Gorka Elejabarrieta

Erresuma Batuaz bi hitz

Eurokopa amaitu berri da, Ingalaterra lehenengoz iritsi da finalera eta Italiaren kontra galdu du. Jokalari eskoziarrak, galestarrak eta irlandarrak ez dira Ingalaterrako selekzioan aritu, estatu izan gabe selekzio propioa izateko eskubidea baitaukate. Jokalari horien parte-hartzeak Ingalaterraren irabazteko aukerak handituko zituen ziurrenik, baina hori ez da argudio bezala inolako medio edo alderditan erabili. A zer nolako gogoa euskal selekzioa ere kirol diferenteetan lehiatzen ikusteko. Han posible bada, zergatik ez Euskal Herrian? Zein da ezberdintasuna?

Irlandako bake prozesua eredugarria izan da gauza askotan. 1998an adosturiko Ostiral Santuko Akordioak konponbiderako olatua ekarri zuen Euskal Herrira ere, Irlandako foroa, Lizarra-Garazi Akordioa eta abar bultzatuz. Urteetan gatazkan arituriko aldeak mahai baten inguruan eta nazioarteko adituen laguntzarekin euren arteko arazoak elkarrizketa, negoziazio eta akordioaren bidez konpontzen ikustea eredugarria izan zen duda barik. Beraien arteko arazoak eta gatazkak ez ziren gurean gertaturikoak baino samurragoak izan. Zer dela eta lortu zuten haiek eta zer dela eta dauzkagu guk horrenbesteko arazoak espainiar zein frantziar estatuekin konponbide elkarrizketatu eta adostu bat erdiesteko?

Ostiral Santuko Akordioa estatuko erreforma demokratizatzaile bat burutzeko erabili zuen Erresuma Batuko Gobernuak, Stormont ezartzearekin batera 1998an ere eskoziar eta galestar autonomiak eta parlamentuak bultzatuz. Eskoziar independentismoaren indarra txikia zen orduan, baina Erresuma Batuak etorkizuneko agertoki posibleen aurrean bere burua eta posizioak indartu nahi zituen. Bere interesak hobekien defendatu.

Duela urte gutxi Eskozia erreferendum adostu batean bozkatzen ikusi dugu. Bitxia Europar Batasun berberaren baitan toki batean posible eta legala dena beste batean ezinezkoa eta ilegala izatea. Horrela jarraituko du sine die? Edo iritsiko da eguna gurean ere, Europako beste txoko askotan bezala, gure herriaren etorkizuna erreferendum adostu baten bidez erabakitzeko? Nora doaz espainiar eta frantziar estatuak? Europarantz edo Turkiarantz?

Eskoziar erreferendumaren gauean David Cameron lehen ministroak adierazi zuen ezetzak irabazteak ez zuela inolaz ere statu quoaren mantentzea ekarriko, eta aditzera eman zuen bere asmoa berriz ere irlandar, eskoziar eta galestar autonomiak eguneratzea izango zela, autonomia gehiago (han «deboluzioa» esaten zaio) emanaz. Brexita etorri zen ondoren eta horrek dena hankaz gora jarri du. Brexita gauzatu da eta horrek prozesu independentistak ahuldu beharrean indartu egin dituela esan genezake. Irlandak eta Eskoziak Brexitaren kontra bozkatu zuten, eta badirudi haien iritzia kontuan ez hartzeak independentisten indarra handitu duela, eta independentzia edo batasun (Irlandakoa batasun prozesua baita) prozesuetan eragin positiboa izan duela.

Bigarren erreferenduma Eskozian

Nicola Sturgeonek duela gutxi adierazi zuen bere gobernuaren eta Erresuma Batuko gobernuaren arteko eztabaida gehiago izango zela «noiz» eta ez hainbeste «zer». Bigarren erreferenduma egin egingo dela azpimarratuz, horren inguruan egon daitezkeen dudak uxatuz, eta finean Eskoziaren etorkizuna eskoziarren eskuetan dagoela eta ez beste inorenetan adieraziz.

Irlandan ere Ostiral Santuko Akordioak aurreikusten duen batasun erreferenduma laster egingo delakoan nago. Sinn Feinen emaitza onak ipar zein hegoaldean eta Brexitaren ondorioek norabide horretan jarri dute irlaren etorkizuna.

Datozen erreferendumetan Europar Batasunaren posizioa zein izango da? Iraganean ez bezala, prozesu hauek babes ditzake etorkizun hurbilean, Irlanda hegoaldea Batasunaren estatukide bat delako Irlandaren kasuan, eta Eskozia estatukide bilakatzeko helburua bila dezakeelako.

Begirada laburra daukaten agintari horien ikuspegian azaldutako guztia Erresuma Batuaren bide okerra frogatzera etor daiteke, eta Espainiar zein Frantziar estatuen bidea indartzera. Horrela pentsatzen dutenak ezin daitezke okerrago egon. Eskoziak independentziaren kontra bozkatu zuen, besteak beste, Erresuma Batuak baduelako zer eskaini, eta ez diolako beldurrik eskoziarrek erabakiko dutenari. Eta bigarrenik, gertatzen dena gertatzen delarik Erresuma Batuak harremanak eta bere interesak ziurtatuak mantentzeko bide eta sare askoz ere garatuagoak dauzkalako. Espainia eta Erresuma Batua, biak izan dira inperio, biek ikusi dute beren lurraldea abiadura bizian txikitzen. Zeinek dauzka harreman hobeak bere kolonia ohiekin? •