Isidro Esnaola

Zenbakien paradoxak, azalpen faltaren adierazle

Ez naiz estatistika zalea. Daturen bat lortu nahi duzunean, ia ezinezko bihurtzen da behar duzuna topatzea. Eta daturen bat zabaltzen denean, askotan zenbakiak ez du berez islatu beharko lukeena islatzen. Esate baterako, “Ekintzailetza” indizeak sortu diren enpresa berrien kopurua soilik neurtzen du, eta, noski, horrek errealitatean zerikusi gutxi du ekintzailetzarekin. Aitzitik, gure gizarteak zenbakiak maite ditu. Nahiz eta askotan zentzu handirik ez izan, edozein datu azalpen osatu bat baino gehiago baloratzen da.

Dena den, batzuetan estatistikek gauza zelebreak islatzen dituzte. Adibidez, AEBetako bigarren hiruhilekoko barne produktu gordinaren datuak, espero moduan, beherakada nabarmena erakutsi du, %32,9ko jaitsiera aurreko urtearekin alderatuta. Atalez atal ere nabarmena izan da beherakada. Igo den epigrafe bakarra diru sarrera pertsonalena izan da eta, gainera, %42,1 egin du. Aurrezkia ere hirukoiztu egin da, %25,7ra iritsiz. Aurrezkiaren igoera logikoagoa da: jendeak ez du kalera ateratzerik izan eta, horrez gain, etorkizuna nolakoa izango den argi ez dagoenean, joera nagusia zerbait gordetzea izaten da, badaezpada ere.

Baina diru sarrera pertsonalena harrigarria da. Are, astetik astera langabe kopurua neurrigabe igo denean. Bada, pixka bat arakatuz, soldata kopuru orokorra ez da hainbeste jaitsi. Horrek esan nahi du batez ere langile prekarioek galdu dutela lana. Gainontzekoek etxetik jarraitu dute lanean, edo etxera joan dira baina enpresaren kontura. Galdu diren lanpostuak eta galdu diren soldatak ez daude orekatuta, proportzioak ez du bat egiten. Dirudienez, Gobernuaren laguntza programa hain izan da indartsua galdutako soldatak konpentsatzea eta gainditzea lortu duela. Beste gauza bat da nola banatu den laguntza hori. Horrela, lanpostuen galera handia izan den une batean, langileen diru sarrerak hazi egin dira. Paradoxikoa bada ere, neoliberalismoaren eredu den estatu batean gertatu da hori.

Europan ere baditugu antzeko eredu neoliberalak. Harrituta geratu naiz ikusi dudanean Irlandako errentaren banaketa: langileen zatiak %28ko langa ozta-ozta gainditzen du. Ideia bat izateko, gaur egun, Europako estatuetan, gutxi gorabehera, errentaren erdia –pixka bat gutxiago– langileen eskura doa, eta, beste erdia, enpresen eta Estatuaren artean banatzen da: enpresen zatia etekinak dira eta, Estatuaren zatia, zeharkako zergak ekoizpenari emandako subentzioak kenduta. Irlandako datua Europako batez bestekoa baino hogei puntu beherago dago eta bertako soldatak ez dira Europako baxuenak… Hori asko da. Greziako batez bestekoa, adibidez, bost puntu handiagoa da. Estatu espainoleko datua, berriz, Europako batez bestekoaren parean dago eta, Estatu frantsesekoa, azkenik, guztien artean altuenetariko bat da (%52). Errenta banaketa horretan, Irlandako Estatuaren partea ere Europako txikiena da eta zergak ere ez dira Europako baxuenak. Modu berean, aurrekontu publikoaren pisua barne produktu gordinaren %25 besterik ez da. Europako hurrenkeran, Errumania da hurrengoa (%31).

Badirudi azalpena Irlandako zerga sisteman dagoela. Sistema horrekin, Irlandak multinazionalen (Google, Apple eta enparauak) etekin nagusiak erakartzea lortu du. Irabaziotatik ez du apenas zergarik kobratzen, baina, aldiz, Estatuaren kontabilitatean agertzen dira, eta atal horrek zenbaki guztiak distortsionatzen ditu. Zenbakien paradoxak. •