Joana Garmendia

Galdetu Otegiri

Ikasleei beti esaten diet, unibertsitateko epaimahai batean, hobe dutela, galdera bati erantzuten ez badakite, horixe esatea: ez dakitela. Edozein gauza erantzutea baino hobe dela hori, alegia. Entsearazi ere egiten diet: «Oso galdera interesgarria, eskerrik asko auzi hori seinalatzeagatik; oraintxe ez nuke jakingo ondo erantzuten, baina pentsatuko dut horretaz, bai». Horren sartua daukagu gure buru-barrenetan galdera-erantzunen jokoa, zerbait ez dakigula onartzen ere entseatu egin behar dugula, bai. Ez da ikasleen kasua soilik, jakina, eta ez da epaimahai akademikoetan bakarrik gertatzen den zerbait; egunerokoan ere, erantzuna jakitea gustatzen zaigu, beti, edo hala dakigula erakustea, horrekin zerbait irabaziko bagenu bezala.

Lankideen artean, ikasleez ari garela, kontrakoa esan izan ohi dugu maiz, ordea: ikasle bati, erantzunetan baino gehiago, egiten dituen galderetan antzematen zaiola gaia menderatzen duen, behar bezala ulertzen ari den; ikasle finek galdera finak egiten dituzte. Galdera fina, galdera pertinentea da; auziari bete-betean jotzen diona. Auzia ondo destatu, eta jo. Horixe da gai bat ulertzen hasteko urratsik garrantzitsuena.

Emantzat jotzen da, ordea, denok dakigula galderak egiten. Ikasle bati esan diezaioket, erreparorik gabe, gaizki erantzun didala, eta zero jarri, gorriz, pedagogia berriei jaramon handiegirik egin gabe; gaizki galdetu didala, ezin diezaioket esan. Esan behar diot: «Ez dakit ondo ulertu dizudan; hau-eta-beste al da galdetu nahi zenidana?». Nahiz eta, batzuetan, galderak egiten dituztenean badirudien herriko jaietako barraketan denok ezagutu ditugun eskopeta okertuekin ari direla tiro egiten –tiropitxonean ari direla, zeri joko gehiegi axola gabe–. Baina, horrelakoetan ere, gaizki galdetu didala, ez, ezin diot esan ikasle bati. Nik ez, guk ez; Arnaldo Otegik bai.

Atzo ikusi nuen bideoa: “El Diario Vasco”-ko kazetariak pintaketei buruz galdetu zion Otegiri, eta hark, erantzun, ez zela hori galdera ona; CIAk Felipe Gonzalezi buruz esandakoen biharamunean zer eta pintaketei buruz galdetzea, une honetan pertinente den auziari oso oker destatzea dela. Galdera kaskarrari erantzun ona, horra. “El Diario Vasco”-ko kazetaria ez zen tiropitxonean ari, ordea; ehizan ari zen serio. Hauteskunde bezperetan, botere handia du zeri buruz hitz egin eta zeri buruz isildu behar dugun erabakitzeko ahalmena duenak. Eta, esango nuke, orain datozkigun hauteskundeetan botere hori nabarmen hazi zaiela kazetariei: jendez beteriko aretoetan mitinik nekez egingo denean, herriz herriko hitzaldi eta agerraldiak nola egingo diren oso ondo ulertzen ez dugunean, hedabideen bidez iritsiko zaigu, nagusiki, hautagaien ahotsa herritarroi. Hori horrela, garrantzi handia du hedabideetan zeri buruz hitz egingo den erabakitzeak. Hauteskunde-kanpaina honetan mahai gainean jarri beharreko auziak zein diren erabaki dezakete, eta hor ez dago eskopeta okerrentzat lekurik –pentsatu, destatu eta jo–.

Gauden adi, beraz. Hedabide bakoitzak bere barraka irekitzen duenean, ikusi zein sari diren lehenengo lerroan zintzilik dauzkatenak, begi erraldoidun panpinak nola. Esaten ariko zaizkigu horiek direla irabazi nahi ditugunak, horiek direla inporta dutenak. Oraintxe egin dut proba: CIA, birusa, Baionako osasun-langileen borroka, hemengo arrazismoa eta Donostiako metroa, batean; Eusko Jaurlaritza, Urkulluren dirulaguntzak, birusa eta kirola, kirol asko, bestean. Norena den barraka bakoitza? A ze galdera. •