Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Mugikortasun morea

Genero rolen ikuspegirik gabeko garraio publikoko politikak eta mugikortasun planak akastunak izango dira definizioz. Baieztapenaren tinkotasuna datuek babesten dute: eguneko desplazamendu kopuru gehienak emakumeek egiten dituzte eta, era berean, garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak emakumeak dira. Kuriosoa da datuak hemen eta Sevillan antzerakoak izatea. Emakumeen eta gizonezkoen mugitzeko patroiak, beharrak eta ohiturak desberdinak dira, gizartearen genero rolen ezarpenaren ondorioz. Hala ere, garraioaren eta mugikortasunaren sektorea zeharo maskulinizatuta egon da, eta dago. Horrek esan nahi du gizonek mugikortasuneko planak pentsatu eta diseinatzen dituztela eta emakumeek, erabili.

Mugikortasun «berdeaz» hitz egiten da. Gaur egungo mugikortasun ereduak ekologikoagoa izan behar duela dagoeneko gehiengo batek babesten duela onar daiteke. Eta urte luzez emakumeek erabili duten mugitzeko eredua –oinez eta garraio publikoa erabiliz– ekologikoena da. Hau da, emakumezkoek dute esperientziarik luzeena mugikortasun eredu hegemonikoak bilatu nahi duen norabidean. Mugikortasuna «morea» izatea aldarrikatu beharko genuke, hortaz.

Mugikortasun moreak zaintzaren mugikortasuna jartzen du azterketaren muinean. Horretarako, lehenik zaintza mugimenduaren kategoria datu bilketan txertatu behar da, hots, egunerokoan zaintza lanetarako egiten ditugun mugimenduen kopurua zenbatuz eta mugimendu horiek burutzeko erabiltzen den garraio sistemaren kontaketa eginez. Mugimendu horietan barneratuko lirateke etxearen zaintzarako (erosketak, garbiketa) joan-etorriak eta beste pertsona bat zaintzeko lanak (nagusi zein haur, familiakoa edo laguna) egindakoak. Mugimendu horiek poligonalak eta konkatenatuak dira, eta kopuruz ordainpeko lanerako behar diren mugimenduak bezainbeste. Beste pisuzko arrazoi bat genero rolen garrantzia aintzat hartzeko mugikortasun eredu justu eta eraginkor baterako. Funtsezkoa da mugitzeko patroiak generoaren arabera aztertzea garraio publikoa nola erabiltzen den ulertzeko, eta horren arabera, plana egin.

Etorkizunerako, gutxiago mugitzea eta ahalik eta baliabide natural gutxien erabiliz mugitzea lortu behar dugu. Azpiegiturak, garraio publikoak eta hirigintza elkarrekin pentsatu eta koordinatzea eskatzen du horrek. Mugikortasuna ezin da lurraldearen hirigintza eredutik banatu, batak bestea behar duelako. Aldaketaren funtsa auto bidezko garraioaren mendekotasuna murriztea da, eta horretarako, egunerokoan behar ditugun lekuak hurbildu behar dira 15 minutuan oinez egiteko moduan, eta gainerako lekuak ondo lotu garraio publiko bidez 45 minutuan egingarriak egiteko. Auzoa eta lurraldearen komunitateak biltzeko. Bizikleta garraio sistema izatea nahi bada, bide seguruen gaineko hausnarketa behar da emakumeen mugitzeko ereduaren erabakia izan dadin.

Testu hau idazteko Ines Sanchez de Madariagaren ikerketa eta esperientzia sakona erabilia izan da, ibilbide luzea du gai hauetan ekarpen handiak egiten, eta hari aitortza egin eta eskerrak eman nahiko nizkioke. •