Joana Garmendia

Euskara inposatzeaz

Eusko Jaurlaritzako sailburu eta goi kargudun guztiak euskaldunak izan daitezela eskatu dute hirurehunetik gora kazetarik. Batzuei ez zaie ondo iruditu. Herritarron ehuneko handi bati botere guneetan egoteko aukera ukatzea omen da. Ez naiz soziolinguista, ez dakit ezer hizkuntza politikei buruz, eta ez naiz horretan sartuko. Baina euskararen inposizioaz kexu altxatzen diren diskurtso horietan beti iruditzen zait daudela hizkuntzari buruzko oinarri-oinarrizko bizpahiru ideia oker. Hona.

Bat: etnizistak omen gara. Alegia, talde jakin bateko partaideentzat soilik nahi omen ditugu karguak, ordezkaritzak, aginte lekuak. Beste talde bat baztertzeko, jakina. Baina, esango nuke, gisa honetako eskaera batean hori ulertu duenak, berak daramala etnizismoaren karga sorbalda gainean: emantzat jotzen ari da euskara jakitea talde bati dagokion zerbait dela; euskara jakitea, nola esan, jende baten esentziari-edo dagokiola. Bada, ez: hizkuntza izango da etnia bat bereizteko ezaugarrietako bat, baina, testuinguru honetan, kazetariek egin duten eskaera horretan, ez gara horretaz ari. Ez gara jendearen etnia, izen-abizen, herren politiko edo jatorriaz ari. Euskaraz jakitea, testuinguru honetan, gaitasun bat da, informatikan trebea, estatistikan aritua izatea edo mekanografiatzen jakitea diren bezalaxe.

Bi: euskaraz ez dakitenak gutxiesten omen ditugu. Ez ote da alderantziz: euskararen inposizioaren aurka egiten duten horiek erdaldun elebakarren irudi oso gutxieslea egiteko joera dute. Badirudi herri honetan bi motatako haurrak jaiotzen direla: batzuk hizkuntza bakarrarekin, besteak birekin. Edo, are okerrago: batzuk bi hizkuntza ikasteko gai direnak eta, besteak, gai ez direnak. Bi hizkuntzarekin jaiotzen denak abantaila du besteen gainean, eta ez da bidezkoa abantaila hori erabiltzea, hutsune edo ezintasun horrekin jaio denaren aurka. Horrelako zerbait ulertzen diet beti beraien diskurtsoetan.

Herri honetan batzuek gaztelania dute ama hizkuntza; beste batzuek, euskara (EAEz ari naiz, jakina; baina EAEz ari ziren, ezta?). Badira horiez aparteko ama hizkuntza dutenak, edo hizkuntza bat baino gehiago dituztenak, pare-parean, ama hizkuntza. Hemen dator sorpresa: ama hizkuntza euskara dugunok, den-denok, gaztelaniaz ikasten dugu. Baita gure eguneroko bizitza euskara hutsean egin genezakeenok ere. Non eta euskararenak omen diren ikastola horietan ikasten dugu, askok; eta, nola eta kostata, batzuek. Baina ikasten dugu, eta punto. Bere lanean gaztelaniaz egin behar duenak, ondo egin behar du. Eusko Jaurlaritzako sailburu izan nahi duenak, primeran. Hori badakigu.

Hiru: baina euskara zaila da. Eta, beraz, ez dira gauza bera euskal hiztun bati gaztelaniaz ikasteko exijitzea eta erdal hiztun bati euskaraz ikasteko exijitzea. Zaila ez, euskara desberdina da. Gaztelaniaz desberdina, esan nahi baita. Hori egia da, eta ziur nekeza dela euskararen aditz eta moldeak ikastea deklinabide sinpleko hizkuntza batetik zatozenean. Baina, hara, bigarren sorpresa: desberdin izatea bi aldetako harremana da. Gaztelaniarentzat euskara desberdin den neurri berberean da desberdin gaztelania euskararentzat. Kontatuko nizueke ikastolan nola aritzen ginen “ce-ni-ce-ro” errepikatzen, arrotz zitzaigun fonema ikasteko. Edo oraindik hiztegian begiratu behar izaten ditudala v eta b ia guztiak. Eta tildeak, ene, tildeak. Eta zubia maskulinoa omen da; zubi bat, maskulinoa! Beraz, ez, mesedez, ez kontatu guri zein zaila den hizkuntza oso desberdin bat ikastea.

Azkena: egoerari bere hotzean begiratu behar omen diogu, aurreko horiek ahaztuta. Ez dakigu denok euskaraz eta, beraz, ez da zilegi euskara jakiteko eskatzea gure gizartearen ordezkari aritzeko. Nondik begiratzen zaion izango da: gure gizartean ordezkari aritzeko (ere) euskara jakin behar ez bada, ez dugu inoiz denok euskaraz jakingo. •