Amagoia Mujika Telleria

AKTIBAZIORAKO BIDEAN GAKO BATZUK

Tokian tokiko hizkuntza-aktibazioa. Herritarrak eta euskara: aktibaziorako prozesua eta gakoak» izeneko ikerketak lau urteko lana biltzen du. Herritarrak aktibatzeko gako batzuk identifikatu ditu eta horiek martxan jartzeko pista batzuk ere eskaintzen ditu lanak. Hona hemen laburpen bat:

1 • Behar sozial bati erantzun

Aktibazio-prozesuak behar sozial bati erantzun behar dio. Behar horren kontzientzia edota zilegitasuna gizartean nahiko hedatua ez badago, elikatu, estimulatu edo sorrarazi egin beharko da lehendabizi, garrantzitsua baita herritarren kezkekin konektatzea eta aktibatzeko nahia edota gogoa piztea. Horrela, herritarren babesa lor dezake prozesuak, eta sinesgarritasuna eta legitimotasuna eskura ditzake.

Nola? Diskurtso berritzaileak erabil daitezke; aldaketa positibo batekin lotu; ilusioa piztu eta ez da komeni inor kanpoan uztea.

2 • Oinarrizko teoriak eta diskurtsoak adostu

Oinarri hori lantzeak abiapuntu sendoa emango dio aktibazio-prozesuari. Hau da, hizkuntzaren eta herri mugimenduen alorreko teoriak eta proposamenak lantzea komeni da.

Edozein ekimen martxan jarri aurretik, aintzat hartzekoak dira tokian tokiko aurrekariak eta giro soziala. Gainera, prozesuan zehar, komeni da beste esperientzia batzuen berri izatea eta formazio-saioak tartekatzea, ibilbidean zehar ikasi egiten baita.

Nola? Diagnostiko soziolinguistikoak aintzat hartu behar dira eta beste herri mugimenduen proposamenak eztabaidatu. Ez da komeni aktibismo hutsean erortzea eta formatzeko eta ezagutzak trukatzeko egiturak sortu behar dira.

3 • Administrazio publikoak eta herri mugimenduak elkarlanean

Herritarren aktibaziorako, eragile sozialen arteko elkarlana eta eragile horien eta instituzionalen artekoa onuragarria da ekimenaren babes sinbolikoa zabaltzeari begira, baita baliabide gehiago mobilizatzeari begira ere. Elkarlanean aritzeko, konfiantzazko harremana eraiki beharko litzateke. Horregatik, komeni da prozesuan parte hartuko duten norbanakoen nahiz eragileen arteko botere harremanak orekatzea; hitza, erabakimena eta protagonismoa partekatzea, alegia.

Ekimena alderdien arteko lehia politiko-elektoraletik blindatu eta aktibazio-prozesuak guztion babes politiko-instituzional osoa duela ziurtatzea komeni da. Era berean, gatazkak eta tentsioak kudeatu beharra dago, eragileen artean sortzen diren desadostasunak akordio negoziatuekin bideratuz.

Nola? Elkarrekin eraikitzeko jarrera sustatu behar da, parte-hartzaile bakoitza eroso sentiarazi eta oreka mantendu. Gainera, erakunde publikoen, sozialen eta herritarren funtzioak adostasunez banatu behar dira eta erabakiguneak zehaztu.

4 • Modu horizontalean antolatu

Prozesuak iraun dezan, garrantzitsua da antolaketa-maila zaintzea. Egitura irekiak eta horizontalak sortu beharko lirateke, norbanakoen eta eragileen parte hartzea sustatzeko.

Aniztasuna zaintzea funtsezkoa da: generoan, adinean, joera politikoan, klase sozialean, jatorri kulturalean...

Euskalgintzatik haragoko oinarri zabalago batekin (eragileekin nahiz herritarrekin) ere zubiak eraiki beharko lirateke, hartzaile hutsak izan ez daitezen.

Gainera, konpromiso-maila guztiak kontuan hartu behar dira prozesuan, eta, beraz, praktikan parte-hartze maila desberdinak egoteko bideak aurreikusi beharko lirateke.

Nola? Erakundeen eta norbanakoen egoerak kontuan hartu behar dira, guztiei modu berean entzun eta elkarri ezinbesteko direla sentiarazi. Denek izan behar dute ahotsa eta erabakimena, modu orekatuan, eta parte-hartzaileen dedikazio posibleak hasieratik argi utzi behar dira. Parte-hartzaile guztiek prozesua bere egitea komeni da.

5 •Talde eragilea eratu

Beharrezkoa da ekimenaren trakzio-lana egingo duen taldea zehaztea. Idealena litzateke talde hori zabala, heterogeneoa eta berria izatea (orain arte elkarrekin jardun ez duena). Bere egitekoa izango da ardurak hartzea, egitasmoak proposatzea, harremanak sortzea, sarea handitzea...

Sare guztiaren barrura zein kanpora begira egin beharko du lan. Ondorioz, talde horren osaketa berariaz landu behar da; izan ere, ezaugarri jakin batzuk eduki behar lituzkete taldekideek: sormena, indarra, ausardia, umorea... Hori lortzeko, profil desberdineko kideak beharko ditu taldeak. Taldea zenbat eta askotarikoagoa, orduan eta irismen handiagoa; kontzienteki talde bilakatzeko pausoak eman behar dituzte kideek.

Nola? Harreman eta giro ona zaindu; tarte informalak ere partekatu, elkar zaindu; txandakatze-sistemak erabili; iritzi kontrajarriak ageriko egin eta landu.

6 • Prozesua nola egiten den zaindu

Aktibazio-prozesuari helburu argiak eta ausartak ezarri behar zaizkio, norabide jakinean lan egiteko. Plan bat finkatu eta ekimen zehatzak eta sinpleak asmatzea komeni da.

Sorkuntza-lan hori bideratzeko, prozesu malgua sustatu behar da, eta zailtasunak eta apalaldiak gainditzeko prestatu behar da.

Barne zein kanpo komunikazioa zaindu behar dira, eta garrantzitsua da bereziki lantzea emozioen eta harremanen arloa: entzuketa aktiboa eta integratzailea, hurbiltasun afektiboa, malgutasuna, umorea eta alaitasuna, bestearen zailtasunekin enpatiaz jokatzea, besteak diren moduan onartzea.

Nola? Tokian tokiko berezitasunetara egokitu; ekintza ikusgarriak eta originalak egin; kalea eta eguneroko harreman informalak geureganatu; aurrez aurreko harreman pertsonalak baliatu eta sinboloak landu eta ilusioa elikatu.