, osasun ikuspuntutik ulertezinak, inkoherenteak izan arren, Hego Euskal Herrian inork ez zituen zalantzan jartzen. Are: kalera modu kontrolatuan ateratzea defendatzen genuenoi modu erasokorrean erantzuten zitzaigun. Txalo sutsuki egiten zuen jende horrek lintxamendu pelotoiak ekartzen zizkidan gogora, norbere jarduera zilegi dela sentituz kontrolaezin bihurtzen diren piztiak.

Akatsak akats, estimatzen dut agintariek egin duten lana –ez dut pentsatu nahi zer gerta zitekeen Espainiako lehendakaritza eskuineko alderdien eskuetan egon izan balitz–, baina osasun publiko aldetik gauza asko ez dira ondo egin, eta kritika zorrotza merezi dute. Akatsetatik ikasi behar dugu, hurrengoan prozedurak hobetu ahal izateko. •

www.abante.eus