AFP
ALPEETAKO KEZKA

Gailur ezagunetara heltzeko hainbat bide itxi dira glaziarren egoeraren ondorioz

Elur geruza urrien eta Europako bero bolada itogarrien erdian erritmo kezkagarrian urtzen ari diren glaziarren ondorioz, mendi ibilbide klasikoetako batzuk erabiltzeari utzi behar izan diote, arriskua dela eta. Normalean udaren bukaeran izan ohi diren prozesu batzuk uda hasieran gertatu dira aurten, tenperatura beroen eraginez.

Europa erdialdeko Alpeetako mendi ibilbiderik enblematikoenetako batzuk igarogaitz bihurtzen ari dira uda honetan, glaziarren urtzearen ondorioz. Bero boladek prozesu hori azkartu dute eta horrek arriskutsuegi bilakatu ditu mendizaleentzat kutunak diren igoeretako batzuk. Hainbat ibilbide baztertzera eta bide berriak bilatzera bultzatu du egoerak.

Klima aldaketak eragindako glaziarren urtze azkartu hori dago, hain zuzen ere, pasa den uztailaren 5ean, Dolomitetan izandako ezbeharraren atzean. Marmolada glaziarraren zati bat jausi egin zen eta hamaika pertsona hil ziren luiziaren ondorioz. Egun haietan, Dolomitetan hamar graduko tenperaturak izan ziren. Glaziarra bi puntutan hautsi zen eta ia 300 metroko zabalera zuen elur-jausia sortu zuen. Veneto eskualdeko Luca Zaia presidenteak 70 solairuko eraikin baten erorketarekin konparatu zuen erauntsia.

Uda aldean, mugimendu handia izaten da Alpeetako inguru naturalean; turismoaren lehen mailako helmugen artean dago. Milaka txangozalek eta mendizalek bisitatzen dute mendikatea, Europako tontorrik esanguratsuenetako batzuk igotzeko asmoz edo paisaiaz gozatzeko ibilbideak egiteko helburuarekin. Mont Blanc, gailurrik altuena, mendikateko izar nagusia da, baita egoeragatik nagusiki kaltetuetako bat ere, gainera; baina ez bakarra.

Aurten, egoerak kezka bizia piztu du. Zientzialariek klima aldaketarekin zuzenean lotzen dituzten glaziarren eta permafrosten (udan izoztuta jarraitzen duen lurzorua) urtzea bezalako fenomenoek bide batzuk arriskutsuegi bilakatu dituzte; izan ere, behin eta berriz gertatzen dira luiziak eta harkaitzen erorketak.

Ohartarazpenak

«Gaur egun, Alpeetan, hamar bat tontorretarako ohartarazpenak daude, besteak beste, Cervino mendia eta Mont Blanc mendi enblematikoetarako», adierazi dio AFPri Pierre Mathey Suitzako Mendi Gidarien Elkarteko idazkari nagusiak.

Normalean, halako itxierak abuztuan gertatzen dira, baina aurten ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran egin behar izan direla azpimarratu du. Egoeraren aurrean, Estatu frantsesaren, Suitzaren eta Italiaren mugen barruan banatzen diren Mont Blancen magalak bisitatzeko ibilbide batzuk erabiltzeari uztea erabaki dute uda honetan urtero milaka mendizale eramaten dituzten gidariek. Gidari alpino italiarrek Facebook-en duten orrialdean jakinarazi dute igoerak atzeratzea erabaki dutela, azken asteetako tenperatura gorakadek eragindako «baldintza bereziki delikatuak» kontuan hartuta.

Suitzan ere, Jungfrau gailur ospetsura ez igotzea erabaki dute bertako gidariek. Horren ondoan, Suitzako Cervino mendi ospetsuko Italiako eta Suitzako isurialdeetako ibilbideak ez erabiltzeko gomendioa zabaldu dute.

Hartu beharreko neurri horiek kolpe latza izan dira covid-19aren pandemiak baldintzatutako azken denboraldien ostean, Ezio Marlier Aosta bailarako (Italia) gidarien elkarteko presidenteak onartu duenez.

Hala ere, jende gehiegik bidaia bertan behera uztea deitoratu du, beste hainbat bidezidor irekita baitaude. «Gauza gehiago egon daitezke, baina Mont Blanc nahi duen jendeak Mont Blanc nahi izaten du», azaldu du.

Muturreko uda

Aurten erritmo bizkorrean urtu diren glaziarretara sartzeak arriskuak ere badakartza. «Glaziarrak udaren amaieran edo geroago egoten diren egoeran daude», ohartarazi du Andreas Linsbauer Zuricheko Unibertsitateko glaziologoak.

Adituaren arabera, zenbait faktorek azaltzen dute uda hau glaziarrentzat «benetan muturrekoa» izatea. Horien artean, neguan elur gutxi bota izana eta Saharako basamortuko hondarra lehenago iritsi izana aipatu ditu, azken horrek elurra ilundu eta azkarrago urtarazi baitu.

Faktore horiei gehitu behar zaizkie Europa maiatzean, ekainean eta uztailean astindu eta glaziarren urtzea bizkortu zuten bero boladak.

Uztailean Marmoladako glaziarreko (ipar-ekialdea) bloke handi bat askatu zenekoa dago guztion buruan. Tenperatura altuen ondorioz, izotz geruzaren azpian ura pilatu eta gailurraren ezegonkortasuna areagotu zen. Arestian esan bezala, luiziaren bezperan 10 °C izan ziren gailurrean.

Fiskaltza gertaeran bestelako ardurarik dagoen ikertzen ari bada ere, duela hogei urtetik glaziarra aztertzen ari den Marmolada ikertzeko lantalde glaziologiko-geofisikoko ikertzaileek nabarmendu dute Dolomitetako mendi nagusian erori aurretik berehalako kolapsoaren zantzu nabarmenik ez zegoela.

«Mendiak erabakitzen du»

Ikertzaileen iritziarekin bat datoz glaziologo batzuk. Horrelako erorketak aurreikustea ia ezinezkoa dela ziurtatu dute. Zehaztu dutenez, glaziarrak etengabe mugitzen ari dira eta sentsoreek ezin dituzte elur-jausiak aurreikusi.

Mylene Jacquemart Zuricheko Eskola Politekniko Federaleko glaziarretan espezialistaren ustez, Marmoladako glaziar bloke erraldoiaren amiltzeak inkognita batzuk ditu oraindik. «Baina, oro har, ura zenbat eta gehiago urtu, orduan eta zailago eta arriskutsuago bihurtzen da egoera».

Pierre Mathey bat dator analisi horrekin. «Ur poltsa hauek, aldi luzeetan eta tenperatura oso altuetan, arrisku gehigarria dira, ez direlako ikusten», esplikatu du.

Halere, gidariek ibilbide alternatiboak aurkituko dituztelakoan dago. «Erresistentzia mendi gidariaren DNAn dago, baita moldagarritasuna ere», adierazi du adituak. «Mendiak erabakitzen du, ez gizakiak», nabarmendu du.