Juantxo EGAÑA

Irigarai, Madariaga eta Txillardegi, 1964an Jatsun

Miren Josebe Pozne Alduntzin
Miren Josebe Pozne Alduntzin

1964an, Estatu frantseseko Barne ministroak Julen Madariaga, Jose Maria Benito del Valle, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” eta Eneko Irigarai Ipar Euskal Herriko errefuxiatuak kanporatzeko eta mugako departamentuetan ez bizitzeko agindua eman zuen. Goiko irudian lau horietatik hiru ageri dira; Eneko Irigarai, Julen Madariaga eta Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”. Argazkiaren helburua beraiek euskal herritarrak zirela eta Euskal Herrian bizi zirela adieraztea zen, eta ez zutela beren lurra utziko, Eneko Irigaraik gogoratzen duenez. Argazki hau eta beste batzuk Ipar Euskal Herriko komunikabide desberdinetara bidaliak izan ziren. Argazkia Jatsun egina dago eta jatorriz Aresokoa zen Miren Josebe Pozne Alduntzinek egin zuen, errefuxiatua bera ere eta Eneko Irigarairen bikotekidea. Erabili zuen argazki kamera Voigtlander bat izan zen, Alemanian ekoitzia.