NAIZ

20 urte bete ditu Wikipediak, euskaraz idatzitako 360.000 artikulu baino gehiagorekin

Wikipediak, munduko online entziklopedia askerik handienak, 20 urte betetzen ditu ostiral honetan. Proiektu kolaboratibo erraldoi honek 300 hizkuntza baino gehiagotan irakur daitezkeen 55 milioi artikulu eskaintzen ditu egun. Euskaraz, eta euskarari, eginiko ekarpena, zinez oparoa da.

20 urte betetzen ditu gaur Wikipediak. (Daniel LEAL-OLIVAS/AFP)
20 urte betetzen ditu gaur Wikipediak. (Daniel LEAL-OLIVAS/AFP)

Bere horretan, fenomeno bat bilakatu da Wikipedia. Gaur ospatzen duten hogeigarren urteurrenaren harira eman dituzten datuak errepasatzea besterik ez dago hortaz jabetzeko: 300 hizkuntza baino gehiagotan idatzitako 55 milioi artikulu baino gehiago dauzka, hilabetean 280.000 boluntariok egiten dute edizio lana, minutuko 350 aldiz editatzen da eta segunduko 8.000 aldiz baino gehiagotan irakurtzen da, Wikipediaren estandarrak betetzen ez dituzten edizio gehienak (bandalismo deitutakoak) gertatu eta 5 minutura konpontzen dira...

Hizkuntzari dagokionean ere, badaude hainbat datu deigarri. Izan ere, munduan hiztun kopuru handiena duen hizkuntza ingelesa izaki, pentsa liteke artikulu gehienak hizkuntza horretan idatzita daudela. Baina ez. Wikimedia Fundazioaren datuen arabera, Wikipediako artikuluen %89 ingelesez besteko hizkuntzetan idatzita daude.

Euskarak ere toki nabarmena du Wikipedian, 369.099 artikulu baitaude gure hizkuntzan idatzita. Nolanahi ere, alde kuantitatibotik harago, kualitatiboki azpimarratu beharreko lana ere egin baita Euskarazko Wikipedian: eduki gehiago sortzeko edota aurrez sortuta zeudenak zabaltzeko egiten den lanaz aparte, txikienei zuzendutako Txikipedia bezalako proiektuak garatu dituzte.

Beste alde batetik, pandemiak aurrekaririk gabeko igoera eragin zuen Wikipediaren eguneroko trafikoan eta medikuntzako profesionalek covid-19ari buruz zeukaten jakintza zabaltzeko plataforma gisa erabili zuten. Osasunari eta koronabirusari buruzko informazio fidagarria eskaintzeko anbizio horren baitan, Osasunaren Mundu Erakundearen lankidetza hitzarmena sinatu zuen Wikipediak 2020ko urrian.

Hortaz, urte hauetan guztietan garaian garaiko erronkei eta beharrei egokitzen jakin izan du Wikipediak, modu kolaboratiboa atzean utzi gabe, eta horrek erreferentzia eta eredu bilakatu du.