Ainara Lertxundi
«EMAKUME GUZTIOK»

Emakumeak eta pobreak, abortatu izanagatik espetxeratuak El Salvadorren

Elsi, Cinthia eta Mariana El Salvadorrekoak dira. Abortatu izana leporatuta, kartzelan egon ziren. Haien bizipenak jaso ditu Itxaso Diazek «Emakume guztion historia» dokumentalean. Salaketa proiektu honen baitan, Higinia Garayk eta Elizabeth Casillasek «Emakume guztiok» izenburua daraman nobela grafikoa osatu dute.

Zigor Kodea erreformatu egin zuten 1998an El Salvadorren. Haren 133. artikuluak legez kontrakotzat jotzen du abortua, haurdunaldiaren etenaldirako arrazoiak edozein direla ere. Bi eta zortzi urte bitarteko kartzela zigorra ezartzen du, baina, gehienetan, abortua leporatzen zaien emakumeei hilketa larriagatiko epaia ematen diete, hogeita hamar eta berrogei urte bitarteko kartzela zigorra ezarriz. Hori gertatu zitzaien Elsiri, Cinthiari eta Marianari. Mundubat Fundazioaren eskutik, Itxaso Diaz zuzendariak “Emakume guztion historia” dokumentala grabatu zuen El Salvadorren eta, horretan oinarrituta, Higinia Garay ilustratzaileak eta Elizabeth Casillasek “Emakume guztiok” eleberri grafikoa egin dute. Donostiako Tabakaleran aurkeztu zuten uztailean, pandemiaren ondorioz estreinaldia atzeratu behar izan eta gero.

1998ra arte, Zigor Kodeak hiru kasutan onartzen zuen abortua: ezinezkoa bazen umekiak bizirik irautea jaio eta gero, amaren bizitza arriskuan bazegoen eta haurdunaldia bortxaketa baten ondorioa bazen. Gaur egun, legeak ez du inolako salbuespenik aurreikusten. Are gehiago, 1999an El Salvadorrek Konstituzioa aldatu zuen, sortze une beretik pertsona izaera onartzeko gizaki orori.

2000 eta 2004 bitartean, abortua despenalizatzeko herritarren elkarteek 49 emakume zenbatu zituzten, gutxienez, abortuaren penalizazioarekin loturiko delituengatik zigortuak. Denbora tarte horretan, 250 emakume salatu zituzten agintariek, kasu askotan, medikuek beraiek ospitalera iritsi ahala. Gehienak 25 urte baino gutxiago dituzten emakumeak dira, hezkuntza maila oso baxukoak, ezkongabeak eta pobreak.

Askoren errealitatea

«Gure historia guztiak… historia bera dira / Epaitzen gaituzte. Frogarik gabe kriminalizatzen gaituzte / El Salvadorren jaio nintzen / Familia xume batean hazi nintzen/apenas joan nintzen eskolara / Hazi nintzen / Lana topatu nuen / Haurdun geratu nintzen /Goiz batean / Arrats batean / Gau batean/ Etxean nengoen / Lanean nengoen/ Kalean/ Mina sentitu nuen sabelean / Erremina bizkarrean / Komunerako gogoa / Gutxi falta zen umea heltzeko / Odola zegoen / Konortea galdu nuen, hori dut azken oroimena / Esnatzean eskuburdinak neuzkan / Epaitu aurretik, kondenatuta nengoen».

Horrela hasten da “Emakume guztiok” nobela grafikoa. Esaldi motz baina sakon horiek primeran laburbiltzen dute Elsiri, Cinthiari eta Marianari eta beste hainbat emakumeri gertatutakoa. Larrialdi obstetriko baten ondorioz eta ospitalez kanpoko erditze batean galdu zuten haurra, behin haurdunaldia aurrera eraman eta gero. Haien lekukotasuna aintzat hartu gabe epaitu eta espetxeratu zituzten.

«Hasierako ideia dokumentalean azaltzen diren hiru emakume horien bizipenak jasotzea zen, baina gero ohartu ginen kontakizun guztietan gidoi bera errepikatzen zela eta zerbait zabalagoa egitea pentsatu genuen. Elsi, Cinthia eta Mariana errealitate gordin horren erakusle eta sinbolo dira. Soilik emakume batek, Maria Teresa Riverak, lortu du babes politikoa, abortatzea leporatuta espetxeratua izateagatik», nabarmendu du Elizabeth Casillasek GAUR8rekin elkarrizketan, dokumentala lehen aldiz aurkeztu baino lehenago.

Suedian babestuta

Rivera El Salvadorreko herri txiki batean jaio zen. Haurtzaro gogorra izan zuen. Gerra garaia zen eta bere ama desagerrarazi zuten. Bost urte zituela bi urteko anaia txikiaren kargu egin behar izan zuen. Hala ere, ikasten jarraitu zuen, gauez, eta Batxilergoa bukatzea lortu zuen. 22 urterekin bere lehenengo semea izan zuen eta banandu egin zen. Handik denbora batera, 2011ko azaroaren 24an, komunera joateko beharra sentitu zuen. «Zerbaitek kalte egin zidala uste nuen. Ez nekien haurdun nengoela. Komuna hobi septiko bat da, pobreak gara. Altxatzean odolez blai eginda nengoen eta konortea galdu nuen. Esnatzean, ospitalean nengoen, eskuburdinak jarrita; nire semea hil nuela eta hiltzaile bat nintzela esaten zidaten», gogoratzen du. Berrogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Lau urtez egon zen preso. Espetxean bere egoeran zeuden beste emakume batzuk ezagutu zituen, horien artean, Maira Figueroa. Neskame lan egiten zuen etxean bortxatu zuten eta haurdun gelditu zen bortxaketa horren ondorioz. Bakarrik erditu zen, ezin baitzion inori esan gertatutakoa. Umeak ez zuen bizirik iraun eta 15 urte igaro zituen espetxean, bortxatzailea, etxeko jabearen iloba, aske zegoen bitartean.

2016ko maiatzean, bigarren epaiketa bat izan zuen. Epaileak bertan behera utzi zuen 40 urtez kondenatu zuen epaia eta Estatuari kalte-ordaina ordaintzea agindu zion arren, Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen. Bi aukera zituen, El Salvadorren gelditu berriro espetxeratuko zuten beldurrarekin edo atzerrira joan. Kanpoko laguntzarekin, Suediara joatea lortu zuen 11 urteko semearekin. Asilo politikoa eskatu zuen eta eman egin zioten. Abortatzeko eskubidea dela-eta asilo politikoa lortzen duen lehenengo emakumea da Rivera. «Espetxean ez dituzu baliabide ekonomikoak dituzten emakumeak aurkitzen, pobreak garen emakumeak soilik gaude han. Ez dago berdintasunik», nabarmentzen du egiten dizkioten elkarrizketa orotan.

Ausartak eta eskuzabalak

Elsik, Cinthiak eta Marianak larrialdi obstetriko bat izan zuten haurdunaldia ia amaituta zutenean. Ez zuten denborarik izan ospitalera iristeko. «Ez baita erraza osasun zentro batera iristea. Testuingurua ezagutu beharra dago. Mendian bizi dira, hara iristeko bideak traketsak dira, batzuetan, ez dago errepiderik eta gertuen dagoen ospitalea bi ordutara dago. Eta auto ilarak sekulakoak dira. Nola iritsi garaiz? Horrelako hainbat kasutan, gainera, medikuek beraiek jartzen dute salaketa, askotan haiek ere beldur direlako, emakume bati abortatzen edo ondoren laguntzea ere zigortuta baitago. Polizia zuzenean joaten da ospitalera, atxilotu eta espetxera eramaten dituzte emakume horiek. Ospitale publiko bateko ginekologia zerbitzuan lan egin zuen mediku batek esan zigunez, sail horretan lan egiteari utzi zion, beretzat oso bortitza zelako eta presio handiak jasaten dituztelako susmorik txikiena dutenean emakumearen kontrako salaketa jartzeko. Hala ere, klinika pribatuetan egiten dira abortuak, baina baliabide ekonomikoak dituzten emakumeek soilik abortatu dezakete haietan. Hori hala dela jakin badakigu», nabarmendu du Higinia Garayk.

Elsi, Cinthia, Mariana eta Teresa bezalako emakumeekin enpatia sentitzea zen Casillasen eta Garayren helburua eleberri grafikoa egitean. «Itxasorekin batera El Salvadorren egon nintzen emakume horiek elkarrizketatzen eta oso argi neukan zer islatu nahi nuen. Haien historia modu poetikoan eta metaforikoan kontatu nahi nuen. Emozioez hitz egin nahi genuen. Bizi duten ezintasuna irudikatu nahi genuen. Zoritxarrez, askotan errepikatu eta isilpean egon diren egoerak dira. Bertako elkarteen lanari eta nazioarteko presioari esker azalera ateratzen ari dira eta mahai gainean dago eztabaida. Baliabide gutxirekin jaiotzeagatik diskriminazioa jasan duten emakumeak dira. Eta, aldi berean, oso ausartak eta eskuzabalak dira. Sufritu duten guztiarekin, miresgarria da nola egiten dioten aurre bizitzari», adierazi du Garayk.

«Horrelako testigantza gordinak inspiratzaileak dira. Zorionekoa sentitzen naiz emakume horiek gurekin beren intimitatea partekatu dutelako, are gehiago, El Salvadorren ezin baitezakete askatasunez eta lasaitasunez hitz egin. Haiei beren bizipenak entzunda, zorionekoa sentitzen naiz hemen jaiotzeagatik eta hainbat eskubideren jabe izateagatik. Halaber, amorru handia sentitzen duzu haiek sufritu duten bidegabekeriagatik», gaineratu du Casillasek.

Ondorengo eguna

«Mundubatek ordezkaritza bat du El Salvadorren eta lan hau egitea proposatu zigun. Bitartekari lana egin zuen. Emakume hauengana iristea prozesu luzea izan zen. Gidoirik gabe gindoazen. Hiru astez egon ginen eta emakumeren batek gurekin hitz egin nahi izatea itxaron behar genuen. 2017an, El Salvadorren grabatzen aritu ginenean, elkarrizketatu genituen emakumeek beren ahotsa soilik grabatzen utzi ziguten, ez baitzuten nahi beraien irudia ateratzea, beldurragatik. Gizarteak ere askotan ematen die bizkarra, ez soilik legeak. Egunak eman genituen elkarrekin, haien familiekin, ez zen elkarrizketa soil bat izan. Hasieran, haien egunerokotasuna besterik ez genuen grabatzen. Lasaiago, gertuago eta irekiago ikusi genituenean hasi ginen haien hitzak grabatzen. Denbora tarte horri esker, modu naturalago batean egin ahal izan genituen elkarrizketak», azaldu du Itxaso Diazek.

«Ondorengoa ere adierazi nahi genuen, ez soilik espetxeko egonaldia, baizik eta gero nola egiten dioten aurre bidegabekeriari. Nolakoa da espetxetik atera eta ondorengo eguna? Nolakoa da birgizarteratzea? Maiz emakumeek ez dute esaten zergatik dauden preso, beste kideen bazterketarik edo tratu txarrik ez pairatzeko. Kartzela barruan baita kanpoan ere gaizki ikusiak daude abortatzeagatik preso dauden emakumeak, eta dokumentalean batek azaltzen duenez, sarri askotan presondegiko beste preso batzuek bortxakeriaz tratatzen dituzte. Beste batzuetan, familiak berak ematen die bizkarra. 17 urtez espetxean egon ostean, Marianak ez zuen inor aurkitu atarian. Inor ez zegoen haren zain. Duela hiru urte El Salvadorren –eta Hondurasen– egon ginenean, adin desberdinetako pertsonekin hitz egin genuen, abortuaren inguruan zuten iritzia jakiteko. Gehienek kontra zeudela adierazi ziguten. Bekatutzat jotzen dute oraindik orain», esan du Diazek. «Erlijioa oso presente dago familian, gizartean eta gobernuan. Mikrofonotik at, FMLNko legebiltzarkide batek esan zigunez, eskuineko talde politikoek eta Elizak presio izugarria egin zuten abortua legeztatzeko eztabaida proposatu zutenean. Azkenean, atzera egin behar izan zuten, ez baitzuten indar nahikorik», gaineratu du.

«Gizartea eta sistema bera oso matxistak dira. Emakumearen gorputza erabateko kontrolpean eduki nahi da maila guztietan. Izugarriak da, halaber, adin txikikoen bortxaketa kopurua. Sexu biolentzia familiaren barruan ere gertatzen da. El Salvadorren emakumeek orotariko biolentziak pairatzen dituzte», salatu du Garayk.

«Sexu biolentziaren ondorioz haurdun gelditzen dira emakume eta neskato asko eta dena delakoagatik haurra galtzen baldin badute, zigortu egiten dituzte. Paradoxikoa da emakume bat kartzelan urte gehiago egotea abortatzeagatik, bortxatzaile edo hiltzaile bat baino. Inork ez ditu emakume horiek entzuten; inork ez die azalpenik ematen ospitalean eskuburdinak jarrita esnatzen direnean. Ezin dute galdutako haurraren dolua ere egin», nabarmendu dute aho batez Diazek, Casillasek eta Garayk.