Iñaki Soto

Ekonomiako lezioak berreskuratu beharko ditugu

Duela hamarkada bat hartu genituen Ekonomiako premiazko klaseetatik ezer gutxi geratzen zaigu. Ez dakienarentzat, gai zaila da beti. Hain zaila ez dela irudikatzeko ekonomialari onek duten gaitasunak liluratzen nau. Hemen bertan, Isidro Esnaolak mundu guztiak uler dezakeela pentsarazten digu.

Eremu gehienetan eska daiteken minimoa pasioa bada, hemen interesa eskatzen da. Interes horrek, baita ezjakintasunak ere, erreferentzia sendoak bilatzera behartzen gaitu. Albisteak birpentsatzen lagunduko diguten adituak dira. Aste honetan, bitan erabili behar izan ditut.

Pandemiaren testuinguruan, Nobel Sarien Akademiak enkanteen artea hobetu dutenei saria ematea gaizki iruditu zitzaidan. Adi, “gaizki-normal”, ez orain gauza gehienak hartzen ditugun bezain gaizki; alegia, mortal gaizki. Jendartearen gehiengoak eskura ez duen mekanismoa hobetu duten bi gizoni saria ematea lizun samarra iruditu zitzaidan, besterik gabe.

Branco Milanovic ekonomialariari gaizki iruditzen zitzaiola irakurtzeak lasaitu ninduen [hemen haria: shorturl.at/buzM9]. "Capitalism, Alone" liburuaren egilearen ustez, ekonomiako sari garrantzitsu batek ekonomiako gai handiei erreparatzen dieten ikerketak nabarmendu behar ditu, mundu osoko ongizateari eragiten dioten lanak. Aberatsei bakarrik axola zaizkien txikikeriei buruzko ikerketak saritzen badira, besteak beste, ikertzaile gazteei mezu okerra bidaltzen zaie.

Milanovicek pobrezia eta desberdintasuna murrizten lagundu dezaketen gaien zerrenda bat bota du. Adibidez, Txinan azken hamarkadetan izandako hazkundea, edo kapitalismoaren egungo monopolio izaera. Iragana eta oraina hobeto ulertarazten lagunduko duten tesiak dira.

Haren hitzetan, laburbilduz, «Ekonomia zientzia soziala da. Mundua hobeto ulertaraztea eta pertsonen bizitza (materialki) aberastea du helburu. Hori egiten duen lana, eta modu garrantzitsuan egiten duena, aipatu beharreko lana da». Dena oso ulergarria. Hor kokatzen dira ekonomialari handien asmoak ere: «Quesnayk Frantzia aberatsagoa egin nahi zuen. Smithek Merkataritza Iraultzaren onurak mundu osora zabaldu nahi zituen. Ricardo hazkunde motorraren suntsipenarekin kezkatuta zegoen. Marxek klase sistema amaitzea nahi zuen».

Misioak maila pertsonalean uler daitezke, baina baita kolektiboan ere. Adibidez, berreraikuntzarako Europar Batasunaren Next Generation funtsei buruzko eztabaidaren erdian, gure ekintza kolektiboa gidatuko duten misioak definitzea oso garrantzitsua da.

Aste honetan, Mariana Mazzucatok [marianamazzucato.com] John von Neumann saria jaso du. Nobel saria baino askoz apalagoa da, jakina, baina Milanovicek aipatutako auzi handiei erreparatzeagatik eman diote. Konferentzian bere tesiak azaldu zituen. Bereziki, balioaren benetako esanahia eta inbertsio publikoak balioa sortzeko duen garrantzia. Misio kolektibo horien definizioan indar handia jarri zuen, hain zuzen ere. Bere hurrengo liburua auzi horri buruzkoa izango dela aurreratu zuen.

Mazzucatok hainbat erakunderi ematen dio aholku. Adibidez, Eskoziako Gobernuari inbertsio banku bat sortzeko laguntza eman dio. Euskal Herrian ere izan da [shorturl.at/FRUX6]. Gure agintariek aipatzen dute, baina benetan uste dut ez diotela jaramonik egiten. Next Generation fondoak lortzeko egin den zerrendan ez dago misio argirik. Interesak, ordea, argi daude. •