naiz

Carmen Calvoren agerraldia eskatu du EH Bilduk, Borboiren ihesean Gobernuak duen ardura argitzeko

EH Bilduren ustez, Juan Karlos Borboikoaren ihesa «Espainiako monarkiaren benetako izaera ustela eta antidemokratikoa ezkutatzea helburu duen operazioa da». Horregatik, ERCrekin batera, Espainiako Gobernuko presidenteordeari presazko agerraldia eskatu dio errege espainiarraren erabakiak Gobernuak izan duen erantzukizuna agertu dezan.

Mertxe Aizpurua, EH Bilduren bozeramailea Kongresuan. (EH BILDU)
Mertxe Aizpurua, EH Bilduren bozeramailea Kongresuan. (EH BILDU)

Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramaileak Espainiako Kongresuan adierazpenak egin ditu Juan Karlos Borboikoaren ihesaren inguruan. «Bera badoa, baina Felipe eta monarkia geratu egingo dira. Espainiako monarkiaren benetako izaera ustela eta antidemokratikoa ezkutatzea helburu duen operazioa da. Juan Karlos Borboikoaren ihesaren helburua Felipe VI-a, Espainiako monarkia, 78ko erregimena eta Juan Karlos Borboikoa 'ikur' den trantsizio okerraren benetako funtsa babestea da», esan du.

Ildo horretan, astearte goizean, Carmen Calvo presidenteordearen presazko agerraldia eskatu du indar subiranistak ERCrekin batera, Espainiako Gobernuak Juan Karlos Borboikoaren ihesean izan duen erantzukizuna argitu dezan eta gertakari horren inguruan Espainiako Gobernuaren eta Errege Etxearen artean izandako negoziazioen berri eman dezan, ustelkeria-delituen, zerga-ihesaren eta kapital-zuriketaren akusazioak daudela kontuan hartuta.

EH Bilduren ustez, Espainiako monarkiari bere pribilegioei eusteko eta Justiziari konturik eman gabe eta azalpenik eman gabe ihes egiteko aukera ematen ari zaio. Honela azaldu du Aizpuruak: «Ustelkeria delitu oso larriez ari gara, hala nola ihes fiskala, kapitalak zuritzea eta paradisu fiskaletan dirua mugitzea. Delitu oso larriez ari gara, eta beste edozein herritarrek egin izan balitu, kartzelan legoke».

Aizpuruaren aburuz, horrelako erabakiek Espainiako monarkiarekiko arbuioa areagotzen dute, eta ez soilik Euskal Herrian. Horregatik, herritarrei zuzenean zein Estatu eredu nahi duten galdetzeko unea dela defendatu du.

Zentzu horretan, Aizpurua harrituta agertu da Espainiako Gobernuaren gehiengoak egungo erregearen ustezko eredugarritasunari eta gardentasunari heldu diolako berriz ere, «ezer gertatu ez balitz bezala egiteko». EH Bilduko ordezkariak ziurtatu du «Juan Karlos Borboikoaren irudia sakrifikatzeko eta monarkia salbatzeko» Estatu operazio bat dagoela atzoko erabakiaren atzean: «Felipismoaren mitoa 'eredugarritasunetik' eraikitzen saiatzen dira, juankarlismoaren aurrean».