Joana Garmendia

Tearen alegoria

Figura erretorikoek badute gauza bat kuriosoa: zergatik erabakitzen dugu zeharka komunikatzeko baliabide horiek erabiltzea, esan nahi duguna zuzen-zuzen esan beharrean? Alegia, zergatik erabiltzen ditugu metaforak, ironiak, hiperboleak, metonimiak, alegoriak eta abar, gauza bera bihurgunerik gabe eta argiago esan badezakegu? Erantzuna, hara, nahiko sinplea da: batzuetan, aldrebesagoa dirudien bide horixe delako adierazi nahi dugun guztia ondoen adierazteko bidea. Bide sotilagoa eta, aldi berean, aberatsagoa.

Alegoria da bide horietako bat. Gai abstraktu samar bati buruz zerbait azaltzeko, konkretuagoa, lurtarragoa, den zerbait kontatzen dugu. Konparazio eta metaforen bidez, abstraktuan ulertzen zail zena ulertzen lagunduko digu. Antzinarokoak dira, seguru asko, ondoen ezagutzen ditugun alegoriak, baina badira berriagoak ere. Bada bat sarean, duela zenbait urte ziztu bizian zabaldu zena. Tearen alegoria da, eta honela dio.

Lagunari galdetzen badiozu «Nahi al duzu terik?» eta erantzuten badizu «Bai, jakina! Gustura hartuko nuke tea oraintxe!», orduan badakizu zure lagunak tea nahi duela. Aldiz, erantzuten badizu «Um, ez dakit ba, ez nago ziur…», orduan, zuk ikusi: presta diezaiokezu tea edo ez, baina jakitun zara akaso ez duela edango egin diozun tea. Eta, edaten ez badu (eta orain dator zatirik inportanteena), ez iezaiozu edanarazi; berarentzat tea prestatu izanak ez du esan nahi hari tea edanarazteko eskubiderik duzunik. Azkenik, erantzuten badizu «Ez, eskerrik asko, ez dut terik nahi», orduan, ez iezaiozu terik egin; ez iezaiozu terik edanarazi, eta ez zaitez erretxindu terik nahi ez duelako. Zure lagunak ez du terik nahi, punto.

Baliteke lagunak hasieran esatea «Bai, jakina, eskerrik asko!», baina, tea ekartzen diozunean dagoeneko terik nahi ez izatea. Agian amorrarazi egingo zaitu horrek, tea prestatu baitiozu, berak hala eskatuta; horrek, ordea, ez du esan nahi orain tea hartzeko obligaziorik duenik. Tea nahi zuen, baina dagoeneko ez du nahi. Iritziz aldatu du, eta denok dugu iritziz aldatzeko eskubidea teaz ari garela. Horrek, argi gera bedi, ez dizu eskubiderik ematen lagunari tea edanarazteko.

Zure laguna konorterik gabe baldin badago, ez iezaiozu terik egin. Korderik gabe dagoen jendeak ez du terik nahi, eta ezin dio «Terik nahi al duzu?» galderari erantzun. Akaso, kontziente zegoen terik nahi zuen galdetu diozunean, eta baietz esan dizu. Baina tea prestatu diozunerako konorterik gabe baldin badago, utz ezazu tea bazterrera, ziurta ezazu laguna ondo dagoela, eta (hemen dator zati inportantea, berriro) ez iezaiozu tea edanarazi. Kontziente zegoela esan dizu tea nahi zuela; agian, tea edaten ere hasia zen konortea galdu aurretik; baina, orain, inkontziente badago, ez duzu tea edaten jarrai dezan behartzeko inolako eskubiderik. Utzi tea, eta zaindu laguna. Konorterik gabe dagoenak ez du terik nahi, sinetsidazu.

Joan den astean, zure etxean, lagunak tea pozik hartu bazuen zurekin, horrek ez du esan nahi beti nahiko duenik tea hartu zurekin. Ez iezaiozu tea edanarazi zure etxera joaten den bakoitzean, edo ez joan bere etxera katilu bete terekin eta esan «Baina joan den astean pozik hartu zenuen tea!». Are gehiago: bart gauean elkarrekin tea hartu baduzue ere, ez dago ondo goizean esnatu eta ohartzen bada tea edanarazi nahi diozula bai ala bai, zergatik eta bart nahi izan zuelako tea hartu.

Ulertzen baduzu zein zentzugabea den terik nahi ez duenari tea edanarazten saiatzea, eta gai bazara ohartzeko noiz ez duen jendeak terik nahi, orduan, zergatik dirudi zailagoa teaz ez eta sexuaz ari garenean. Sexu adostasuna kontu sinplea da, lagunarekin tea hartzea bezain sinplea. •