Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
Gatibu
Musika taldea

«Musikarik gabe ez da bizimodu duinik egongo»

Bi hamarkada bete dituzte oholtzaren gainean. Karretera utzi eta konfinamendutik disko eta oihu batekin atera da Gatibu; «Musikak salbatuko gaitu».

Gatiburen diskoaren aurkezpena: «Musikak salbatuko gaitu». (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Gatiburen diskoaren aurkezpena: «Musikak salbatuko gaitu». (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Ez da urte bete pasa elkar ikusi genuenetik, hamar hilabete eskas, baina zein urruti dirudien… 2020. urte trakets honetan bizitza beste erritmo batera doa; aldizka mantso, aldizka ziztu bizian. Beti, arraro. Otsailaren erdian, Bilboko Miribilla kiroldegian, aurten oholtzan eta errepidean daramatzaten bi hamarkada bete dituztela ospatzeko, Gatibu taldekoek martxoaren 28rako prestatu zuten kontzertu erraldoia aurkeztu zuten. Gu, horren lekuko. Orduan argitaratu genuen albistearen izenburua; «Gatibu: ‘Euskaraz kontzertu masiboak egin daitezkeela frogatu nahi dugu’». Irakurtzeak soilik malenkonia puntua sortzen du.

Azaroko egun argitsu eta hotz honetan –eguraldia antzekoa zen otsailean; hau ere, zein arraroa–, Alex Sardui (ahotsa), Haimar Arejita (gitarrak) eta Gaizka Salazarrekin (bateria) egin dugu hitzordua Gernikan. Falta da Mikel Caballero (baxua). Tabernarik ezean, kafea banku batean hartu –zein azkar hedatu den ohitura hau– eta, ondoren, Europako Herrien parke ederreko bidea hartu dugu, toki lasai baten bila. Haize ezkutuan, bankuaren bueltan. Pandemian garaian, elkarrizketa guneen aniztasunaren beste adibide bat.

Rock-aren munduan dabiltzanak ohituta daude, esaten diot nire buruari, lau izarretako suite zein parke bateko banku ziztrin batera. Eta Gatibukoek, milaka kilometro daramatzate bizkarraren gainean. Ospakizun, dantza eta festez beteta behar zuen egon urtea, planeta osoari bezala, aldapaz gora jarri zitzaion rocka euskaraz eta bizkaieraz sustraitu duen talde sendo eta beteranoari. Emultsionatzaile bat bezala jokatu izan balu bezala, pandemiatik disko batekin atera da Gatibu. Zauriak miazkatzeko musika sortzea bezalakorik ez omen dago; streaming-eko kontzertuen ostean, orain hirukote akustiko formatuan ari dira kontzertu txikiak ematen, egoerari eta aurrekontuei egokitua.

‘Musikak salbatuko gaitu’, gaur salgai jarri den izenburu esanguratsuko diskoa, bitxikeria bat dela esan daiteke, berezia oso Gatiburen diskografian. Edukien aldetik, aldarri bat da, musikaren garrantziaren aldarrikapena (kreatiboa, ekonomikoa…); egituragatik, «freskoa eta pausatua». Bost kanta berri sortu dituzte Tarragonan grabatutako lan honetarako; seigarrena ‘Bixotzez’ da, 20. urteurrenerako aurretik egin zutena; «Ahotsak urratute, atzamarrak bixortute, baina bixotza bizi-bizirik dekogu», dio kantak. Eta guk ‘amen’ diogu, Gatibuk, beti bezala, hankak dantzan jartzen dizkigun bitartean.

Urte nahasia da aurtengoa, atzerapenez betea. Miribillakoa, azkenean 2021eko azaroaren 13era; Euskaldunakoa, urtarrilaren 9ra... Ez dakit zein motako irakaspenak atera ditugun, agian pazientzia behar dugula izan?
Haimar Arejita: Pazientzia izatea derrigorrez inposatu zaigu, guztioi. Pazientziarik ez badaukagu, gaizki pasatuko dugu. Beste alde batetik, orain atera dugun diskoa apur bat konfinamenduak bultzatutakoa izan da, beste hainbat eta hainbat artistei gertatu zaien bezala. Talde askori irakurri diet: «Ez daukagu beste zereginik, eta zer egingo dugu? Kantuak egingo ditugu». Guk oso azkar prestatu ditugu kantuak, nahiz eta gutxi izan. Orduan, erabili dugu daukagun denbora hori sortzeko, zeren nahiko denbora izan dugu aurre egiteko denbora geldi honi. Izoztuta egon beharrean edo pausen, animatu egin gara, nahiz eta zalantzak izan, zeren ez dakizu zer pasako den. Labea martxan jarri eta aurrera bota.
Alex Sardui: Egia esan, gure sektorean horrelako gauzak gainditzen ikasi dugu, zeren beti kultura apurtxo bat aurrera joaten da, ez duelako osagai ekonomikoa bakarrik. Ez da erraza izan, inork ez baitaki egoera nolakoa izango den. Orduan pausoz pauso zoaz, baina ez dakizu horiek ziurrak ote diren.

Zalantza da ea zuzenekoak lehengora bueltatuko diren. Ez dago jakiterik, baina garrantzi handia du zuentzat, esaterako.
Gaizka Salazar: Zuzenekoak, gu jotzen eta jendea besarkatzen, dantza egiten, katxia partekatzen... gauzak horiek ez dakit nik itzuliko diren.
H.A.: Gauza horiei ohituta gaude eta guk hori bakarrik ezagutzen dugu. Beste gauza bat egin behar bada, egokituko gara, baina orain mementoz guri  gorputzak eskatzen diguna da lehengora bueltatzea.
A.S.: Euskal Herria eta euskaldunak beti, ez nuke parranderoak esango, baina bai sozialak garela oso.

Guzti hau gertatu da diskoen salmentaren krisi latzean. Zuzenekoak ziren musikako sektorearen elikagaia. Zuzenekoetatik bizi zaretelako zuek ere, ezta?
H.A.: Ehuneko ehun. Baina egia da gu zortedunak izan garela eta gure inbertsioak diskoen salmentatik atera izan ditugula. Eta ez da gutxi.

Azken hamarkadetan asko aldatu da merkatua eta publikoa.
A.S.: Kontsumitzeko era ere. Gu digitalean sartu ginen eta begiratu nola dagoen egoera.
G.S.: Orain kontsumitzen da bat batekoa dena. Gaur gauza bat, bihar beste bat. Halere, guk jarraitzen dugu diskoak egiten, badaudelako taldeak bakarrik singleak egiten dituztenak, eta horrekin egoten dira hilabete batzuk, gero beste abesti bat eta horrela. Guk diskoen apustuarekin jarraitzen dugu, nahiz eta apurtxo bat laburragoak izan. Eta ez da gutxi gaur egun. Baina bai, kontsumitzeko era, batez ere gazteena, horrelakoa da.
H.A.: Gazte askok diskoa zer den ere ez dakite, hau da errealitatea. Gu erromantiko batzuk gara eta oraindik fisikoan atera nahi dugu gustatzen zaigulako diseinu bat edukitzea.
A.S.: Lan artistiko bat dagoela atzean erakustea.

Literaturan ikusi da irakurleak Amazonen aurka jarri direla eta liburu-dendak babesteko jarrera aldaketa baten antzeko zerbait sortu dela. Ez dakit musika munduan horrelako zerbait sortu daiteken, askoz sektore globalizatuagoa delako?
H.A.: Egia da konfinamenduan disko salmentarik apenas ez dela egon, plataforma digitaletan kontsumitzen zen. Gu orain gaude adi, ea jendea nola doan erosten, eta zer edo zer badabil mugitzen. Aurresalmenta  jarri genuen abian orain dela aste batzuk eta ondo mugitzen ari da.
G.S.: Nik uste dut egon behar dela horrelako hartu-eman bat. Esan nahi dut, kulturan, eta gure kasuan, musikan, beti behar izan denean prest egon garela eta hor egon garela gure musikarekin ahal dena egiten eta laguntzen. Eta nik uste dut mementoa iritsi dela harreman hori egoteko, bai publikoarekin bai entitate publikoekin, gobernatzen dutenekin… Guk badakigu gure publikoa hor dagoela, eta eskerrak, baina harreman hori ikusten dugu beharrezkoa.

Musikaren sektorea egoera latzean dago, pandemiaren eraginez. Hor Alerta Gorria izeneko teknikarien mugimendua.
A.S.: Hau enpresa bat da, diru-laguntzarik gabe; %21ko BEZA, PFEZ %20a, eta sozietate-zerga. Hori da dagoena.
G.S.: Taldean lau gara, baina kontzertuetara hamabi lagun goaz. Eta gure teknikariak ez daude lanean. Guk jarraitu dugu sortzen, grabatu dugu disko bat, baina denbora guzti horretan haiek geldi egon dira. Saiatuko gara ahal den neurrian haiek gurekin kontzertuetara eramaten, baina beti ezin da.
H.A.: Nik uste dut hau etorri dela, hein handi batean, lehen egoera prekarioa zelako. Gure sektorean egon da hondamendi bat eta orain ikusten da zein laguntza gutxi dagoen.

Tarragonako Lacasamurada estudioetan zortzi egunetan grabatu duzue ‘Musikak salbatuko gaitu’. Agian lelokeria bat esaten ari naiz, baina «Katalunia-konexion» antzeko bat sumatzen dizuet; ekoizlea Ricky Falkner ospetsua da (Love of Lesbians-eko partaidea), diskoaren azala, ederra oso (mezu ekologikoa eta guzti), Diego Mir eta Dani Requeni balentziar diseinatzaileena.
H.A.: Egia esan gero eta lotura handiago dugu Kataluniarekin. Aurreko ekoizlea ere katalana zen. Konexio piloa ditugu katalanegaz... eta katalanez ez daukagu puta ideiarik (barreak).
G. S.: Ricky Falknerren lana oso gustukoa dugu. Oso fina da,  eta luxu bat izan da berarekin lan egitea.

Musikak salbatuko gaitu, benetan?
A.S.: Ez dago besterik. Hemen zoratu baino lehenago, musikak salbatuko gaitu.
H.A.: Hau musikaren aldarri bat da, zeren zer egingo genuke musikarik gabe gizarte moduan edo pertsona norbanako moduan? Alexek esan duen moduan, zelan egongo ginateke bi hilabete eta erdi musikarik gabe? Musika bizitzarako beharrezkoa da, bizitza duina eramateko. Musikaren onurak ez dira zerbait estrategiko bezala ikusten edo garrantzia izango balute bezala, beti kentzen ari zaio, baina musika beharrezkoa da. Eta salbatu gaitu konfinamendutik eta salbatuko gaitu horrelako egoerak dauden guztietan edo egoera txar bat dagoen bitartean, edo triste gaudenean... Etxean zerbait ospatu nahi den bakoitzean zer egiten da? Musika jarri, baita bazkari edo afari batean lagunekin gaudenean ere.

Egile askok, esparru desberdinetakoak, diote konfinamendua izan dela oso garai bat  emankorra, etxeko bakardadean sartuta egon direlako.
A.S.: 70 metro karratuko etxe batean ume birekin sartuta bi hilabete t’erdian sortuko duzu nik esaten dizudana! Ezta siesta garaian ere!
H.A.: Gu maiatza-ekainetik hasi gara serio serio konposatzen eta, beraz, nahiko labur joan da prozesua. Diskoa entseatu gabe eraman dugu. Normalean jendeak entseatu egiten ditu kantak grabatu aurretik, baina guk ez dugu entseatu bakar bat bez.
G.S.: Eta oso azkar etorri denez dena, oso fresko gelditu zaigu diskoa sonoritatearen aldetik. Tarragonara joan gara bakoitzak etxean entzundakoaren arabera; kantuak Haimarrek eta Alexek etxean landu dituzte, baina talde moduan ez dugu entseatu. Orduan, izan da hara joan eta bakoitzak jo. Nik ere esango nuke diskoak heldutasuna eta freskotasuna batzen dituela; zeren freskoa da, ez dugulako entseatu, eta heldua da, hara joan eta bat batean kantu bat grabatu dugu lauron artean grabatzeko eta pun… atera da.