Maite Ubiria Beaumont

Itsas urdinez tindatutako politikak garaile Parisen

Emmanuel Macronek 2022ko lehia prestatzeko aita pontekoa hautatu du. Epaitegietan bere guda partikularra egiten ari den Nicolas Sarkozy buruzagi ohia hartu du isilpeko aholkularitzat. Ohiko eskuin errespetagarriak baino tonu arreagoa duen eremu ideologikoak defendatzen dituen antibaloreen arabera gauzatuko da, ondorioz, kanpainaurrea. Jada Sarkozyren hainbat jarraitzailek tokia hartu du. Pandemiari buruzko kudeaketak sorturiko ika-mika ito nahian egindako azkeneko gobernu eraberritzeak arrasto ugari utzi zuen jada makronismoaren birfundazioaren inguruan.

Manuel Vallsen zuzeneko jaraunsle den Gerald Darmanin izendatu zuen Macronek Barne ministro. Sorpresarik gabe, segurtasunaren eta migrazioaren arteko pasabide labainkorretik igaroko da bere eskutik sasieztabaida publiko-mediatikoa.

Macronek eskuin tradizionalari hautagai propioa aurkezteko aukera hustea du amets. Horretarako, MoDem alderdi zentristaren buru den François Bayrourekin berradiskidetu ondoren, Sarkozyren eredua eguneratzeko prozedura jarri du martxan Eliseoko maizterrak, aurkezpen karta bezala itsas urdinez tindaturiko neurriak plantan emanez.

Darmanin izango da lan horren zuzendari. Uztailean dagoeneko keinu bat egin zuen, Pas-de-Calaisen migratzaileei eguneroko janaria ekartzen zieten elkarteen jarduna debekatuz. Oraingoan, txoritxoaren sare sozialaren bidez, ohar ezin argiago bat plazaratu du. Prefetak dira bere mandatuaren jasotzaile. Estatuaren ordezkariek «ahal den eta atzerritar gehien» kanporatzeko agindua jaso dute.

“Charlie Hebdo”-ren aurkako eraso zinez lazgarria argitzeko epaiketak giro arriskutsua sortu du berdin islamofobia astintzeko, berdin «arrotz eta pobre» diren horiek pandemiak orokortu duen zaurgarritasunaren erantzule egiteko. Estatuaren eskutik, Hauts-de-France eskualdearen eskutik, Europar Batasunaren eskutik milioiak jaso ondoren bere ekoizpena Poloniara eramatea erabaki duen Bridgestone multinazionalaren jabeak eta akziodunak ezin dira, noski, zaku berean sartu. Haien xantaia ez da, iduriz, nortasun agiri «onak» patrikan ez izatea bezain «delitu larria» eta, ondorioz, milaka herritar lanik gabe utzi arren, ezin dira «Frantziako segurtasun publikorako pertsona arriskutsu» gisa tratatu.

«Separatismoaren aurkako legea» udazkenean zehar aldarrikatuko omen du Gobernuak. Batzuk estigmatizatuz, molde ultrajakobinoetan sartzen ez diren guztien aurkako erasoa sumatu daiteke. Anartean, Darmaninek giroa berotu du, berehalako kanporaketak aginduz, hau da, babes judizialik gabeko prozedurak hobetsiz. Gutxi balitz, arau berriak egiteko asmoa azaldu du Barne ministroak. Alta, azkeneko migrazioaren aurkako legea iaz baizik ez zen indarrean sartu. Zer emaitza ekarri du? Cimade elkarteak mahaigainean utzi berri du behin-behineko bilana. Arauak ezer gutxi aldatu du: lehen bezala, Frantziak migratzaileak atxikitze zentroetan denborarik gehien edukitzen dituen EBko estatua izaten jarraitzen du. Legeak, bestalde, ez du aparteko eraginik ukan kanporatze estatistikari dagokionez. Alta, atxikitze zentroetako egoera gordinagoa bilakatu da –iaz Hendaiako CRAn 355 herritar kartzelatu zituzten–. Iaz kanporatze arriskuan ziren hiru herritarrek beren buruaz beste egin zuten. Covid-19ak ez dezala ikusezin bihurtu eskubideen aurkako eraso antolatu hori. •