Goiatz Labandibar Arbelaitz
ERRIBERAKO EUSKALGINTZAREN HAZIA

Carmen Albisuk eman zituen helduentzako lehen euskara eskolak Tuteran

Errenterian sortu zen Carmen Albisu eta gazte hasi zen Imanol Añonekin nobio harremanetan. Añonen gurasoak Tuteratik Errenteriara etorri ziren eta bueltako bidea egin zuten ezkondu zirenean Carmen Albisuk eta Imanol Añonek, Tuterara joan baitziren bizitzera. Bertan habia egin zioten euskarari, etxekoentzat lehendabizi eta herriarentzat gero.

Carmen Albisu eta Imanol Añon beren bost seme-alabekin Tuteran.
Carmen Albisu eta Imanol Añon beren bost seme-alabekin Tuteran.

Carmen Albisu Danborenea Nafarroako Erriberan euskalgintzako pertsona erreferentea izan da. Errenteriarra zen sortzez: 1916ko uztailaren 16an jaio zen Santa Klara kaleko 14. zenbakian. Aita, Periko, Lino fabrikako langilea zuen eta ama, Serafina, etxekoandrea.

Bikoteak izan zituen lau seme-alabetan gazteena izan zen Carmen, baina arreba zaharrago bat ere bazuen, Mariatxo, aitaren lehenengo ezkontzakoa. Carmenek Gurutzearen Alabetan ikasi zuen. Maistra izan nahi zuen, baina aitak esan zion ez ote zuen hobe josten ikastea. Halaxe egin zuen, imajinatu ere egin gabe bizitzak noizbait maistra izateko aukera eskainiko zionik…

Gazte-gaztetatik hasi zen nobio harremanetan Manuel (Imanol) Añon Jasorekin. Ume-umetatik ezagutzen zuten elkar. Haren gurasoak Tuterakoak ziren eta Panier inguruan bizi ziren.

Eta bat-batean, gerra

Carmenen osaba Gervasio Albisu apaiza izan zen Onbide Elkartearen sortzaileetako bat eta 36ko gerra hasi zenean, fusilatu egin zuten abertzale izateagatik eta haren familia zigortu.

Tartean, Carmenen anaia Anjel, osaba bezala apaiza zena, bere parrokiatik urrundu eta Beasaingo Matxinbentara bidali zuten. Gurasoak eta bi arrebak Anjelekin joan ziren, Errenterian baino aiseago eta erosoago pasatuko zutelakoan gerra. Bitartean, Imanol Añon Euzko Gudarosteko Itxarkundia batailoiarekin joan zen gerrara, kapitain. Imanolen etxekoak erdaldunak ziren, baina berak euskaraz ikasi zuen eta giro abertzalera hurbildu zen.

Kartzelak atzeratutako ezkontza

Matxinbentan zeudela jakin zuen Carmenek Imanolen batailoia errenditu egin zela eta atxilotu egin zutela nobioa. Heriotza zigorrera kondenatu zuten eta kondena harekin bizi izan zen bi urtez. Gero, heriotza zigorra kommutatu zioten eta guztira, zazpi urte egin zituen preso Burgosko espetxean.

Nobioa kartzelan egon zen bitartean elkarri karta luzeak idazten zizkioten eta tarteka, bisitan joaten zen Carmen. 1944aren urtarrilaren 13an askatu zuten Imanol eta zuzenean Matxinbentara joan zen. Segituan ezkontza prestatu eta urte hartako uztailean ezkondu ziren Carmen eta Imanol. &hTab;

Tutera, bizitza berri baten bila

Ezkonduta, Tuterara joatea erabaki zuten, Errenteriako giroak eta euren iragan politikoak bizimodua zailduko zielakoan jaioterrian. Añondarren sorterrira bueltatu ziren, Tuteran zoriontsuagoak izango zirelakoan. Han, Imanolek Mecánicas la Tudelana enpresa muntatu zuen bazkide batekin.

Carmen eta Imanolek bost seme-alaba izan zituzten: Carmentxo, Joxema, Jabier, Arantxa eta Miren. Etxean euskaraz aritzen ziren. Garaian, Tuteran euskaraz hitz egiten zuen familia bakarra ziren. Horregatik, los vascos deitzen zieten. Urteekin, euskaldun gehiago iritsi ziren Tuterara. Guztira bost bat etxe ziren Tuteran 60ko hamarkadan euskaldunen bat bizi zena eta igandetan, elkarri bisita egitea izaten zen plana, elkarrekin euskaraz hitz egiteko.

Baina, nahiz eta Tuteran errotu, Errenteriarekin harremana mantendu zuen Carmenek. Uda pasatzera bueltatzen zen urtero seme-alabekin Santa Klara kalera, anaia Anjelen etxera.

Tuterako lehen «euskaltegia»

Gazte alargundu zen Carmen, 52 urterekin. Handik gutxira, gazte batzuk azaldu zitzaizkion etxean ate joka. Tuterako dantza taldeko kideak ziren. Erriberako giroa ez zen batere euskalduna, baina gazte asko aritzen ziren euskal dantza tradizionaletan.

Dantza taldeak emanaldiak egiten zituen Nafarroan barrena: Elizondora, Jaurrietara, Doneztebera… joaten ziren eta harrituta geratzen ziren: «Euskaraz ari dira! Hau ez al da ba Nafarroa?», eta euskara pixka bat jakitea komeni zitzaiela pentsatu zuten. Eta Carmen Albisuz gogoratu ziren, la vascaz.

Carmenek segituan eman zien baiezkoa eta 1970ean, egunero euskaltegi bihurtzen zen bere etxeko egongela iluntzeko zazpietatik hamarrak arte. Serio hartu zuen egitekoa: mezetara joateko ordutegia aldatu zuen eskolak emateko eta uda osoa pasatu zuen Iruñean eta Donostian Deustuko Unibertsitateak antolatutako euskara batuko ikastaroa egiten, euskaraz primeran hitz egin bai, baina ez baitzegoen alfabetatua. Gero eta ikasle gehiago zituen Carmenen euskaltegiak, eta etxea txiki geratuta, Udalari euskara eskolentzako tokia eskatu zioten dantza taldeko gazteek. Erlojuaren Etxeko ganbara utzi zien Tuterako alkateak. Ez zegoen ezer ganbara hartan, arratoiez gain: eskolak emateko materiala bere patrikatik ordaindu zuen Carmenek.

Batez ere gazteei eman zizkien euskara eskolak Carmenek, baina momentu batean, eskolaz kanpoko jarduera bezala euskara irakasten aritu zen haurrei ere, tartean, bere bilobei.

AEK eta Argia, arnasguneak

1981eko abenduan utzi zion euskara eskolak emateari Carmen Albisuk, 11 urtez musu truk tuterarrei irakasten aritu ondoren. Adinean gora zihoan eta Tuteran AEK irekitzeko prozesua hasita zegoen ordurako. «Oso garai polita izan zen amarentzat», kontatu du Miren alabak. «Gure amak ez zuen arazorik izan euskara eskolak emateagatik. Orain konplikatuagoak dira gauzak…».

1984an sortu zen Argia Ikastola, bost ikaslerekin. Guraso sortzaile gehienak noizbait Carmen Albisuren ikasle izandakoak ziren, horien artean Ana Grau, euskaraz primeran ikasi zuena. Carmenek pozik eta harro ikusten zuen euskalgintza Tuteran egiten ari zen bidea. «Amak zioen gazteei utzi behar zitzaiela bidea egiten, berak egin beharrekoa egin zuela». Carmenen bilobetako batzuek ikastolan ikasi zuten eta pozik joaten zen bera Aitona-amonen Egunera. 1995ean, lehenengoz Nafarroa Oinez Tuteran izan zenean, omenaldi hunkigarria egin zioten Carmeni, Tuteran euskara irakasten aitzindari izan zela aitortzeko.

2007ko maiatzaren 5ean hil zen Carmen, lingua navarrorum eta lingua vasconum berbera zirela aztarna utzita Nafarroako Erriberan.