Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Esaten ez digutena entzuten ikasi

Ekain hondarrean egin dugu topo. Garaiak eta egoerak eskatzen duen bezala, «zer moduz ari zarete?», galdetu diogu elkarri. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin ebaluazio saioak izan dituela kontatu dit, arduratuta ibili dela bizi seinalerik ematen ez zuen ikasle batekin. Bere harridurarako, ordea, esandako orduan agertu da mutikoa eskatutako proiektua besapean. Suabe-suabe hasi omen zaio galdezka gaixorik egon den, zerbait gertatu zaion... «ez naiz erantzutekoa» esan dio, serio-serio. Lankideen artean bolo-bolo dabiltza hitzordu telematikoetara kamera itzaliarekin, irudirik gabe, azaldu diren ikasleen kasuak. Antza, nerabeen artean zabaldutako kontsigna izan da. Badakigu beren garapenean ezaugarri garrantzitsua dela intimitate beharra. Eta eskatu diegu beren etxeko sukaldeetako sekretuak kideen begien aurrean jartzea... Ez ote du errebeldia puntu bat pantaila beltz horrek?

Eskola etxera joan den itxialdi garai luzean, etxekoak irakasle bailiran aritu diren sasoian, “eremu gris” infinitu bat sortu da etxeetara bidali ditugun lanen inguruan. Gehienetan ez dugu jakin proposamenak, jarduerak, ariketak eta abar kopiatu dituzten, norbaitek egin dizkien... baina horren gainean ebaluatu eta kalifikatu behar izan dugu kasurik gehienetan. Horretarako, ikusi behar genituen ikasleak, beren familiak, aztertzeko, interpretatzeko zertan ari ziren, zer ari ziren ikasten. Eta hainbat familiak harriduraz entzun gaituzte lau hilabetez ikusi ez ditugun ikasleak deskribatzen, langileak izan diren ala ez, zer ikasi duten eta abar epaitzen eta zenbaitetan nota jartzen. Egin behar genuen eta egin dugu. Ez dakit nahikoa galdetu ote diogun geure buruei zertarako, baina egin dugu.

Etxeratzea, batez ere, ikasketa garaia izan dela esango nuke, elkarrengandik ikasteko garaia. Inoiz baino nabarmenagoa bilakatu da elkarren beharra: lankideen artekoa; etxekoen eta hezitzaileen artekoa; neska-mutilen artekoa; gu eta ikasleen artekoa. Nago egoerak eskaini dizkigun ikasketa guztien artean beharrezkoenetako bat “esaten ez digutena entzuten ikastea” izan dela. Zer ari zitzaizkigun esaten ikasleak, adibidez, beren irudia belzten ari zirenean?

Uste genuenean kasik erantzun guztiak genituela, bizitzak galdera guztiak aldatu dizkigu, berriro. Ikusi eta entzun ezin dugun etsai suntsitzaile baten erasopean gaude. Hari aurre egiteko biluzik, ia. Txerto bat behar dugu elkarri berriro gerturatzeko, besarkatzeko. Elkarrekin bizitzeko, alegia. Baina hori lortu bitartean, gaixotasunarekin bizitzen ikasi beharko dugu, aurretik herrialde askotan beste gaixotasun batzuekin ari diren bezala.

 

Garai aproposa da gure curriculumak arakatzeko eta aztertzeko zenbat denbora eskaintzen diogun gure osasuna eta elikadura zaintzeari, higiene ohiturei, naturarekin dugun harremanari eta haren zaintzari, bizi ohitura osasuntsuak landu eta sustatzeari. Bizitza eta biziraupena erdigunean jartzen baldin baditugu, hori guztia ez litzateke aukera bat.

Ikerketek argi erakutsi digute gorputz osasuna eta emozionala estuki lotuta daudela. Ezagutza badaukagu. Zergatik ez ote gara ari, orduan, azpimarra jartzen emozioetan? Botikek babes eskasean utzi gaituztenean gure emozioak zainduz gure sistema immunologikoa indartuko dugula badakigun garaian?

Kito ikasturte arraro hau. Oporraldi garaia baliatu beharko genuke gure barrura begira jarri eta galdetzeko nola nagoen, zer emozio piztu zaizkidan krisi hilabete hauetan, nola onartu eta leku eman diedan... gure erresilentzia gaitasuna neurtzeko, azken batean. Perspektiba hartuz, irailean etxekoak, lankideak eta neska-mutilak zaintzea tokatuko zaigu, eta, horretarako, ezinbestekoa da aldez aurretik guk gure burua zaintzea.

Ikasturte hasieran, “Saiatu etxerako lanekin baino, jakin-min handiagorekin irten daitezen” utzi ziguten idatzirik horman. Zaila izan da mandatua betetzea. Osasuna denentzat! •