Amagoia Mujika Telleria
ZIRTOLARIAK

Zirtoa, euskarazko «zaska» errimatua, grazia bereziko ahozkotasunaren txispa

Ahozkotasuna eta hizketaldia oparo diren egoeretan, zirtoa loratzen da. Besteak esandakoari bizkor, graziarekin eta errimatuz ematen zaion erantzuna da zirtoa, euskarazko «zaska» errimatua. Tolosaldeko Harituz Bertsozale Elkarguneak proiektu bat du eskuartean, gaztetxoak zirtoarekin jolas egitera tentatu eta bertsogintzara gerturatzeko.

Baziren eta badira. Zirtolariak. Ahozkotasun biziko eta zorrotzeko hiztunak, bestearen esanari bizkor, graziarekin, umorearekin eta gehienetan errimatuz erantzuten diotenak.

Zirtoa ahozko literaturaren genero bat da. Xabier Payaren “Ahozko euskal literaturaren antologia” liburuan ahozko generoen sailkapen bat egiten du egileak eta “egunerokoen” sailean kokatzen ditu zirtoak, txisteekin eta atsotitzekin batera.

Aipatu argitalpenean jasotzen denez, «badira egunero edo edozein egunetan gertatzen diren ahozko literaturaren performanceak: ez dute zertan jendetzarik bildu, ezta testu luzerik izan ere. Aski da belaunaldiz belaunaldi jasotako herri jakintzaren sorkari txiki bat esatea, kantatzea edo kontatzea eta ondorengo belaunaldiek transmisio katea ez etetea. Alde horretatik, kontakizun labur, pasadizo edo esaerok ez dute aparteko baliorik unean-unean, ezta banaka ere, baina ahozko literaturaren dinamikaren baitako genero gisa ulertuz gero, adierazpide txiki hauek dira hizkuntza baten balioa eta kalitatea islatzen dutenak».

Payaren definizioaren arabera, «zirtoa, ateraldia edo ditxoa esaldi edo erantzun barregarria da, edozein elkarrizketatan bat-batean erabiltzen dena. Halako esaldiak erabiltzen dituenari ditxolaria edo zirtolaria esaten zaio. Praktika aski zabaldua izanagatik Euskal Herrian, erantzun ezohikoenak eta barregarrienak ematen zituzten herritarrek baino ez zuten hartzen ditxolari izena. Erantzunak labur-laburrak izaten dira eta erriman oinarritzen dira nagusiki».

Adibide batzuk ere jasotzen ditu antologia horretan: «Erosi diat astoa», «hik beharko duk hik, lastoa»; «Nehork ez du hil nahi», «baina zahartu bai!»; «Mihiak ez du hezurrik hausten», «baina bai hautsarazten»; «Horixe da txakurtxo polita... zer izen du?», «Pitxita», «eta putzik egiten al du ipurdia itxita?».

Xabier Payaren esanetan, «Antologia egiteko eduki nuen lan handienetako bat ahozko generoen antolaketa izan zen, horri guztiari ordena bilatzea, liburura jotzen zuen edonork logika bat ikusteko. Zirtoa eguneroko generoen zerrendan sartzen da, ez duelako erritualitate jakin bat, ez konplexutasun metodologiko bat, ez dira oso gauza konplikatuak. Gaztelerazko dicho edo réplica da parekoa eta arte txikiago bezala sailkatzen da. Txisteak, atsotitzak eta zirtoak sailkatzen dira eguneroko genero horien barnean eta atsotitzena da gehien landu dena. Gero, txisteak baliagarriak dira herri baten beldurren eta tentsioen berri izateko, askotan umorea izaten delako horien ezkutalekua. Eta, hirugarrenak, zirtoak, gutxien aztertu direnak eta gutxien ezagutzen direnak dira, genero bezala ez dagoelako inon jasoa».

Oinarria, errepika

Payak Iñaki Arranzen “Hitza azti” liburua ekarri du gogora. «Liburu zoragarria da. Bertan ez da asko hitz egiten zirtoez, baina bai esaten da ahozko genero guztiek daukaten oinarrizko printzipioa errepika dela; soinuen errepika, errepikarik eza, hitzen errepika... Ahozko genero guztiak nolabait errepikapenarekin jolasten dira; urtero errepikatzen direlako, errimatuak direlako –finean, errima soinuen errepika da–, egitura errepikatzen delako, errepikatzen ez denean ere horrek gogoangarritasuna ematen du eta horri esker errepikatu ahal izango ditugu... Ahozko literaturak azken batean estrategia edo formularen bat bilatzen du gogoangarri egin dadin eta hori errepikatu ahal dezagun. Zirtoen kasuan hori bete egiten da. Soinu errepikapen bat dago, hoskidetasunean oinarritzen den erantzun edo ateraldi bat delako».

Zirtoa ez da generotzat hartua izan orain arte eta ikertu ere gutxi egin da. «Txistearen antzera, zirtoan ere bukaeran dator kolpea eta harridura sortu behar du, ateraldia entzuten duenari harridura edo irria sortu behar dio».

Zirtoaz ari garela ez da egokia lehenaldian hitz egitea, orain ere badaudelako zirtolariak. Zirtoak aise samar loratzeko euskarazko ahozkotasun bizia behar du inguruan. Horixe baldintza nagusia.

Payaren ustez, zirtolari adjektibo bat da. «Sebastian Lizaso oso zirtolaria da, Joxe Agirre ere bazen. Ahozko generoek ez dituzte muga garbiak, bertsotan ibiltzen denak errima landua du eta akaso badu gaitasuna norbaiti modu errimatuan eta zorrotz erantzuteko». Baina zirtolariak ez du derrigor bertsolaria izan behar. Eta, alderantziz, bertsolari guztiak ez dira zirtolariak.

Ateraldia, zirikada, eztenkada

Xabier Amurizak azaldutakoaren arabera, tokiaren arabera «zirtolaria, ditxolaria edo testularia» esaten zitzaion esaldi gogoangarri errimatua botatzen zuenari. «Ateraldia, zirikada, eztenkada... badira zirtoaren inguruan erabiltzen diren hitzak. Umoretsuak izan daitezke, burutsuak, gogorxeagoak... Norbaitek esandakoari ematen zaion erantzuna izaten da, hizketaldian sortzen den ateraldia, normalean errimatua. Eta askotan jendaurrean gertatzen den egoera bat izaten da, zirtolariari gustatzen zaiolako gero bere erantzuna han eta hemen kontatua izatea».

Komunikazioa eta ahozkotasuna oparoago ziren garaian, hizketaldiak biziak eta luzeak ziren garaian, ohikoa zen zirtoak sortzea. «Baina baziren horretan nabarmentzen ziren batzuk, horiei esaten zitzaien ditxolari. Eta nola bazekiten abilak zirela horretan, jendeak tentatu egiten zituen, zirikatu. Horiek ezagunak izaten ziren, hizketarako dohaina ez ezik, azkar erantzuteko eta errimatzeko gaitasuna ere bazutelako. Herrian eta inguruan oso ezagunak ziren. Edonori ez zitzaion ditxolari esaten, bakan batzuk ziren horretarako erraztasuna eta zaletasuna zutenak», kontatu du Amurizak.

Lazkao Txikiren zirto bat ere aipatu du. «Begietan gaitza zuen bati esan zion ‘begi bat daukazu Txindokin eta bestea Aizkorrin’. Hori mingarria ere bada. Horrelako asko zituen Lazkao Txikik. Beste behin, bazen Arrate Irratian Ziriako izeneko esatari ezagun bat, bertso munduan ere asko ezagutzen genuena. Haren emaztearengana gerturatu eta ‘zure senarrak nola izena du?’, galdetu zion Lazkao Txikik. Eta, hark, erantzun, ‘Ziriako’. Eta Lazkao Txikik, ‘ona izango da orduan ziri(r)ako’. Horrelako hitz jokoak egiten sorgina zen».

Zirtoa, gehien-gehienetan, errimatua da, baina badira errimarik gabeko zirtoak ere. Sonatua da, adibidez, Mikaela Elizegiren –Mikela Zintzarri ezizenez ezaguna zen Pello Errotaren laugarren alaba– zirtoa. Asteasuko emakume talde bat Mikaela zirikatzen zebilela, haietako emakume batek esandakoa eta Mikaelak, ordurako 90 urte beteak zituenak, erantzundakoa: «Aizu, Mikela! Hemen emakume artean eztabaida bat sortu da, emakumeari gizonarenganako gogo hori noiz, zenbat urterekin joaten ote zaion, eta zaharrena zeu zarela eta zeuri galdetzea erabaki dugu». Eta Mikaelak erantzun: «Ba zaharrago batengana jo beharko duzue hori jakitera, niri ez zaidan oraindik joan eta».