NAIZ

Adimen artifizialak dituen aplikazioak aztertuko dituzte asteburuan Araba Encounter 07an

Adimen artifizialaren aplikazioak aztertuko dituzte asteburu honetan izango den Araba Encounter topaketaren zazpigarren edizioan. Doakoa izango da eta 340 plaza birtual eskainiko dira jardueretan parte hartzeko.

Aurtengo edizioa online izango da.
Aurtengo edizioa online izango da.

Adimen artifizialak osasun, enpresa edo hezkuntza arloetan dituen aplikazioak izango dira aztergai larunbatean hasiko den Araba Encounter topaketaren 7. edizioaren prestakuntza atalean. «Hala, abenduaren 5ean eta 6an, mundua eraldatzen ari den gai honi buruzko hainbat lehiaketa eta hitzaldi izango dira», adierazi dute antolatzaileek ohar batean.

Ekitaldiaren heziketa eskaintza osatuko duten hitzaldien artean, hainbat gai jorratuko dira, hala nola ikusmen artifiziala, aurpegiak ordezkatzeko algoritmoak eta teknologia horiek osasun arloan dituzten aplikazioak.

Hitzaldi guztiak doan jarraitu ahal izango dira Twitch plataformaren bitartez, izan ere gaur egungo osasun egoerak online formatuaren aldeko apustua egitera behartu ditu antolatzaileak. Parte-hartzaile guztiak beren etxeetatik jardungo dira eta antolatzaileek, berriz, Arabako Parke Teknologikoan jarriko den kontrol-gunetik koordinatuko dituzte jarduerak.

Topaketa doakoa izango da, 340 plaza eskainiko dira jolas eta prestakuntza jarduera guztietan parte hartzeko. Zehazki, Araba Encounterreko programak 49 jarduera hartuko ditu, prestakuntza- hitzaldiak eta arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta jokoetako lehiaketak barne.

Izango diren hitzaldiak

Hala, Vicomtech enpresako Unai Elordik Ikusmen Artifizialaren eta Adimen Artifizialaren bidez aurpegiak ordezkatzeko algoritmoek nola funtzionatzen duten azalduko du. Halaber, Camp Tecnológico enpresak adimen artifizialeko eta irudi tratamenduko garapenetarako gailu elektronikoen erabilerari buruzko tailerra emango du.

Bestalde, e-ProcessMed enpresako Sebastian Armijos Leonek adimen artifiziala, blockchain edo errealitate areagotua erabiltzen duten tresnak aztertuko ditu. Teknologia horiek osasuna hobetzeko diseinatuta daude; adibidez, gaixotasun baten diagnostiko zehatzagoa egiteko edo ospitaleko egonaldia erosoagoa izateko.

Eta adimen artifizialarekin eta Araban garatzen ari diren datu analisiarekin lotutako proiektuak ezagutzeko, Data Value Management aholkularitza enpresako Borja Balparda de Marcok errealitate bihurtzear dauden ekimen erakargarrienak aztertuko ditu.

Topaketa Euskaltel Fundazioak antolatu du, Arabako Foru Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren laguntzarekin.