Gorka Elejabarrieta

Elkarrekin

Independentismoak berriz ere irabazi ditu Kataluniako hauteskundeak, enegarren aldiz, boto portzentajean igoz eta gainera lehenengoz botoen %50a gaindituz. Independentismoaren gorakada ez da gauza iragankorra, denboran egonkortuz eta sendotuz doan mugimendua, aldarria, baizik.

Katalunian azken urteetan izan den independentismoaren gorakada bat dator Europako estaturik gabeko hainbat herritan gertatu denarekin. Fenomeno berdina momentu berean horrenbeste tokitan agertzeak pentsarazten dit aurrean ez daukagula gertakari isolatu bat, joera bat baino. Irlanda, Eskozia, Flandes, Korsika, Faroe… Kasu gehienetan, gainera, indartzen ari diren alderdi independentistak progresistak eta ezkerrekoak dira: Sinn Fein, SNP, Republic alderdi faroetarra…

Groenlandian hauteskunde orokorrak egingo dira apirilean eta gaur irakurri dudan ikerketa baten arabera, Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar eta independentistak irabaz ditzake. Norabide berdinean doan beste estaturik gabeko nazio bat. Autodeterminazio eskubidea onartua duen estaturik gabeko beste herri bat.

Helburu berdintsuak izanik ere, estaturik gabeko herri hauen arteko elkarlana ez da oso nabarmena. Logikak dio elkarlanak eta elkarrekin aritzeak bakoitzaren helburuak lortzeko aukerak biderkatuko lituzkeela. Estatuek ondo baino hobeto dakite hori eta beren helburuak erdiesteko era guztietako estatu taldeak eta sareak asmatu dituzte. Elkar-aitortza eta elkar-harremana arautzeko kapazitatea dira independentziarekin lortzen den eskubide nabarmenetakoa, horren arabera arautzen eta antolatzen baitu bakoitzak bere burua eta beste guztiona.

Estaturik gabeko gainontzeko herrietako prozesu independentistek aurrera egiteak norbere aukerak indartzen ditu. Beste herri horietan bide demokratiko elkarrizketatu eta adostuak egoteak gure estatu arerioen bide ez-demokratikoak mugatzen edo gutxienez zailtzen ditu. Elkarrekin aritzea denen onerako litzatekeela uste badut ere, gure kasuan, Euskal Herriko kasuan, gure onerako ez ezik guztiz beharrezkoa dela deritzot. Zergatik? Gurean gure herriaren gehiengoaren babesa lortzea ez delako nahikoa izango. Espainiar zein frantziar estatuen jarrera ez-demokratikoak arau demokratiko unibertsalak baliogabetzen ditu. Eskozian, Faroen, Flandesen, adibide batzuk jartzearren, nahikoa dute erreferenduma irabaztearekin. Hori lortuta independentzia eta nazioarteko aitortza lortuko dute. Gurean ez.

Adostasunik gabeko prozesuetan ez dago arau unibertsalik, indar harremanak determinatzen du bien arteko erlazioa. Horrelakoetan, horregatik, pareko aktoreekin, entitateekin, aliantzak elikatzeak garrantzi handia dauka. Norbere indarra handitzeko aliantzak, barne mailakoak eta nazioartekoak, behar-beharrezkoak suertatzen dira. Gure kasuan, gertuko adibide bat jartzearren, bi norabideetan, Madril/Paris eta nazioarteari (bereziki Bruselari) begira. Madrilen eta Parisen aurrean, parean jarriko dizkiguten paretak elkarrekin gainditu edo bota ahal izateko. Eta nazioartearen (Brusela bereziki) aurrean, estatu demokratikoagoetan erabiltzen diren moduko erreferendum adostuak aldarrikatzeko gure kasurako ere. Hau da, egoera berdinen aurrean arau berdintsuak aplikatu daitezen. Horregatik da hain garrantzitsua gurea bezalako kasuetan aliantzen lanketa eta elkarlana bultzatzea. Gure kabuz bakarrik lortzeko izan ditzakegun zailtasunak txikitu egiten dituelako elkarlan horrek.

Horregatik eta horretarako dira beharrezkoak estaturik gabeko herrien arteko sareak eta elkarlana.

Katalunian independentismoak berriz ere irabazi du. Unionismoarekiko distantzia handituz, gainera. Balio dezan garaipen honek prozesuan aurrera eta elkarrekin jarraitu dezaten, iraganean arrakastatsu frogatu zituzten bide eta moduak errepikatuz. •