NAIZ

Euskarazko lehen kode-poesia antologia argitaratu du PuntuEus Fundazioak

2019-2020 urteen bitartean kode-poesia laborategiaren bitartez jasotako ekarpenak biltzen ditu PuntuEus Fundazioak argitaratutako liburuxka digitalak. Azaroaren 30etik aurrera irakurri, kontsultatu eta eskuratu daiteke doan www.kodepoesia.eus webgunean.

Euskarazko lehen kode-poesia. (PuntuEus)
Euskarazko lehen kode-poesia. (PuntuEus)

Euskarazko lehen kode-poesia antologia argitaratu duela jakinarazi du PuntuEus Fundazioak. Azaldu duenez, 2019-2020 urteen bitartean kode-poesia laborategiaren bitartez jasotako hamar egileen ekarpenak biltzen dituen liburuxka digitala da. Phyton, Java, Bash scripting edota HTML lengoaietan idatzitako poesiek osatzen dute antologia.

Kode-poesia programazio lengoaiak erabilita idazten den olerki mota bat da. Sortutako olerkia, olerkia izateaz gain, funtzionatzen duen programa bat izan daitekeela azaldu du fundazioak, «baina ez da beharrezkoa». «Olerkiak duen muga bakarra aukeratutako programazio lengoaiaren sintaxia da, lengoaia bakoitzak bere berezitasunak dituelako: formatu arauak, funtzio berezidun hitzak, etab», gehitu du.

«Osagai guzti horiek hartuta olerkiak osatzen dira eta, gainontzeko olerki generoetan bezala, edozein gairen ingurukoak izan daitezke. Programazio lengoaiek erabiltzen dituzten hitz gakoak normalean ingelesetik mailegatzen direnez, orain arte egin diren kode-poesiak ingelesez idatzi dira gehienbat. Hala ere, edozein hizkuntzatan idatzi daitezke, euskaraz ere bai. Horretarako sortu da kode-poesia laborategia; sorkuntza eremu digitalean sustatzeko», azaldu du PuntuEus-ek.

Hori lantzeko, PuntuEus Fundazioak 2019ko irailean abiatu zuen euskarazko lehen kode-poesia laborategia www.kodepoesia.eus webgunean bitartez. Euskarazko literatur sorkuntza digitala sustatzea helburu duen proiektua da, horregatik kode-poesia laborategia esperimentaziorako gune irekia da. Kode-poesia laborategian literaturak eta eremu digitalak bat egiten dute. Parte hartzea sustatu aldera, PuntuEus Fundazioak Bertol Arrieta idazle eta informatikariak gidatutako kode-poesia ikastaroak eskaini zituen udazkenean Bilbon, Gasteizen eta Donostian.