Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Udaberri bat

Udaberri bat nahiko nuke. Benetako udaberri bat. Loretan lehertutako zelaiak eta txori kantuak; belar moztu berriaren usaina eta haize finak egindako kilimak; banku bat bertan eseri eta ilunabarraz gozatzeko modukoa; pentsamendua ilunabarrean, ilunabar zehatz horretan soilik murgiltzeko modukoa. Baina gazte bat eskola batera sartu da Texasen, pistolaz eta eskopetaz armatuta, eta hango haur eta irakasleei tiroka hasi da. «Zergatik», galdetzen diot nire buruari; zergatik tiro, zergatik haurrei, zergatik. Eta armen lobbyaz akordatu naiz, baina baita «jaio - ikasi - ikasten segi - maitemindu - lan egin - etxea erosi - guraso izan - erretiratu - hil» inertzia ezarriaren autobidearen bazterretan geratu diren guztiez ere. Udaberri apurtu horiez.

Eta, hala ere, udaberri bat nahi dut, udaberri goxo bat, kalean mahuka laburretan nabilela eguzkiak azala belzteko moduko udaberri bat. Hemen, adibidez, Grosen, Nafarroa etorbide honetan. Basque Culinary Center-ek egoitza eraiki behar omen duen inguru honetan. «Proiekzioa» eta «nazioartekotzea» entzun ditut agintarien aho puztuetan, eta, oharkabean, hitz horiek zein hizkuntzatan mintzo diren eta, batez ere, zein hizkuntzatan ez diren ari gogorarazi dit nire pentsamendu udazkendu honek. Hemen, Kortxoenea gaztetxea zegoen lekutik hain metro gutxira eta hain urrun. Maketa zoragarriak ekarri ditu egunkariak: egoitza berriaren gainaldeko pasealekua, belar moztu berria eta urre koloreko ilunabar hunkigarri bat; Avatar-en mundu bat ia, bertan eseri eta Donostiari begira jartzeko modukoa. Inoiz bizitzerik izango ez dugun etxeak ikusteko modukoa; Kursaala eta Maria Kristina, eta Hilton hotel bat ere bai. Eta han nonbait gaua kalean igarotzen duen jendea. Eta erretirora heltzean itxitako auzoetako dendak, umetan etxera deitzen uzten zizuten horiek; eta kate erraldoiek erositako tabernak, garagardoa hiru eurotan eta ingelesez edo gaztelaniaz zerbitzatuko dizutenak. Eta non biziko zaren galdetuko diozu zure buruari, edo bizi al zintezkeen milaka biztanle eta bizilagunik gabeko hiri batean, elkarrekin nahasten ginen lekuak desegindako urrezko erlauntza batean.

Eta, hain juxtu ere horregatik, udaberri bat nahi dut, udaberri bare bat, udaberri nire bat. Baina ordenagailuko pantailan frankotiratzaileak ageri zaizkit elkarri txioka; onak eta txarrak, Putin eta Biden, alde edo kontra, gu edo ni. Ñabardurarik ez, elkarrekin eraikitzeko tarterik ez. Erakundeei ez diegu sinesten; kausa baten alde ari dena ez ote den bere interesen alde ari galdetzen diogu gure buruari. Korapilo bat, bere burua estutu eta estutu ari dena. Hotz egiten du udaberri honetan. Eta heldulekurik ez duenak, zeri heltzen dio? •