Juantxo EGAÑA

Julian zulueta, esklabo salerosketarekin aberastu zen arabar «eredugarria»

“Los pilotos de altura” liburuan, Pio Barojak esklaboen trafikoari buruz idatzi zuen, hots, itsasontzi kapitainei «kateatutako afrikarraren zoritxarrak atsekabetzen ez zitueneko» bidaiei buruz: «Animaliatzat jotzen zuten (...) diru goseak bultzatzen zituen beltzei beren ontzian hilkutxan hildako batek hartzen duenaren antzeko espazio bat besterik ez uztera. Beltz asko beti beren gorputzaren alde batean bermatuta bidaiatzera behartuta zeuden, beren baitara makurtuta, oinak luzatu ezinik. Zoru oso gogorrean etzanda, soinekorik gabe, itsasontziaren mugimenduak ekarri eta eramanda, haien gorputza ultzeraz estaltzen zen eta burdinek eta elkarri lotuta zeuzkaten kateek gorputz-adarrak urratzen zituzten berehala». Artikulua ilustratzen duen erretratua Julian Zuluetarena da (1814-1878), Arabako Anuntzeta herrian jaio eta 1832tik Habanan bizi zena. Esklabo trafikatzailea izan zen, pertsona-tratularia. Gupidagabe baten erretratua da, eskrupulurik gabeko gizon batena, beltzen salerosketarekin aberastu eta trenbide eta itsasontzi garraioarekin zerikusia zuten enpresetan, komunikabide batzuetan eta azukre industrian akzioak zituena. Habanako alkate izan zen 1860, 1870, 1874 eta 1876an; era berean, biziarteko senatari eta Arabako diputatu izendatu zuten 1876an.