Maddi Txintxurreta Agirregabiria
INFILTRATUAK

Binarismo «paketatzaile» bat eta ez-leku feminista bat transexualentzat

Denbora luzea daramate transexualek euren eskubideen alde borrokan, eta sarritan feminismoarekin aliantzak sortu dituzte borroka horren mesedetan. Bada feminismoaren sektore bat, ordea, ez duena onartzen trans pertsonen parte hartzea «emakumeena» deritzen borrokan. TERF esaten diote feminismoaren korronte horri.

Beth Elliot emakume transexual, lesbiana eta artista agertokira igo zen abestera 1973ko West Coast-eko (AEB) Lesbianen Konferentzia Feministan. Lesbianen talde batean militatu zuen urte luzez, eta jardunaldietako antolakuntza batzordean zegoen. Hala eta guztiz ere, agertokira igo zen lehen gauean, zenbait emakume taldek gaitzetsi egin zuten Beth Elliotten presentzia, gizonezko bat zela esanez, barregarri utzi zuten, eta indarkeriaz gerturatu ziren, harengana, agertokira.

TERF akronimoak (Trans Excluding Radical Feminism, ingelesez) feminismo erradikal trans baztertzailea ordezkatzen du. Adiera horren erroak 2000ko hamarkadaren amaieran sortu ziren, baina 1970eko AEBetako zirkulu feminista batzuetatik eratorri da; izan ere, une hartan trans pertsonen alde egiten zuten feministak eta transexualitatea gaitzesten zuten emakume taldeak bereizteko termino baten beharra azaleratu zen.

Antitrans feminista askok iraina dela esaten dute gaur egun, eta nahiago dute «generoarekiko kritikoak» direla esan, nahiz eta beste askok beren sinesmenen deskribapen zehatz gisa ikusten duten TERF akronimoaren adiera.

1970eko hamarkadaren hasieran, «generoarekiko kritikoak» ziren taldeek trans emakumeak mehatxatu zituzten, emakumeen eta lesbianen eremuetan sartu zirelako, feminismoan militatzera. Hau da, TERF akronimoaz izendatutako horiek ez zituzten emakumetzat hartzen emakume transexualak eta emakumeentzat soilik ziren espazioetatik kanpo uztea eskatzen zuten, feminismoaren “Troiako zaldiak” zirela irizten baitzuten, infiltratuak.

Finean, emakume eta gizon izatearen ideia esentzialista eta biologizista bat defendatzen dute TERFek, sinesten baitute genitaltasunari eta hortik eratorritako rol sozialei lotutako identitateak direla.

Queer teoriak, sinpleki esanda, genitaltasunari begiratu beharrean, generoari dagozkion rol kulturalak aztertu eta gaitzesten ditu, eta transgenero eta zisgenero pertsonen aliantzak bultzatzen ditu. Teoria horren subjektu politikoak, emakumea bere esanahi soil eta biologikoan bainoago, generoari eta sexuari buruzko arauak hausten dituzten pertsonak dira. Izan lesbianak, gaixoak, transak, beltzak, pertsona ez-binarioak edo intersexualak, beste askoren artean. Hori dela eta, TERFen ustez, queer teoriak feminismoaren subjektua, emakumea, desitxuratu egiten du subjektu politiko gisa.

Parasitoak

TERF ideologiak garrantzi handia hartu du Erresuma Batuan. Bertan, genero pentsamendu kritikoaren aurka egindako erasoak, sarritan, «emakumeak isilarazteko» saiakeratzat hartzen dira. Sheila Jeffreys feminista lesbiana Erresuma Batuko Parlamentuan izan zen 2018ko martxoan, eta adierazi zuen trans emakumeak «parasitoak» direla «jazarrita dauden gorputzak okupatzen dituztelako». Bestelakoak ere esan izan ditu, kasurako, irrati programa batean adierazi zuen transa izatea blackface egitearen parekoa dela (zuriek aurpegia beltzez margotzeko praktika). Adierazpen horiek, ezin bestela, biolentzia eta jazarpenaren testuinguruan jarri behar dira, arriskutsuak izan baitaitezke trans pertsonentzat.

2019an National Sexual Violence Resource Center erakundeak (sexu indarkeriaren prebentzioan lan egiten duen irabazi asmorik gabeko erakundea) argitaratutako datuen arabera, «trans pertsonen ia erdiek (%47) sexu erasoak jasan dituzte» AEBetan. Gainera, erakundearen esanetan, «genero adierazpenaren ondorioz jazarpena, sexu indarkeria edo indarkeria fisikoa jasan zutenen erdiak bere buruaz beste egiten saiatu ziren».

PSOEren idatzia

Feminismoan gutxiengo batek osatzen duen arren, 1970eko hamarkadako AEBetan errotu zen mugimendu horrek indarra hartu du, eta, hori dela eta, trans pertsonen aurkako diskurtso eta jazarpenak babesa eskuratu du herrialde ugaritan, are gehiago Twitter eta antzeko sare sozialetan.

Ekainean, PSOEk komunikatu bat argitaratu zuen. Komunikatu horren arabera, «gero eta eztabaida handiagoa dago feminismoan funtsezkoak diren kontzeptu batzuk, hala nola sexua eta generoa, nola erabili behar diren zehazteko». Idatziak honako hau ere adierazten zuen: «Badira esparru akademiko eta aktibistan lekua irabazten ari diren teoriak (zehazki, queer teoria), sexu biologikoa ukatzen dutenak, eta, beraz, emakumeen errealitatea lausotzen dutenak. Sexua ukatzen baldin bada, ukatu egiten da gertaera biologiko horren arabera neurtzen eta eraikitzen den desberdintasuna». Alderdiaren beraren idazkaritzei eta bozeramaileei zuzendutako dokumentua Jose Luis Abalos Antolakuntzako idazkariak, Carmen Calvo presidenteorde eta Berdintasunerako arduradunak eta Santos Cerdan Lurralde Koordinazioko idazkariak ere sinatu zuten.

Hala, PSOEko kide batzuek dokumentuan argudiatzen zutenez, alderdia aurka agertuko litzateke «pertsonaren sentimenduek eta adierazpenek ondorio juridiko osoak dituztela aldezten duten jarreren aurrean», genero identitatearen autodeterminazioak «ez baitu arrazionaltasun juridikorik», haien ustetan.

Ildo horretan, idatziak bat egiten du ideia honekin: trans pertsona bat maila juridikoan egon dadin, «transexualitate egoerak egonkorra izan behar du»; eta aipatzen du Podemosek, gobernukide duen alderdiak, Jose Luis Rodriguez Zapateroren legegintzaldian PSOEk bultzatutako trans legeari 2018an egindako zuzenketa.

PSOEko sektore batek adierazi zuenez, «queer aktibismoak emakumeak subjektu politiko eta juridiko gisa lausotzen ditu, eskubideak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politika publikoak eta mugimendu feministaren lorpenak arriskuan jarriz».

Alabaina, PSOE ez da TERF ideiaren alde egin duen espainiar alderdi bakarra. Lidia Falcon Espainiako Alderdi Feministaren sortzaileak artikulu bat idatzi zuen PSOEren idatzia txalotzeko. Haserre agertu zen Podemosen proposamenarekin, zeinak defendatzen baitu –Falconen esanetan– ez dagoela sexu biologikorik, eta pertsonak erabakitzen duela emakumea edo gizona izatea. Hala, «jaiotza agiria eta nortasun agiria legez aldatzeko aukera ematen du». Hori guztia, «trans lobbyaren disparateei esker», zioen Falconek.

Artikulu hori, zeina, bide batez esanda, Hazte Oir erakunde ultrakatolikoari lotutako webgune batean idatzi zuen Lidia Falconek, Vox alderdi ultraeskuindarrak goraipatu zuen Twitter bidez.

«Ez da aukera bat»

Euskal Herrian ere, gutxi baina badira zenbait pertsona TERF mugimendua babesten dutenak. «Sare sozialetan jada sumatu ditugu korronte horien aldekoak eta, egia esanda, arduraz begiratzen diogu korronte transfobo horri, baina gure indarrak gure seme-alaben errealitatea ikusarazten eta gizarteari jakitera ematen bideratzen jarraitu nahi dugu, lan handia dagoelako oraindik egiteko», adierazi du Edurne Koch Naizen elkarteko kideak.

Haur eta nerabe transexualen eskubideen alde lan egiten duen elkarteko kideak iritzi du TERF mugimenduak «ultrek autobus laranjarekin ateratako mezu bera» dakarrela, Hazte Oir erakundearena. «Zuzen-zuzenean egiten dute gure alaben kontra. Hemen arazoa da jende askok ez duela gure alaben errealitatea ulertzen, pentsatzen dutelako neska izatea aukeratu dutela. Ez gara nekatuko esaten neska edo mutila izatea ez dela aukera bat, norberak bere buruarengan duen pertzepzioarekin daukala zerikusia, norberak bere burua nola identifikatzen duen», adierazi du.

«TERF mugimendu transfoboak eta feminismoaren alde batek ulertu behar duena da transexualitate egoeran dauden neskek, beste neskek bezala, ez dutela nahita erabakitzen beraien sexu kategoria. Ezagutze, aurkitze eta onartze prozesu konplexua da, eta, onartu ezean, sufrimendu handia eta konponezina sortu daiteke», azaldu du Kochek.